«Lan urte hau, batez ere, argipen urtea izan da». Halaxe hasi zuten Gernikako Akordioa osatzen duten eragileek joan den ikasturtea baloratzeko agerraldia, Donostian. Argiuneen artean, Aieteko Nazioarteko Konferentzia, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu izana, Sorturen legeztatzea eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakiak aipatu dituzte. Ilunguneen atalean berriz, azkenaldiko atxiloketak, jarduera politikoekiko «mehatxuak», 197/2006 doktrina, «epaiketa politikoak», Bateragune auziaren epaia eta espetxe politika.
Agerraldian izan dira, besteak beste, Oskar Matute (Alternatiba), Ikerne Badiola (EA), Asier Arraiz (ezker abertzalea) eta Rebeka Ubera (Aralar). Bilgune Feministako koordinatzaile Miren Aranguren eta LABeko Idazkari Nagusiaren ondoko Jabi Garnika izan dira hitza hartu dutenak.2011ko urriaren 17an egindako Aieteko Nazioarteko Konferentzian «konponbide prozesuari oinarri zabalagoa» eman zietela gogoratu dute. Bertan izan ziren, nazioarteko hainbat pertsona esanguratsuz gain, Euskal Herri osoko eragile politiko eta sozial ugari. Horien artean, PSE-EE, EAJ eta ELA. Azken hauen jarrera kritikatu dute akordioaren sinatzaileek: «Beraien parte hartzea, prozesu honetan, ez da Aieteko jauregiko lau hormen artetik atera».
Aieteko Konferentzia egin eta hiru egun eskasera jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia, urriaren 20an.Erabaki hura «gure Historia garaikidean mugarri handia» izan zela iritzi diote eragileek. «Agertoki politikoa iluntzen zuen indarkeria adierazpide bat amaitu da. Gauzak ezin daitezke lehen bezala izan, egoera behin betiko aldatu baita».
«Legeztatze asko falta da»
Sorturen legeztatzeak «normalizazio politikoa hurbilarazten» duen arren, oraindik legalizazio asko falta da, sinatzaileen arabera. Honen harira, «epaiketa politiko asko egitear daudela» eta «jarduera politiko hutsagatik» espetxean jende asko dagoela oroitarazi dute. Bide honetan, prozesuaren ilungunetzat jo dute Bateragune auziaren epaia. Auzitegi Gorenak maiatzean jakinarazi zuen epai hura, eta Ezker Abertzaleko bost kide zigortu zituen. Tartean, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez.Ilunguneen artean, baita ere, 197/2006 doktrina, «bizi arteko zigorra formalizatzen» duena, Arangurenen hitzetan.
EPPKren urratsei dagokienez, presoak «gatazka politikoari konponbide integral eta demokratiko bat emateko subjektu aktibo gisa agertu» direla adierazi dute.Irailaren 23an jakinarazi zuen EPPK-k Gernikako Akordioarekin bat egiten zuela. Berriki,espetxeetako zuzendaritza etamintzakidetza talde bana,eta espetxeetatik kanporako bitartekari talde bat izendatu ditu kolektiboak. Denei ongi etorria eman die Gernikako Akordioak, EPPKren eta akordioko gainontzeko eragileen arteko «elkarlana errazteko tresna eraginkorra» izango direlakoan.
«Fikziozko 'kontakizuna'»
Espainiako Gobernuari eta PPri, azkenik, «urritik hona ezer aldatu ez balitz bezala jokatzea» egotzi diete. Gainera, errealitatea «ukitu ere egiten ez duen 'kontakizuna'» egin nahi dutela salatu dute, «fikzio hutsa den 'kontakizuna'». Bitartean, ordea, gatazka politikoa behin betiko amaitzeko «aukera historikoa, arduragabekeria itzelaz, galbidean uzten» ari dira, eragileenesanetan.
Ilunguneak ilungune, baikortasunez amaitu da agerraldia: «gaur bidea atzo baino argiago dago. Bihar argiago egon dadin, Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragileok inurri lanean segituko dugu».
«Ilunak ilun», Gernikako Akordioak dio egun «argiago» dagoela bidea
Lan urte honetako «argiune nagusia» ETAk jarduera armatua amaitu izana dela esan dute Akordioa sinatu zuten eragileekEspainiako Gobernuari eta PPri «ezer aldatu ez balitz bezala jokatzea» egotzi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu