Imanol Pradales eta Pedro Sanchez bildu egingo dira ostiralean, Ajuriaenean

Pradales Jaurlaritzako lehendakari denetik elkartuko diren lehen aldia izango da. Lehendakariaren helburuetako bat da «itun historiko bat» egitea, eskualdatu gabeko eskumen guztiak Jaurlaritzak bereganatu ditzan.

Imanol Pradales lehendakaria, atzo, Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordearekin. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Imanol Pradales lehendakaria, atzo, Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordearekin. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko uztailaren 23a
14:15
Entzun

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ostiralean bilduko dira Gasteizko Ajuriaenea jauregian. Pradales lehendakari denetik elkartuko diren lehen aldia izango da. Izan ere, lehendakari kargua hartu zuenean, ekainean, Pradalesek iragarri zuen Sanchezekin biltzea izango zela haren «lehentasunetako bat», erabakitzeko nola eskualdatu Gernikako Estatutuan aurreikusitako eskumen guztiak.

Pradalesen helburuetako bat «itun historiko bat» egitea da, eskualdatu gabeko eskumen guztiak Jaurlaritzak bereganatu ditzan. Gainera, PSOEk eta EAJk hori bera adostu zuten iazko azaroan, Sanchez Espainiako Gobernuko presidente hautatzeko egindako hitzarmenean. Zehaztu zutenez, 2025aren amaiera baino lehen eskualdatuko dituzte eskumen guztiak.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bilera gehiago ere egingo dituzte eskumenak eskualdatzearen inguruan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak gaur jakinarazi du uztailaren 30ean bilduko dela Angel Victor Torresekin, Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroarekin. Bi gobernuen arteko bitariko batzorde iraunkorra «ahal bezain azkar» martxan jartzeko eskatuko dio Ubarretxenak Torresi; batzorde hori arduratuko da eskumenen eskualdaketen jarraipena egiteaz.

Horrez gain, eskualdaketen egutegiaz ere jardungo dute, Jaurlaritzako eledunak azaldu duenez. «Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko agintaldian bidalitako zirriborro bat du esku artean [Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko] Ministerioak, baina oraindik ez dugu erantzunik edo kontraerantzunik jaso», azaldu du Ubarretxenak. Gogorarazi du sei eskumen daudela «zintzilik», eta nabarmendu du kostaldearen gaineko ardura dela horietako bat.

Ertzaintza dela eta

Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bilerak ez dira eskumenei buruzkoak soilik. Esaterako, Bingen Zupiria Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa bihar bilduko dira Madrilen, Ertzaintzari buruz jarduteko. Jaurlaritzaren bozeramaileak zera esan du gaur: «Segurtasunari buruzkoa izango da bilera, eta hemendik aurrera Ertzaintzak egin beharko dituen funtzio batzuei buruzkoa».

Bien bitartean, Imanol Pradales gizarteko eragileekin bilerak egiten ari da oraindik. Gaur arratsaldean Eva Ferreira EHUko errektorearekin, Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitatekoarekin eta Bixente Atxa Mondragon Unibertsitatekoarekin bilduko da. Bihar, berriz, Confebask patronaleko buruekin. Bilera horrekin burututzat joko du bilera sorta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.