Hegazti gripea

Ilharren ahate hiltze bat eragotzi du ELBk

150 bat herritar elkartu dira, laborarien sindikatuak deituta, Pirinio Atlantikoetako departamenduko higiene zerbitzuetako kamioia etxaldera sartzen ez uzteko.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko martxoaren 2a
15:55
Entzun

ELB sindikatuak deituta, 150 lagun inguru bildu dira Ilharreko Bidarteberria etxaldean (Nafarroa Beherea), bertako ahateak hiltzea oztopatzeko. 16:00 aldera iritsi dira Pirinio Atlantikoetako administrazioko teknikaria, baina herritarrek ez diote utzi etxaldera hurbiltzen. Tentsio momentu batzuen ondotik, gibel egitea erabaki du. «Gizarteak oztopatu du ahateen hiltzea, eta ELB sindikatu azkar batek», adierazi du Julen Perez ELB sindikatuko laborariak.

Duela hiru aste agertu zen hegazti gripea Gabadin (Nafarroa Beherea), eta, Frantziako Estatuak finkatutako neurrien arabera, hiru kilometroko perimetroan diren ahate guziak hil behar dituzte. Azken urteetan behin baino gehiagotan salatu du ELBk neurri horren «zentzugabekeria». 2017an, Frantzia hiltze prebentiboekin hasi zenean, hiru etxaldetan antolatu zituzten herri harresiak; jendarmeak herritarrei oldartu zitzaizkien, baina ez zuten ahateak hiltzea kausitu. Ordutik, gatazka konpondu gabe dago oraindik ere, eta laborari sindikatuak behin baino gehiagotan deitu du mobilizaziora. Otsailean, mila pertsonak manifestazioa egin zuten Donapaleun (Nafarroa Behera).

1200 ahate dituzte Ilharreko Bidarteberria etxaldean: horietako 800ekin etxaldeko gastuak ordaintzen dituzte, eta gainerako 400 ahateekin lortzen dituzte irabaziak. Orain, 200 ahate gelditzen zaizkie urteko produkzioa bukatzeko; martxo erdirako hilko dituzte.

Anses Frantziako osasun segurtasunerako agentziaren arabera, birusa agertzen bada hiruzpalau egunera hil behar dira ahateak, baina jadanik hiru aste pasatu dira hegazti gripea agertu zenetik. Hori horrela, beste bi aste itxaroteko eskatu du sindikatuak.

Patrick Dagorret ELBko kideak azaldu duenez, administrazioak ahateak hilen balitu, laborariek ez lukete irabazirik izanen. Dagorreten arabera, gainera, Bidarteberriako ahateak «ez dira kutsatuak, ez dute sintomarik», eta, beraz, «ez da arriskurik».

ELB sindikatuak deitu du protestara, eta hark hartu du administrazioa blokeatzeko ardura; etxaldeko laborariak etxe barnean gelditu dira. 2017an izan ziren blokeatzeen ondotik, epaiketak izan ziren Paueko Auzitegian: laborariak errugabetzat jo zituzten, eta sindikatua zigortu zuten. Administrazioko arduradunaren aitzinean, laborariek espresuki galdetu diete herritarrei teknikariak sartzen uzteko. «Guk atea irekitzen ahal dizugu, baina ezin dugu eremu publikoan eragin», iharduki diote. Haien jarrerak «ondorioak» izanen dituela erantzun die arduradunak.

Herritarrek gogor hartu dute, eta haserre joan da departamenduko teknikaria. Gainera, lastozko bi fardorekin blokeatu diote autoa, eta bertan utzi behar izan du. Txalo zaparrada batekin agurtu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.