Soziometroa. 2023. Inkestatuen %73k dute konfiantza Eusko Jaurlaritzan eta %68k Eusko Legebiltzarrean. Alderdi politikoez galdetuta, baina, ehunekoa askoz apalagoa da: %20koa. Zerk eragiten ditu desberdintasun horiek? Nondik dator konfiantza falta hori? Nola aurre egiten ahal zaio? Zalantza horiek argitu ditu Unai Ahedo EHUko Politika Zientzien Saileko ikertzaile eta irakasleak (Bilbo, 1993).
Azken Soziometroaren arabera, inkestatuen %80k ez dute konfiantzarik alderdi politikoetan, zer dago horren atzean?
Orokorrean, badirudi pertzepzioa hori dela, bai. Hala ere, ezberdintasunak ikusi ahal ditugu politikarien, alderdi politikoen eta instituzio demokratikoen pertzepzioan. Otsailean plazaratu zuten Euskal Soziometroaren txostenean argi ikusi ahal dugu: soilik inkestatuen %11k aipatu dute «egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa» Euskadiko arazo nagusi moduan. Instituzio demokratikoen inguruko konfiantza handia da, baina soilik inkestatuen %20k dute konfiantza alderdi politikoetan. Eta hori oso gutxi da.
Zer erakusten du alderdi politikoekiko konfiantza hain apala izateak?
Argi dago alderdi politikoen inguruan dagoen mesfidantza funtsezko faktorea dela, gero, politikarien eta instituzio demokratikoen funtzionamendua epaitzeko. Alderdi politikoak instituzio demokratikoen funtzionamenduaz, hauteskundeen antolaketaz, eta hautagaien zerrendak egiteaz arduratzen baitira.
Nondik datoz uste horiek guztiak?
Politikarien inguruan ikusi ahal ditugun estereotipoek eta aurreiritziek zerikusia dute politikaren «profesionalizazioarekin». Hau da, batzuetan, gaztetatik sartzen dira alderdi politiko batean, karrera egiten dute alderdiaren barnean, eta gero erakunde eta kargu publikoetara salto egiten dute. Hau da, politikari «profesionalak» bihurtzen dira. Eta soslai hori da arruntena gaur egungo alderdietan. Alderdi politikoen egitura, barne funtzionamendua eta militante altruistaren rola erabat aldatu dira azken hamarkadetan, eta politikari profesionalarenak gorantz egin du.
Ideologiatik at, alderdi politikoen egitura eta funtzionamendua erabat aldatu dira orokorrean. Eta horrek, herritarren artean, mesfidantza eta aurreiritziak areagotu ditu: ez dutela inoiz politikatik kanpo lan egin, soldata oso handiak dituztelako bihurtu direla politikari, interes ekonomiko propioei begiratzen dietela soilik eta ez herriarenei...
«Alderdi politikoen egitura, barne funtzionamendua eta militante altruistaren rola erabat aldatu dira azken hamarkadetan, eta politikari profesionalarenak gorantz egin du».
Zer ondorio dituzte jarrera horiek arlo politikoan?
Alderdi politikoen inguruko mesfidantza handiagoa egongo da. Eta, horren ondorioz, denborarekin, erakunde demokratikoen inguruko mesfidantza. Segur aski, alderdi eta politikari berriak agertuko dira, eta egoera hori konpontzeko irtenbide bat dutela esan. Horrek gatazka politikoa eta desegonkortasuna areagotuko ditu.
Nola?
Batez ere hautesleen botoaren aldakortasunari eragingo dio, hauteskunde garaietan alderdien artean izaten den lehiaketari eta diskurtsoei, baita parlamentuen barne dinamikari edo gobernuak osatzeko prozesuari ere.
Zer egin beharko lukete alderdiek konfiantza hori berreskuratzeko?
Alderdi politikoek berreskuratu egin behar dute lehen zeukaten «sozializazio politikoko» funtzioa. Ez da soilik sare sozialetatik informazio pila bat botatzea, baizik eta jendeari kultura politikoa, balioak eta politikan parte hartzeko tresnen ingurukoak «irakastea». Gainera, herritarrek politikan aktiboki parte hartu beharko lukete. Hau da, ez soilik hauteskunde egunetan bozkatzea, edo politikaren inguruko informazio gehiago eskuratzea. Gizarte mugimenduetan murgiltzeaz ari naiz, eta alderdietan militantzia egiteaz, adibidez.
Zertan laguntzen dute sozializazio prozesu horiek?
Gizartea politizatzen laguntzen dute, hau da, politikari erreparatzea, iritzi politiko kritikoak eraikitzea, politikaren barne eta kanpo funtzionamendua ezagutzea, eta politikaren funtzionamenduaren barruan parte hartzaile sentitzea. Kultura politiko aberasgarria duen gizarte batek sistema demokratiko indartsuagoa izango du. Eta, segur aski, gai izango da alderdi politikoei eta horien barruko eliteari eskaerak egin eta kontuak eskatzeko.
«Kultura politiko aberasgarria duen gizarte batek sistema demokratiko indartsuagoa izango du».
Kritika oso hedatua da, ordea, ez?
Hedabideetan politikariak kritikatzea ez da politika egitea. Ikuspegi kritikorik gabe politika kontsumitzea ez da politikan parte hartzea. Politikaz eztabaidatzea, proposamen ezberdinen inguruko deliberazioan parte hartzea edo alderdien barruan aldaketak bideratzea lagungarriagoa da sistema aldatu nahi bada. Alderdiak dira sistema demokratikoaren elementu, tresna eta bitartekari garrantzitsuenak. Hortaz, herritarrok erabili egin behar ditugu.