Ibai Agirrebarrena. Gazte dinamika berriko kidea

«Ikuspegi nazionala ez da bortxaz erakundetze nazional batetik pasatzen»

Etzi emanen diote hasiera Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen erakunde berriari. Zortzi hilabetez hausnartu ondoren, antolakundearen izena eta izanaren berri emanen dute Jeiki Gazten.

GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko urriaren 31
00:00
Entzun
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gazte abertzale eta ezkertiarrak ordezkatzen dituen eragilerik ez da gaur egun. «Hutsune» hori bete nahian dute gazte antolakunde berri bat sortzea erabaki. Hori azaldu dio BERRIAri Ibai Agirrebarrenak (Baiona, 1989), dinamikako kideak. 120 bat gaztek parte hartu dute hausnarketa fasean. «Jeiki Gazte eguna 120 gazte horien eztabaidaren ondorioa da».

Gazte erakunde berriari hastapena emanen diozue larunbatean, Jeiki Gazte egunean. Nondik sortu da erakunde berri horren nahia?

Ipar Euskal Herriko gizartean eta gazte esparruan, gazte ezkertiar eta abertzaleak ordezkatzen dituen eragilerik ez da. Guk, gazte abertzale eta ezkertiar gisa, hutsune hori ikusia genuen, eta eragile bat sortzeko beharra sentitu genuen, gure ahotsa entzuna eta errespetatua izateko gisan. Adibidez, lurralde elkargoaren gaian, ezkertiar eta abertzale gazteok ez gaitu inork ordezkatu eztabaida horretan, alta, aktiboki parte hartu nahi dugu.

Zortzi hilabete iraun du eragile horri buruzko gogoetak. Nola iragan da hausnarketa?

Lehen fasea Ezpeletako eguna izan zen, joan den otsailaren 2koa. Ehun bat gazte elkartu ginen, gure problematikak azaleratzeko. Galdera nagusia ondokoa genuen: Zein dira Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleok egunerokoan aurkitzen ditugun arazoak? Diagnostiko bat egitea izan zen abiapuntua. Ondotik, nola egiten dugu modu kolektiboan arazo horiei guztiei erantzuteko eta irtenbideak atzemateko? Atal ezberdinak marraztu genituen. Batetik, funtzionamendua, bestetik, oinarri ideologikoei buruzkoa, hau da, zer azterketa egiten dugun munduaz eta zein diren gure aldarrikapenak. Behin hori eginda, lan ildo nagusiak adostu ditugu. Azken fasea praktikari lotu diogu. Funtzionatzeko modu bat badugu, oinarri ideologikoak eta lan ildoak ere, nola egiten dugu hori dena gauzatzeko? Atal ezberdin horiek ukan ditugu gogoetagai.

Gazteen parte hartzea zein heinetakoa izan da? Kontent zarete?

Kontent eta harro gara, 120 bat gaztek parte hartu dutelako aktiboki. Asko da, eta ekarpen anitz ukan ditugu, batzuk ez genituenak espero ere, gaur egungo eztabaidetan entzuten ez direnak. Kasu eginen diegu, eta aitzinean ere emanen ditugu. Jeiki Gazte eguna 120 gazte horien eztabaidaren ondorioa da. Eztabaida horiek guztiek eraman heinean, ohartu gara gazte antolakunde bat dela egitura egokiena.

Gazte talde zabala eta plurala lortu duzue?

Abertzale ezkertiarren arteko zatiketa historiko horiek gainditzea da gure lehen apustua. Egia da gazte gisa guk ez ditugula bizi izan edo zeharka bizi izan ditugula, entzunak ditugulako edo gurasoek transmititu dizkigutelako. Gaur egun, ikusten duguna da bagarela 120 gazte eta guztiak adosten garela lan ildo konkretu batzuetan, antolakuntza ereduan eta praktikan. 120 gazte horien artean ez da zatiketarik.

«Euskal Herriaren subiranotasunaren eta euskal gizarte zuzen baten aldeko aldarriak marrazten» ariko zarete. Hori erran izan duzue. Zehaztu dezakezu?

Horrekin erran nahi genuena da abertzale eta ezkertiarra izanen garela. Gure abertzale izaera aldarrikatuko dugu, hau da, gure aberria, gure nazioa Euskal Herria dela eta Euskal Herriak beste nazioen gisara beharko duela bere lekua ukan munduan. Gure ezkertiar ildoari doakionez, oinarritzen gara justizia sozialean eta berdintasunean. Abertzalea eta ezkertiarra, horiek dira gure bi ardatzak.

Azken urteetan Segi zen Ipar Euskal Herriko gazte erakunde ezkertiar eta abertzalea. Aldi honetan egitura nazionalik ez da. Zergatik mugatu zarete Ipar Euskal Herriari?

Gure lehen helburua abertzale ezkertiarren arteko zatiketak gainditzea da. Gazte dinamika abiatzeko batzen garenean naturalki mahai gainera heldu da egitura nazional bat sortzeari ala ez sortzeari buruzko galdera. Ernai sortzea da egitura nazionalaren proposamena ekartzen duten militanteen ideia. Eztabaida horri biziki fite atzeman zaio ondorio eta irtenbide bat. Guk batu nahi ditugu gazte ezkertiar eta abertzale guztiak. Ernai izango litzateke ezker abertzale historiko horren gazte erakundea. Zatiketa historikoetan parte hartu duen alde bati babesa ematea litzateke gaur Ernai sortzea. Ernai batekin zatiketak iraun besterik ez zuen eginen. Horregatik dugu hautu hori egin, ez genuelako nahi ezker abertzaleko gazte erakunde bat sortu, baizik eta ezkertiar eta abertzale guztiak ordezkatu dituen erakunde bat.

Hala eta guztiz ere, harremanak atxikiko dituzue Ernairekin.

Batzuen ustetan, eta hori ez da egia, ikuspegi nazionala eta egituratze nazionala bat doaz. Osagarriak dira noski, baina ikuspegi nazionala ez da bortxaz erakundetze nazional batetik pasatzen. Gazte dinamika sortu denetik eta Ipar Euskal Herriko erakunde bat sortzea erabaki dugunetik, guk argi dugu gure oinarria ikuspegi nazionala izanen dela. Gure oinarria Euskal Herria izanen da, eta Euskal Herri gisa pentsatu beharko dugu edozein irakurketa plazaratu aitzin. Horrek erran nahi du ere harremanak ukanen ditugula Hego Euskal Herriko hainbat eragile sozio-politikorekin, Ernai barne.

Etziko Jeiki Gazte eguna nola iraganen da?

Goizean, nazioarteko eragile ezberdinekin batuko gara eztabaidatzeko. Gazte ikuspegi batetik nola egiten dugu aurre gaur egungo krisi ekonomikoari? Galdera horri buruz ariko gara Baionako Caveau des Augustins gelan. Frantziako Estatuak zapaltzen dituen nazioetakoak, hau da, korsikarrak, bretainiarrak, okzitaniarrak egonen dira, baita ere Kataluniakoak, Kurdistanekoak... Eguerditan, bertso bazkaria izanen da, Amets Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Odei Barrosorekin. Arratsaldean, animazio alai batzuk izanen dira, gazteak elkar ezagut daitezen. Egunaren atal nagusia 19:00etan izanen da, Mousserolles parkean, gure sorrera ekitaldiarekin. Ondotik, besta, 2zio, Berri Txarrak Jim Murple Memorial eta DJ batekin.

Bide berri baten hasiera, beraz.

Hori da, erakunde berria martxan izanen da, eta ea hortik aitzina gure aldarrikapenak egia bihurtzen lortzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.