Iaz egin zuen Gazte Euskaltzaleen Sareak lehen topaketa, Aretxabaletan, Gipuzkoan. Bihar Gasteizen dira elkartzekoak. Tarteko hilabeteetan bereziki «barrura begirako» lana egin dutela azaldu du Oier Errementeriak (Barrika, Bizkaia, 2003), topaketa antolatzen ari diren gazteen ordezkariak. Iaz plazara atera zituzten gogoetetan oinarritutako «egituraketa bat» ehuntzeko hilabeteak izan direla esplikatu du, eta, esate baterako, lurraldekako lantaldeak antolatzeko ahaleginetan aritu direla: eratuta dauzkate Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta lanketan ari dira gainerakoetan. Egituraketa horri aparteko bultzada bat eman nahi diote orain topaketetan. Apurka, diskurtsoa «fintzen» ere ari dira, eta horretan ere berebiziko garrantzia izango du bilkurak: «Pixka bat sakonago jardun nahi dugu, eta jendea motibatu». Judimendiko Sumendi espazioan izango da, 09:45ean hasita.
Zer-nola sustatu nahi duzue gazteen motibazioa?
Gazteen artean, euskararena oso borroka indibiduala da oraindik, eta horren kontra borrokatuko gara. Alde batetik, erakutsi nahi dugu euskararena borroka gaztea ere badela, gazteak erabat harrapatzen gaituena. Gazteok ditugun segurtasun falta guztiekin, ez dauka zentzurik euskararenaren gisako borroka bat alde pertsonaletik eramateak. Euskalduna, edozein dela adina, askotan sentitzen da bakarrik. Bada, pentsa gaztea: etengabe bere burua eraberritzen ari da, eta euskara hor sartzea oso zaila da. Beraz, kontzientzia kolektibo bat lortu behar dugu, eta kontzientzia hori zabaltzea. Diskurtsoa, gutxi gorabehera, badago; orain, zera egin behar da, zabaldu, eta jendearengan grina hori sortu. Horretarako dira topaketak. Gero, ondorenean, jai ereduari ere buelta bat eman nahi diogu.
«Gazteen artean, euskararena oso borroka indibiduala da oraindik, eta horren kontra borrokatuko gara»
Jaietako eremuetan-eta, beste hainbat aldarri dauden moduan, euskararena ere hauspotze aldera?
Bai, hori da. Euskara bada hor aldarrikapen bat, baina atzealdeko aldarrikapen bat da, eta, gazteok garrantzi handia dugun esparru bat den neurrian, nahi dugu euskararen alde borrokatzeko esparru bat ere izatea. Oraindik ideia bat da; bidean doa.
Goiz osoan jardungo duzue. Zein da egitaraua?
Aurrena hitzaldi bat egingo da, gaur egungo egoeraz hitz egiteko, eta erronkez. Azkenean, topaketak jakintza kolektiboa sortzeko erabiltzen ditugu, eta urte osoko dinamika jakintza horren inguruan ardazten dugu gero. Tailerrak ere egongo dira: Hezkuntza euskaraz izenekoa izango da horietako bat. Horri sekulako potentzialitatea ikusten diogu, eta aztertu nahi dugu nola egin daitezkeen hor beste aurrerapauso batzuk. Landuko dugun beste gai bat zera izango da, herri euskalduna nola eraiki gazte mugimenduetatik abiatuta. Hor, batetik, jai ereduarena dago, baina gaia harago doa. Guretzat funtsezkoak dira gazte mugimenduak. Gazte mugimendu askok euskara daukate ardatz, eta nahiko genuke potentzia bat izatea euskararen militantzian. Zer rol eduki dezakete gazte mugimenduek? Horren inguruan eztabaidatu nahi dugu. Gero, topaketaren egitarauarekin jarraituz, 11:30ean mahai inguru bat egingo da sarearen jardunaren balantzea egiteko, ikusteko zer indar dauden, eta zer indar egon daitezkeen. Eta Euskal Herri euskalduna lortzeko norabideaz ere hausnartu nahi dugu. Gero, ondoren, saretzeko toki bat egongo da, bermutaren inguruan...
Hilabeteotan egituratzeko ahalegina egin duzuela adierazi duzu. Zer egituratze maila du egun sareak?
Xumea oso. Herrialde bakoitzean hiruzpalau edo bost pertsona ari dira, bertako gazte mugimenduekin saretuta. Ez dakigu zer neurri izan beharko lukeen sareak. Eztabaidatu dugu horri buruz, baina gure lehen helburua da edozein pertsona senti dadila Gazte Euskaltzaleen Sareko parte. Horregatik ez gara antolakunde bat. Eta, horrez gain, konpromiso maila ezberdinak egotea nahi dugu. Orduan, lanketa teorikoa ere egin dugu: zer den militante izatea, zer den gazte euskaltzale izatea zentzu zabalean...
«Bizitzako esparru guztietan daude trabak. Guk, oraintxe, sozialki dauden trabei ematen diegu garrantzi handiena»
Euskalgintzak eskatu du «jauzi» bat egiteko euskara sustatzeko politiketan. Zer ekarpen egin dezake sareak bide horretan? Non ikusten duzue zeuen burua?
Toki askotan. Askotan esaten dugu gure belaunaldia euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldia dela. Administratiboki mugak daude, eta hezkuntzari dagokionez ere aldarrikatu nahi dugu ez dagoela hezkuntza euskaldun bat; ez bakarrik euskalduna hizkuntzari dagokionez, baizik eta euskal ikuspegi bat daukana. Bestetik, Pantailak Euskaraz-ek aldarrikatzen duen eran, sekulako inbertsioa behar da bikoizketetan eta. Ondo daude, adibidez, Primeran plataformaren gisakoak, baina gero, esaterako, oraintxe euskarazko telesail bat egin da, eta jatorrizkoa gaztelaniazkoa da. Adierazgarria da. Mugak toki askotan daude. Ni oraintxe, adibidez, gidabaimena ateratzen nabil, eta, berez, teorian, euskaraz egin daiteke, eta dirulaguntzak ere ematen dira, baina gero trabak ugariak dira. Edo txarto itzulita dago; edo azterketa euskaraz egin dezakezu, baina eskolak ezin dituzu euskaraz jaso; edo azterketa ezin duzu euskaraz egin... Bizitzako esparru guztietan daude trabak. Guk, oraintxe, sozialki dauden trabei ematen diegu garrantzi handiena, euskaldunok ditugun konplexuei eta. Harrotasuna falta da. Horregatik deitu dugu gure dinamika Harrotu, errotu, saretu. Alde batetik, ikusten dugu beharrezkoa dela gazteak harro egotea euskaltzale izateaz, ez baitugu nahi euskaltzale izateak beti daukan friki konnotazioa edukitzea. Errotu egin nahi dugu, nortasun hori sortu nahi baitugu gazteen artean. Eta saretu, elkarrizketaren hasieran esan dugun eran, euskarak borroka kolektibo bat izan behar duelako.