EAJk eman du Urkulluren ordezkoaren izena: Imanol Pradales. Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura diputatua da Euzkadi Buru Batzarrak oinarriei proposatuko dien lehendakarigaia. Astelehenean egin behar zuen bilera EBBk hautagaiari buruzko prozesua abiarazteko, baina, atzo hedabideek Urkulluk ez zuela jarraituko zabaldu ondoren, EAJko zuzendaritzak ohiz kanpoko bilera egin du gaur, eta espekulazioen jokoa moztu nahian, bere apustua jakinarazi du: Imanol Pradales (Santurtzi, Bizkaia, 1975).
Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da Pradales; hango irakaslea den arren, 2007tik dago lan baimenarekin. Ibilbide politikoa Bizkaiko Foru Aldundian egin du. 2011n, Ekonomiaren sustapeneko diputatu izendatu zuen Jose Luis Bilbao orduko ahaldun nagusiak, eta, 2015ean, Lurralde garapen eta azpiegituren saila hartu zuen, gaur arte. Azken hilabeteak, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren taldean egin ditu. Hirueleduna da.
Lau anai-arreben artean zaharrena da. Mamarigako auzoan hazi zen, Santurtzin. Haren ama eta aita egun berean afiliatu ziren EAJn, 1976an. Pradalesek badu beste datu bat bitxia, Urkulluren erreleboa dela ezagutu denetik bederen: Urkullu bera irakasle izan zuen Asti-Leku ikastolan OHOko bosgarren mailan eta seigarrenean.
Ikusi gehiago
Euzkadi Buru Batzarrak ohar batean zabaldu du gaur goizean «ezohiko bileran» batzartu dela «Lehendakaritzarako, Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hautagaitzak aukeratzeko barne hauteskunde prozesuak abiarazteko». Atera dira, dagoeneko, estatutuen arabera Herrialde Buru Batzarrei bidali beharreko komunikazioak, «baita hauek Uri Erakundeetara bidali behar direnak ere», EEBren esanetan. Beraz, gaurtik eta urtarrilaren 20ra bitarte garatuko den prozesua jarri dute martxan. «Imanol Pradales Gil izango da EBBk proposatzen duen Lehendakarigaia», dio jeltzaleen oharrak.
Belaunaldi berrientzako garaia
Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek esan du «Urkullu Lehendakariak azken hiru legealdi hauetan egin duen lan eskerga eskertzen eta aintzatesten» duela EBBk. «Ia hamabi urteko konpromiso eta dedikazioa izan dira, Euskadiren alde eta bere gobernuan, beti herritargoaren onbeharrez eta krisi ekonomikoek, pandemiek eta nazioarteko zein gure gizarteko gatazkek konplikatu dituzten garaietan. Gure alderdiak oso modu positiboan baloratzen ditu bere jarduna eta gure autogobernuaren goi ordezkaritza».
Ikusi gehiago
Balorazioak balorazio, EAJk norabidea aldatzea deliberatu du, eta ez da arriskurik gabea aldatzearen alde egitea hiru legegintzaldi bete dituen lehendakari bat baztertuta. Oraindik ez dute jakinarazi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren, baina oso zabaldua dago Urkulluk deialdia aurreratuko duela —hark bakarrik deitu dezake hauteskundeetara— eta martxoan izan daitezkeela, ekain hasieran egingo diren Europako Parlamenturako bozekin batera egin ez daitezen. Espainiako Estatu osorako den deialdi horretatik bereiztea litzateke bozak aurreratzearen arrazoia, baina, aldi berean, aukera horrek epeak asko estutu dizkie alderdiei. Pradales Bizkaian da Araban eta Gipuzkoan baino ezagunagoa, eta EAJk ez ditu hilabete askorik izango hautagaia gizarteratzeko.
Ortuzarrek helarazi du «epe ertain eta luzera begiratuz» hartu duela EAJren zuzendaritzak Urkulluri erreleboa jartzeko erabakia. «Urkullu lehendakariak eta bere gobernuak utzi diguten asebetetze oinarri handiarekin, EBBk ulertzen du garai egokia dela belaunaldi berri bati bidea irekitzeko», idatzi du. EBBko presidenteak uste du belaunaldi horrek «datozen hamarkadetan euskal erakundeak gobernatu» ahal izango dituela, «gure herriarentzat planteatzen diren ziurgabetasun eta aukerez betetako garaiak datozela ikusirik».
«Urkullu lehendakariak utzi digun asebetetze oinarri handiarekin, EBBk ulertzen du garai egokia dela belaunaldi berri bati bidea irekitzeko».
ANDONI ORTUZAREAJko presidentea
Belaunaldi hori gorpuzten du EBBk lehendakaritzarako proposatu duen hautagaiak, Pradalesek alegia. Egungo Bizkaiko Azpiegitura diputatua Santurtziko Uri Erakundeko alderdikidea da, eta, EBBren ustez, «sobera erakutsi du kudeatzeko gaitasuna». Hala, EAJk «azken hamar urteotan garatu dituen hausnarketa eta berrikuntza prozesuetan egin duen ekarpenek bihurtu dute» alderdi barruko eta kanpoko «errealitate politikoaren aditu».
EBBk alderdikide «guztiak» deitu ditu dagoeneko abiarazi duten prozesuan parte hartzera. «Alderdiaren etorkizunak, baina batez ere Euskadiren etorkizunak, gure alderdikideen inplikaziorik gorenena eskatzen dute», dio EBBren oharrak. «Ziur gaude hala izango dela eta urtarrilaren 20tik aurrera lantalderik onena izango dugula», ziurtatu du Ortuzarrek, «Euskadiren onerako ideia eta proiekturik onenekin, ilusiorik handienarekin eta gogotsu proiektu guztiak errealitate bihurtzeko, gure herria bizitzeko tokirik onena izan dadin».