Ileko kortisol maila umeen portaera arazoen adierazlea da

Gorputzak kortisol hormona jariatzen du estres egoerei erantzuteko, eta ilean metatzen da. Luzera begirako estres maila erakusten du.

Ane Arregi, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikertzailea. EHU
Ane Arregi, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikertzailea. EHU
2024ko abuztuaren 27a
17:00
Entzun

Ileak eta umeen portaera arazoak. Berez, elkarrekin zerikusirik ez duten bi elementu. Ikerketa batek, ordea, frogatu du ileek balio dezaketela umeen portaera arazoak edo luzera begirako estres mailak atzemateko. Nola? Kortisolaren bidez.

Gorputzak jariatzen duen hormona bat da kortisola, estres egoerei erantzuteko. Besteak beste, odolean, listuan eta txizan egon ohi da, eta horiek une bateko kortisol maila adierazten dute. Ilean, ordea, kortisola metatu egiten da, eta hori umeen luzera begirako estres mailaren adierazle dela ondorioztatu dute, estres kronikoarena, hain zuzen.

Beste hainbat ikertzailerekin batera, estres kronikoa ebaluatzeko ikerketa batean parte hartu du Ane Arregi Otxotorenak, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikertzaileak. Bertan bi ondorio nagusi atera dituzte: batetik, umeen portaera arazo handiak lotuta daudela kortisol maila handiekin; eta, bestetik, espero ez zuten ondorio bat, ingurumen zaratarekiko esposizio handiak kortisol maila txikia eragiten duela.

B-EHRG Basque Environmental Health Research Group taldeko kidea da Arregi, eta 11 urteko haurren ile laginak erabili ditu estres kronikoa ebaluatzeko. INMA proiektuko —Haurtzaroa eta Ingurumena proiektuan— datuak erabili ditu horretarako. Haurren eta familien datuak biltzen dituzte, amaren haurdunalditik hasita, luzera begirako ikerketak egiteko.

Ondorioztatu dute amen estresak harremana duela haurren portaera arazoekin. «Horrek esan nahi du amaren estresak ere haurren portaera arazoen bidez eragina izan dezakeela haurren kortisol mailetan», azaldu du Arregik.

Faktore gehiago

Ikerketan, aipatutako bi faktore horiek bakarrik hauteman dituztela azaldu du Arregik. Hala ere, esan du horrek ez duela esan nahi beste faktore batzuk erlazionaturik ez daudenik. Gehitu du garrantzitsua dela ikerketa horiei ikuspegi zabalagoa ematea, eta aldi berean estresa eragiten duten faktore bat baino gehiago kontuan hartzea.

Ingurumen faktoreen, faktore sozialen eta faktore indibidualen eta haurren ileko kortisol kontzentrazioaren arteko erlazioa ikertzeko eredu bat sortu dute ikerlariek. Horretarako, estresean eragina izan dezaketen faktoreak izan dituzte kontuan: espazio berdeak, airearen poluzioa, ingurumen zarata, familiako eta eskolako harremanak, gurasoen estres maila, lo egiteko arazoak, jarduera fisikoa, adina, sexua...

Haur eta gazteen ileko kortisol mailetan eragiten duten faktoreei buruz oraindik egiteko asko dagoela dio EHUko ikertzaileak: «Orain arte egindako ikerketek ez zituzten kontuan hartzen hainbat faktorek aldi berean zer eragin eduki dezaketen». Horri aurre egiteko helburuarekin sortu dute proiektua.

Ikertzaileak nabarmendu du haurrak estres kronikoaren mende egoteak lotura duela osasun arazo askorekin, haurtzaroa eta nerabezaroa oso garai zaurgarriak baitira. Horrez gain, ileko kortisola baliagarria izan daitekeela ingurumenarekin lotutako esposizioek estres kronikoan izan dezaketen eragina ebaluatzeko eta, ebaluatu eta gero, estresa saihesteko politika publiko eraginkorrak aplikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.