Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Ajuriaenean elkartu dira gaur. Ez dago aurreikusita inork adierazpenik egitea. Halere, Jaurlaritzako iturriek erran dute «giro zintzo eta errespetuzkoan» egin dela bilkura, eta bi agintariak lankidetzarako prest agertu direla. Gainera, Pradalesek Zumetaren grabatu bat oparitu dio Sanchezi, Gernikako Arbolaren urtadarra erakutsi, eta haren erranahia azaldu.
Jakinarazi dutenez, hainbat gai izan dituzte hizpide, hala nola egungo egoera politiko eta ekonomiko orokorra, Europako eta nazioarteko egoera, azpiegiturak, biziberritze demokratikoa, euskara eta autogobernua. Hain zuzen, Pradalesek iragarri zuen Gernikako Estatutua betetzeko eskumenen transferentziak izanen zituztela hizpide. Izan ere, Sanchezek hitzeman zuen transferentziak bi urteko epean beteko zituela, «luzapenik» gabe.
45 urteren ondotik, hamaika eskumen daude oraindik eskualdatzeko: erraterako, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak martxoaren 11n sinatu zuten aldirietako trenen, migrazio aferen eta tituluen homologazioen eskumenak eskualdatzeko ituna. Joan den ortziralean bertan, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak behin-behinean eten zuen atzerriko tituluen homologaziorako eskumena Eusko Jaurlaritzari eskualdatzeko bidea. Jaurlaritzak ez du ontzat jo erabaki hori: izan ere, bertako iturriek jakinarazi dute «Euskadin profesionalki garatu» nahi duten berrehun herritarrek jada egina dutela titulua homologatzeko eskaria. Eta, hortaz, «lehentasuntzat» jo dute behin-behineko erabaki horrek berrehun pertsona horien proiektuak ez gelditzea.
Bi ordu iraun du Pradalesen eta Sanchezen arteko bilerak. Pradalesek kargua hartu zuenetik egin duten lehenbizikoa da, eta berezia izan da bertzela ere, Ajuriaenean hiru bider baino ez baita egon Espainiako Gobernuko presidenteren bat agintean den artean eta unean uneko lehendakariak gonbidatuta. Lehen aldia Carlos Garaikoetxearen garaian izan zen, Adolfo Suarez Espainiako orduko gobernuburua hartu zuenean; bigarrena Patxi Lopezen agintaldian izan zen, PSE-EEk lehendakaritza izan duen aldi bakarrean —ezker abertzalea legez kanporatua zegoen aroan— Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako orduko gobernuburu sozialista Ajuriaenean izan baitzen; eta gaurkoa da hirugarren aldia.
Eta bilera sortek aurrera segituko dute. Ez da ahaztekoa asteazkenean Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak egindako iragarpena: neurriak hartuko dituzte Ertzaintzari eskumen gehiago emateko portu eta aireportuetan. Neurri hori bildua zegoen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatzeko EAJrekin egindako akordioan. Bertzalde, Maria Ubarretxena asteartean da elkartzekoa Anjel Victor Torres Lurralde Politikako Espainiako ministroarekin, autogobernua betetzeko falta diren eskumenei buruz aritzeko. Pentsatzekoa da Sanchezek eta Pradalesek hizpide izan dutela gai hori, baita Espainiako Auzitegi Gorenak atzerriko tituluen homologazioari buruz hartutako erabakia ere, PSOEk EAJrekin adostu zuen eskualdaketari eragiten diona.