Osakidetzako oposizioetarako izena eman duten milaka pertsonak tramiteak egin behar dituzte abuztuko lehen asteetan.Uda dela eta, normalean baino administrari gutxiago daude dokumentazioa aurkezteko ospitaleetako leihatiletan. Gainera, azterketak egin nahi dituztenek hamar eguneko epea dute agiriak aurkezteko. Horiek horrela, ilara luzeak sortu dira aste honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan: Donostia ospitalean, Txagorritxun (Gasteiz) eta Basurtukoan (Bilbo).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurtengo udaberrian jakinarazi zuen Osakidetzarako oposizioak antolatuko zituela. Oposizio horiek Osakidetzaren historiako jendetsuenak dira: 110 lanbide kategoriatan banatutako 7.639 lanpostu eskaini zituen. Lehen azterketak uztailean egin ziren, eta irailetik azarora bitarte egingo dira beste hainbat.
Iragarpen horren berri izan bezain laster, sindikatuek eta osasun arloko langileek adierazi zuten Osasun Sailak ez zituela aintzat hartu sindikatuek aukeratutako datak, azterketak uztailean hasi baitira. Gainera, abuztuan, oporraldi betean aurkeztu beharko dute hautagaiek curriculuma egiaztatzeko dokumentazioa.
Osasun arloan jarduten duten langileek aurrez ere salatu dute lan eskaintza publikoko lanpostu batzuk behin betiko ebatzi aurretik Osakidetzak egin zuela lan deialdi horretarako deia. Egoera hori salatzeko, otsailean, osasun arloko sindikatu guztiek deitutako mobilizazioetan, SATSE sindikatuak adierazi zuen Osakidetza «penagarri» ari zela kudeatzen LEPak. Ondorioz, aurreko oposizioetara aurkeztu zirenek berriz ere aurkeztu behar izan dute aurtengoetara.
Ospitaleetako ilara luzeak
Oposizioak egiteko, 109.029 lagunek eman dute izena, eta horiek denek epe antzekoetan egin behar dituzte orain tramiteak; izan ere, beste espezialitate batzuetarako azterketa egiteko agiriak aurkezteko epea irekitzen ari dira azken bi asteetan. Ondorioz, ilara geroz eta luzeagoa da ospitaleetako leihatiletan.
Azterketa egin ahal izateko, titulazio akademikoak, euskara mailaren ziurtagiria, Osakidetzako edota beste lanbide batzuetako esperientzia egiaztagiriak, nortasun agiria eta gidabaimenaren ziurtagiria aurkeztu behar dituzte. Hori guztia aurkeztu beharko dute lanpostu bakoitzean izena emandakoaren curriculuma justifikatzeko, nahiz eta agiri horiek 2018/19ko oposizioetan ere aurkeztu zituzten. Lanpostua aldatu edota mailaz igo nahi duten Osakidetzako langileek ere aurkeztu beharko dituzte dokumentu horiek.
Aste honetan ilara egiten ari diren hainbat pertsonak Osakidetzaren aplikazioaren bitartez aurkeztu dituzte dokumentuak. Hala ere, nortasun agiria aurrez aurre aurkeztu behar dute derrigorrean. Donostia ospitalearen ondoan dagoen Gipuzkoa eraikinean, hainbat pertsona bost orduz egon dira ilaran, paperak egiteko esperoan. Beste batzuek, berriz, behin baino gehiagotan jarri behar izan dute ilaran. Ondorioz, egunotan hainbat kexa entzun dira ospitale aurrean. Hainbat informazio iturrik jaso dituzte jendearen haserre adierazpenak. Horra Efe agentziak aste honetan jasotakoak: «Lotsagarria da Osakidetzak plangintzarik ez izatea eta gure oporraldiko orduak tramite bat egiteko ilara egiten pasaraztea. Erregistroetan langile gehiago jarri beharko lituzkete tramite bat egiteko». «Goiz osoak» ilaran egin dituzten hainbat lagun sare sozialen bidez adierazten ari dira ilara txikienak non dauden.
Arazo horren aurrean, Donostiako ESI erakunde sanitario integratuak adierazi du luzatu egingo duela dokumentazioa aurkezteko ordutegia. Donostia ospitaleko ama-haurrentzako eraikineko bigarren solairuan, 13:00etatik 20:00etara egongo dira hemendik aurrera. Gipuzkoa eraikinean, berriz, 08:00etatik 16:30era aurkeztu ahal izango dute dokumentazioa.
ESK sindikatuak Osakidetzak deitutako oposizioetara aurkeztu direnen egoera salatu du asteon: «Onartezina da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa publikorik handienak, zeinak diru publiko ugari gastatu baitu langileen eta hautagaien curriculuma digitalizatzeko, Osakidetzako azken oposizioetako parte hartzaile guztiak behartzea tona bat dokumentazio aurkeztera. Batzuek dokumentazio guztia aurretik aurkeztua dute, eta orain oporrak eten behar dituzte nortasun agiriaren kopia bat aurkezteko». Sindikatuarentzat, Osakidetzak ez die «errespeturik» erakutsi oposizioetarako izena eman dutenei, eta «zentzugabekeria» gisa definitu du Osakidetzaren erabakia.
Ilara luzeak ospitaleen aurrean
Osakidetzako oposizioak egin nahi dituzten milaka lagunek hamar egun dituzte dokumentazioa aurkezteko. Aurrez aurre aurkeztu behar dute, eta arazoak eta kexuak eragin ditu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu