Tortura

Iluntasuna argitara

Polizia etxeetan grabatutako irudiak ikusi ahal izan dituzte lehen aldiz 'Garzon protokoloa' aplikatu zieten atxilotu batzuen abokatuek. Irudi horiekin dokumental bat egin du Torturaren Aurkako Taldeak.

Tratu umiliagarria. Sekuentzia honetan, Arkaitz Goikoetxea Madrilgo Guzman el Bueno polizia etxeko ziegatik nola ateratzen duten ikusten da. Guardia zibilek indarrez ateratzen dute, eta makurturik eta postura behartuan eramaten dute beste leku batera. BERRIA / BERRIA.
jokin sagarzazu
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ez daude irudi guztiak, baina baliagarriak izan daitezke inkomunikazio aldian polizia etxeetako ziegetan zer gertatzen den jakiteko. Euskal Herriko hamar gazteren atxiloaldia jasotzen duten bideoak ikusi ahal izan dituzte lehen aldiz euren abokatuek, eta irudi horietaz baliatuta, dokumental bat egin du Torturaren Aurkako Taldeak (TAT). Polizia operazioan atxilotutakoen testigantzak, haien senideen esperientziak, beste operazio batzuetan atxilotu eta torturak salatu zituzten herritarren hausnarketak, abokatuenak, giza eskubideetako adituenak eta beste jaso dituzte bideoan. Besteak beste, dokumentalean parte hartu dute Martxelo Otamendi Euskadunon Egunkaria-ko zuzendariak, Ramon Pique Kataluniako militante independentistak, Jorge del Cura Torturaren Aurkako Koordinakundeko buruak, Ane Ituiño TATeko kideak, Julen Arzuaga Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko kideak eta Oihana Barrios Jaiki Hadi elkarteko psikologoak.

TATek azaldu duenez, dokumental honen helburua da ikuspegi ezberdinetatik «torturaren errealitatea» aztertzea eta haren erabilera salatzea. «Inkomunikazioa bukatzea lortu behar dugu, eta horrek suposatzen duen zigorgabetasuna. Besteek beste alde batera begiratzen zuten bitartean infernura egindako bidaia kontatu diguten pertsona horien guztien birgaitzea lortu behar dugu», azaldu du TATek.

Dokumentala Bizkaiko hiriburuko Bilborock aretoan aurkeztuko dute larunbatean, 11:30ean, eta aurrerapena Interneten jarri dute —Berria.info-n ikus daiteke, adibidez—.

Ikusten dena eta ez dena

2008ko uztailean Bizkaian egindako polizia operazio bat da dokumentalaren oinarria. Guardia Zibilak hamar pertsona atxilotu zituen Bilbon, Algortan eta Elorrion, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Madrilgo Guzman el Bueno eta Tres Cantoseko polizia etxeetan bost egun inkomunikaturik egon ondoren, atxilotu guztiek torturatu egin zituztela salatu zuten, nahiz eta magistratuak torturak saihesteko protokolo bat aplikatzeko agindu zien poliziei. Senideei atxilotua non dagoen jakinaraztea, konfiantzako medikuek atxilotua bisitatzeko aukera izatea eta atxiloaldi osoa bideo kameraz grabatzea eskatu zuen Garzonek. Poliziek, baina, ez zuten agindutakoa bete, eta atxilotuek torturak salatu zituztenean, epaileak ez zituen bideoak eskatu. «Garzonek berak ere bazekien ez zirela betetzen ari, eta, hala ere, ez zuen ezer egin; polizia talde batek berriz ere tortura zezan beharrezko babesa eman zuen beste behin ere Garzonek», salatu du TATek.

Dokumentalean ikus daitekeenez, atxiloaldiak iraun zuen ehundik gora orduetatik, minutu batzuk baino ez zituzten grabatu guardia zibilek. Irudi guztiak polizia etxeetako korridoreetan hartuak dira. Atxilotuak ziegatatik sartzen eta ateratzen ikusten dira, burua estalita, makurtuta, eta neke arrasto nabarmenekin. Irudi horiek ez ezik, bideoek jasotzen ez dutenak ere badu garrantzia, abokatuek nabarmendu dutenez. Bideoak ez du soinurik, eta atxiloaldiko ordu eta leku asko falta dira. «Zer gertatu zen denbora tarte horietan?», galdetu zion Jone Goirizelaiak polizietako bati epaiketan. Hark erantzun zuenez, polizia txostenetan daude jasota bideoetan falta diren gertakariak.

Poliziaren txostenen arabera, atxilotuak deklaratzera edo auzi medikuarengana eramateko uneak jasotzen dira bideoan. Abokatuentzat, baina, txosten horietan jasota ez dauden irteera gehiago zenba daitezke bideoak ikusita, eta horietako asko polizia aurreko deklarazioak egin aurretik hartuak dira. Horrek bat egiten du, gainera, atxilotuek azaldu zutenarekin. Hain justu ere, polizien aurrean deklaratzera joan aurretik galdeketak egitera eraman zituztela azaldu zuten, «erantzun beharrekoak prestatzeko». Polizia aurrean eginiko deklarazio horiek erabili zituztenondoren gazteak epaitzeko.

Polizia operazioa burutu eta hiru urte geroago jarri zituzten bideoak epailearen esku. Aurtengo martxoan egin zen operazio horretan atxilotutako batzuen aurkako epaiketa, eta irudiak han ikusi zituzten lehenengo aldiz abokatuek. Komunikabideei atxilotuetako batek —Arkaitz Goikoetxeak— egindako testigantza baten bideoa filtratu zuten. Irudi horiek mendi batean kokatua zegoen zulo baten aurrean grabatu zituzten. Zinegotzi baten aurkako atentatu bat egiteko asmoa zuela aitortu zuen han, Garzonen galderei erantzunez, Goikoetxeak. Bere aurkako epaiketan, baina, adierazi zuen jasandako torturen eta presioen ondorioz esan zuela hori. Goikoetxea auzi horretatik absolbitu egin zuen epaimahaiak.

Joan den astean jakinarazitako beste epai batean operazio hartan atxilotutako beste bi gazte absolbitu ditu Auzitegi Gorenak, inkomunikazio aldiko deklarazioak nahikoa ez direla argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.