«Ikusten dugu badela gazteria inplikatua borroka anitzetan»

Gazte Eguna eginen dute larunbatean Hazparnen, Xuti Gaztek eta Bagira prozesuak elkarlanean. Gazte mugimenduari bultzada bat eman nahi diote.

(ID_13375793) (Guillaume Fauveau) Xuti Gazte elkarrizketa, Baiona, 2023ko azaroaren 24an
Irantzu Idoate Funosas eta Eneka Barnetxe Borda. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Bagira prozesuarekin batera, Gazte Eguna antolatu du Xuti Gaztek larunbat honetarako, Hazparnen (Lapurdi). Orain dela urte eta erdi sortu zen gazte mugimenduari hauspoa eman nahiko lioketela esplikatu dute Irantzu Idoate Funosas (2005, Hazparne) eta Eneka Barnetxe Borda (2004, Lehuntze, Lapurdi) kideek. Ekitaldia antolatzeko, eskualdeka aritu dira, eta aurpegi berriak ezagutzeko parada izan dute. Urtarrilean Bagira-k eginen dituen jardunaldien harira, proiektu politikoa zehaztu nahiko lukete. 

«Dinamika» forma eman diote orain arte mugimenduari, hainbat gairen inguruko kanpainak eginez. Ekologismoa, migranteen harrera, euskal presoak, etxe eskubidea... Agerraldi bat baino gehiago izan dituzte, izan Basusarriko (Lapurdi) golfean baratze bat jarrita, edo izan Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko nazioarteko zubian komunikazio ekintza bat eginda. «Biziki positibotzat hartzen dugu. Gai desberdinak tratatzeak modua eman digu digu jende desberdinengana iristeko. Ikusten dugu badela gazteria inplikatua borroka anitzetan», esplikatu du Idoatek. Mugimendu abertzaleko eragileekin elkarlanean ere aritu dira. Hala, Langile gazteon gida argitaratu zuten urrian, LAB sindikatuarekin batera.

«Kontuan hartu behar da Ipar Euskal Herriko errealitatea: joera dugu dena zentralizatzeko, eta gazte guztientzat ez da erraza alde batetik bestera mugitzea».

IRANTZU IDOATE FUNOSASXuti Gazte

Ipar Euskal Herri osoko 50 gazte inguruk parte hartu dute orain arte Xuti Gazten, haien hitzetan. Izan ere, zehaztu dute parte hartzeko forma malgua proposatu dutela: «Bakoitzak bere heineko inplikazioarekin parte hartzen du», Barnetxen arabera. Gazte Egunaren antolaketari begira ere gisa berean moldatu dira. «Aurkezpenak egin ditugu eskualdeka, gazteak antolatzeko. Hortik aitzina, batzuek afixak kolatu dituzte, beste batzuek harremanak lotu dituzte beste gazteekin, eta beste batzuk eguneko antolaketan inplikatu dira, txanda bat edo beste egiteko izena emanez», esplikatu dute.

Hasieran bezala, Ipar Euskal Herri osoko gazteak biltzea dute helburu oraingoan ere. Lapurdi kostaldeko gazteekin hasi ziren, eta pixkanaka barnealderago iristen ari direla diote. Idoate: «Apustu bat da, baina ez da erraza. Kontuan hartu behar da Ipar Euskal Herriko errealitatea: joera dugu dena zentralizatzeko, eta gazte guztientzat ez da erraza alde batetik bestera mugitzea».

«Hutsetik hastea bezala»

«Lehen urtean gure helburua izan da komunikazio ekintzak egitea, nagusiki gure aldarrikapenak zabaltzeko, baina horren mugara iritsi garela uste dugu», esplikatu du Barnetxek. Gazte Egunarekin hasiera eman nahi diote beste fase bati, «beste dinamika mota bat» abiatzeko. «Gazte ezberdinak elkartzea nahi dugu, eta manera zabalean erabaki zer behar eta zer nahi ditugun», azaldu du Idoatek. Hala ere, argitu du dinamika iraunkorragoak irudikatzen dituztela. «Beste pauso kualitatibo bat emateko xedea bada».

Hemendik aitzina definituko dute nolakoa izanen den Xuti Gazte. Ipar Euskal Herrian orain arte izan diren gazte mugimenduak erreferentziatzat dauzkate, baina argi dute oraingo gazte belaunaldikoekin «haustura» bat ere badela. Bagira prozesuak transmisio historikoa landu zuen garaian, mahai inguru bat antolatu zuten aitzineko mugimenduetako ordezkariekin, eta «iraganeko borrokak» ezagutzeko parada izan zen. «Baina gaur egun gurera begiratu behar dugu, garaiak ere desberdinak dira; hein batean, hutsetik hastea bezala izanen da», adierazi dute biek. Besteak beste, Xuti Gazteren proiektu politikoa idatzi nahi dute. Urtarrilaren 27an Bagira-k antolatu dituen jardunaldietan parte hartuko dute gazteek, eta espero dute hor gogoetarako lehen pausoak hastea. Zehaztuko dituzten ildoen arabera, prestakuntza politikoari ere lekua eman nahi diote.

Mugimendu abertzalea osatzen duten eragileak dituzte erreferentzia, «desberdinki izanik ere bakoitzaren adinaren eta sentsibilitatearen arabera»; baina haren parte sentitzen dira. Horregatik, «naturalki» egin zuten Bagira prozesuan parte hartzeko saltoa, «hori baita ikusten duguna eta iristen zaiguna». Inkestan parte hartu dute, eta gazteen artean zabaltzen lagundu. Orain, Gazte Egunaren bidez, jende berriarengana iritsi nahi dute. Eskualdeka antolatu dira, eta aurpegi berriak ikusi dituzte, gehienak gerora ere segitzeko asmoa dutenak. Idoate: «Gazte Egunaren bidez, lortu dugu bakoitzari bere heineko inplikazio bat ukaiteko aukera ematea. Denek sentitu dute ekarpenen bat egiten ari zirela».

EGITARAUA

  • 10:00. Tailerra: Urrats feminista
  • 11:30.  Mahai ingurua: Gazteok Euskal Herria eraikitzera».
  • 13:00.  Bazkaria.
  • 16:00.  Poteo girotua.
  • 18:00.  Kontzertuak: Olaia Intziarte, Odei, Gozategi eta Zea Mays.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.