Euskal presoak. Mobilizazioak

ILUNARI, ARGIAK

Eguraldi makurrari aurre eginez, milaka pertsona elkartu dira Sarek, Bake Bideak eta Bakegileek Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta auzotan antolaturiko 238 manifestazioetan. Hegoaldekoetan sei eskakizun egin dizkiote Espainiako Gobernuari, «salbuespen egoera bukatzeko» eta presoen bizi baldintzak hobetzeko. Baionan «bake prozesuan» aurrera egiteko pauso berriak galdegin dituzte.

Azkarraga eta Atxa, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat - Imanol Magro Eizmendi
Baiona Bilbo
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Negu gorriaren ilunean argiak ezinbestekoak dira bideak markatzeko. Haiek zehazten dute zein norabidetan eman behar diren pausoak, ez galdu eta helmugara iristeko. Atzokoan milaka herritar izan ziren Sarek Euskal Herrian barrena antolaturiko 238 manifestazioetan, sakelakoen argien bitartez, Frantziako eta Espainiako Gobernuei espetxe politikan egin beharreko bidea markatu ziotenak. Eguraldi makurrari aurre eginez kaleak hartu zituzten, eta «salbuespenezko neurriak» aldatzeko garaia dela aldarrikatu zuten.



Urtero Bilbon egiten den manifestazioa Euskal Herrian barrena barreiatu zen. Pandemiak jokaleku berria ezarri du, eta Sarek, Bake Bideak eta Bakegileek mobilizazioak egokitzen jakin dute. Hala ere, bi arreta puntu nagusi izan zituen: Bilbo eta Baiona. Ibaizabaleko itsasadarraren altzoan, Hego Euskal Herriko herri guztietan bezala, «oinarrizko» sei eskakizun zehatz egin zituzten Sareren izenean, «elkarbizitzarako bidean ematen ari garen urratsekin batera» garatzeko. Aturri eta Errobiko uretan «bake prozesuan» aitzinatzeko pauso berriak galdegin zituzten Bake Bideak eta Bakegileek. Frederic Haranburu Xistorri onartu baldintzapeko askatasuna txalotu zuten, baina Mikel Barriosen kontra hartutako erabakiak bidea «dorpea» dela erakusten duela oroitarazi zuten Baionan.

Iruñeko mobilizazioa elurpean egin zuten.IÑigo Uriz / FOKU

Bilbon manifestazio jendetsua egin zuten. Han ziren atxikimendua emaniko alderdi eta sindikatuetako ordezkari gehienak, eta haien atzetik hiriko auzo ezberdinetatik iritsitako milaka hiritar. «Euskal presoak, etxera!» oihu klasikoa izan zen gehien entzuna, eta, manifestazioko burua udaletxera iritsi zenean, aterki ilararen amaiera Kale Nagusian barrena zihoan oraindik. Hori bai, manifestazioa 16:30ean hasi zen, eta ibaiaren ertzek argitzeko deialdia, berriz, 18:00etan. Ez zuen egiten euripean luzaroan zain egoteko moduko girorik.

Manifestazioren amaieran Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak eta Amaia Goirigolzarrik hartu zuten hitza, eta sei eskaera plazaratu zituzten: euskal presoen euskal herriratzea, «senideei eragindako zigor erantsia amaitu dadin»; preso guztiei gradu progresioa ahalbidetzea; larriki gaixo dauden presoak etxeratzea; baita adinez nagusiak direnak ere; haur motxiladunek gurasoekin duten eskubidea errespetatzea; eta, azkenik, Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean kontuan hartuak izatea.



Itzali behar ez den argia

Txupinazoen gisara hasi zuten Baionako mobilizazioa. Lehen eztandarekin, 2.000 lagun lerrokatu ziren Errobi ibaiaren ertzetik Aturri ibaiaren ertzeraino, bi kilometroko giza katea osatzeko; tartean, Ipar Euskal Herriko 140 hautetsi, eta beste hainbeste eragiletako ordezkariak. Bigarren eztanda: han bildutako ehunka lagunek aterki zuriak ireki zituzten. Hirugarrena: argiak piztu zituzten. Argi dugu, bakearen bidean, orain presoak lelopean antolatua zuten Bakegileek eta Bake Bideak ekitaldia, eta argitu zituzten Baionako ibai bazterrak luze-zabalean.

Argiak, ordea, hauskorrak dira, Anaiz Funosas Bakegilearen ustez: «Frederic Haranbururen baldintzapeko askatasunarekin piztu zen esperantza izpia, Mikel Barriosen presondegiratze aginduarekin itzali da». «Bake prozesua» aitzinarazteko, Xantal Erdi Aiziritzeko auzapezak (Nafarroa Beherea) «pauso berriak» egiteko eskatu zion Frantziako Gobernuari), Iparraldeko hautetsien izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.