Bost hamarkadaren ostean, oraindik ere bada zer kontatu Luis Carrero Blancoren heriotzaren inguruan, eta hala egin du Iñaki Egaña historialariak Ogro operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza liburuan (Txalaparta, 2023). Garai hartako testuingurua, almirantea bahitzeko proiektua eta atentatua ditu hizpide, baina gertatutakoaren inguruko zenbait hausnarketa ere egiten ditu.
Zenbait lan egin dira Ogro operazioaren inguruan. Zer berritasun topatu ditzakegu zure liburuan?
Klasiko bat da Eva Forestek egindako Operacion Ogro lana, baina, garai hartako testuingurua kontuan hartuta, gauza asko ez ziren kontatu. Komandokoek ez zituzten kontatu, eta kontatu zituzten beste gauza batzuk ez ziren egia, despistatzeko esanak baizik. Halere, perspektibarekin begiratuta, agian gauza gehiegi kontatu zituzten. Horren harira, lan honetan, gaur egun kontatu daitezkeen beste kontu batzuk ere azaltzen dira, eta parte hartu zuten kide batzuen izenak ere bai, lehen aldiz.
Oraindik ere zaila da gertatutakoa bere osotasunean azaltzea?
Gauza batzuk historiak xurgatuko ditu betirako, izen batzuk ez direlako inoiz azaldu eta ez direlako azalduko. Halere, Poliziaren eta zerbitzu sekretuen ikerketetatik gauza batzuk atera dira, nahiz eta zailtasunak egon. Bestetik, hainbeste urte pasatu ondoren, protagonistek kontatu dituzte beren gorabeherak. Garai batean, izugarrizko nahasketa egon zen, baina, gaur egun, gertatutakoak bereizi ditzakegu, nahiz eta oraindik ere batzuetan nahasita ageri diren. Izan ere, interes asko daude kontakizunaren borrokari dagokionez. Ez dakit borroka den hitzik aproposena, baina badago kontakizun interesatu bat gauzak nahasteko edo izan ez ziren moduan kontatzeko.
«Interes asko daude kontakizunaren borrokari dagokionez. Kontakizun interesatu bat dago gauzak nahasteko edo izan ez ziren moduan kontatzeko»
Liburuaren tituluan mitoa hitza erabiltzen duzu. Gaur egungo begiradatik ere badu zerbait berezia ekintza honek.
Badaude horretarako zenbait elementu. Toki askotan irakurri dut magnizidioa izan zela, baina nik uste dut tiranizidioa izan zela. Hor mitoaren eraikuntzak izan dezakeen adar bat: diktadura bateko buru baten hilketa gutxi gertatu ziren XX. mendean. Bestetik, ekintza bera. Autoak ez zuen eztanda egin komandokideek uste bezala; gorantz egin zuen, eta horrek ere eman zion nolabaiteko berezitasuna. Imajinario kolektiboan, hilketak baino gehiago, formak hartu du lekua. Eta beste bat izan daiteke liburua bera, Julen Agirre goitizenarekin Eva Forestek eta taldeak egindakoa. Liburuak zarata handia egin zuen, eta Frantzian eta Espainian debekatu zuten.
Zenbait historialarik frankismoaren amaieraren hasieratzat jo izan dute une hura.
ETAk berak pentsatzen zuen Carreroren hilketarekin erregimenari zauri itzela egingo ziotela. Uste zen trantsiziorako bidea jorratuko zela, baina erregimena ez zen ireki, justu kontrakoa. Carreroren ondoren, [Carlos] Arias Navarro izendatu zuten presidente, eta hurrengo hiru urteetan errepresioa lehengoa baino latzagoa izan zen. Beraz, ez zuen trantsizioa azkartu. Gero, Franco hil egin zen, eta 1978an hasiko zen trantsizioa.
Nola definitu daiteke Carreroren figura?
Francoren antzekoa. Estatu kolpea eman zutenetik, eta batez ere II. Mundu Gerratik aurrera, bikote politiko bat izan zen. Francok bere bizitza publikoan behin bakarrik egin omen zuen negar; hain zuzen ere, Carrero Blancoren heriotzaren berri izan zuenean. Carrero izan zen faxismoaren buru inportanteenetako bat; oso atzerakoia, itxia... Gaur egun, haren familiak eta beste zenbaitek zuritu egin dute bere biografia, baina Carrero diktaduraren elementu nagusietako bat izan zen.
«Carrerok sortu zituen [gerra zikin] hori prestatzeko zenbait gune, eta, haren heriotzaren ondoren, azkartu egin zen prozesua»
Liburuaren azken atalean, Carrero gogoratzeko moduei erreparatzen diezu.
Bistan da kontakizunaren borrokaldia ez dela egungo kontuen ingurukoa bakarrik. Gezurra dirudien arren, XIX. mendetik aurrera bataila asko daude, eta badaude liburu edo artikulu interesatuak. Horrek adierazten du beste mota bateko gatazka bat dagoela, gatazka politiko bat. Gatazka politikoaren barruan sortzen dira kontakizun ezberdinak; gehienak, boterearen aldekoak. Esaterako, zergatik dago egun indarrean 1963ko sekretu ofizialen lege bat?
Hura agintean zela jarri ziren martxan lehen talde ultrak euskal gatazkaren testuinguruan.
Gerra zikina, Euskal Herriari dagokionez, Burgosko prozesuarekin hasi zen. Orduan sortu zen Guerrilleros de Cristo Rey. Gero, Triple A deitutakoa, BVE... Zer egin zuten? Frankismoaren garaian inongo aitzakiarik gabe zuzenean egiten zituztenak, ezkutatuago egiten hasi. Carrerok sortu zituen hori prestatzeko zenbait gune, eta, haren heriotzaren ondoren, azkartu egin zen prozesua; are gehiago trantsizioan eta GALen garaian. Esaterako, Carreroren heriotzan zuzenean parte hartu zuten hiru kideetako bik atentatuak jasan zituzten.
Txikia zuen izena Carreroren aurkako ekintza egin zuen komandoak. Baina hori baino gehiago ere bazen Eustakio Mendizabal. Haren figuraz idatzi duzu Txikia. Ur handiak ereiten liburuan (Txalaparta, 2023).
Txikia arlo militarreko burua zen. Hil zutenean, 1973ko apirilaren bukaeran, hain justu Madrildik Bilbora joana zen komandoko kide batekin bazkaldu zuen. Hori izan zen haren azken bilkura. Mendizabalek bere nortasunean biltzen zituen garaiko ezaugarri ugari. Gaztea zenean, familiak seminario batera bidali zuen ikasketak egitera. Hor hasi zen idazten. Gero, seminarioa utzi eta Bilboko lantegi batean hasi zen. Orduan, txanponaren beste aldea ezagutu zuen: langile mundua. Ihes egin zuen Iparraldera. Errefuxiatuekin topo egin eta ETAn sartu zen, arlo militarreko burua izan arte. Orduko ikur nagusietako bat da. Beste mito bat.