Imanol Pradales hautatu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari

EAJ eta PSE-EEko kideen 39 boto jaso ditu Pradalesek, eta Pello Otxandiano EH Bilduko hautagaiak 27. Jaurlaritzako zortzigarren lehendakaria izango da.

Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 20a
19:15
Entzun

Iritsi da. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatu berri dute: Imanol Pradales jeltzalea izanen da. EAJ eta PSE-EEko kideen 39 boto jaso ditu; beraz,  gehiengo osoz hautatu dute. Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak, berriz, 27 boto jaso ditu, koalizio abertzaleko kideenak. PP, Sumar eta Vox alderdiko kideek ez dute hautagai horietako bakar baten alde egin. Larunbatean Gernikan hartuko du kargua lehendakari berriak; Iñigo Urkulluk aginte makila emanen dio.

Goiz-goizetik hasi da inbestidura saioa, eta bi eredu aurrez aurre jarri dituzte hautagaiek, jakinda azkenerako EAJko lehendakarigaiak hartuko duela aginte makila. Edonola ere, Otxandiano hasi da, eta salatu «ezinezkoa» zela programari buruz eztabaidatzea, EAJk eta PSEk ez dutelako azaldu euren programa: «Hau ez da tramite hutsa», esan du. Koalizioko hautagaiak ziurtatu du «herri hau bidegurutze batean» dagoela: «Eraldaketa garaia da, arnasa berri batena, herri proiektu eta gobernantza eredu berri batena».

Pradalesek, berriz, hasi bezain laster esan du «Euskadi herrialde paregabea» dela. «Aurrera egiten asmatu dugu, azken urteetako krisiak krisi. Ongizatean aurrera egin dugu, kalitatezko enpleguarengatik anbizioa dugulako, baina badago bere errealitatearekin kezkaturik dagoen jendea». Hori horrela, ezin da ez ikusi egin, EAJko hautagaiaren esanetan. Nolanahi ere, EAJko hautagaiak esan du «hona ekarri gaituen norabidean» jarraitu behar dela, «desberdinen arteko elkar ulertzea eta adostasuna» oinarri hartuta. Goizean zeresana eman du Iñigo Urkulluk ere, gaur arte Jaurlaritzako lehendakari izandakoak, Otxandianok hitzaldia bukatzean sartu baita osoko bilkurara.

Bakoitzak ordu eta erdi izan du bere proposamena aurkezteko, eta bi orduko etena egin dute gero. Hitzaldiak entzun eta gero, ordu erdiko tartea izan dute alderdi guztiek –Vox eta Sumarrek hamabosna minutu– proposamen horiez mintzatzeko. 14:30ean hasitako saioan, alderdi guztiek, PSE-EEk izan ezik, erran dute jeltzaleek aurkeztu duten «eredu berria» aurrekoaren jarraipena bertzerik ez dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.