Krisia Osasunbidean. Kudeaketa ezbaian

Ikusi gabe, entzun gabe

Nafarroako Parlamentuan hainbat aldiz eskatu dute oposizioko taldeek Osasun kontseilariak dimisioa eman dezala. Marta Berak, ordea, entzungor egin dio erakunde horren eta taldeen eskaerari.

edurne elizondo
Iruñea
2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Haurrek, begiak itxi, eta haiek ere ezin dituztela ikusi uste izaten dute. Ematen du Nafarroako Osasun kontseilari Marta Berak ere antzeko estrategia baliatzen duela Nafarroako Parlamentuan. Begiak ixtea, ikus ez dezaten. Entzun ere ez du entzun nahi, taldeek salatu izan dutenez. Nafarroako Parlamentuak eskaera garbia egin dio Berari: utz dezala kargua. Behin baino gehiagotan entzun behar izan du eskaera hori kontseilariak, oposizioko talde gehienen ahotik. Azkenekoz, parlamentuko osoko bilkurak erran zion, duela bi aste. Ezkerrak eskatu zuen Beraren dimisioa, eta oposizioko talde guztiek egin zuten bat mozioarekin, PPk izan ezik. Baina Bera ez da joan. Aulkian jarraitzen du. Kontra egiten diotenen hitzak entzun gabe.

SAMUEL CARO PSNko parlamentaria

«Porrota nabarmena da giza baliabideen eta taldeen kudeaketan»

«Juan Jose Rubioren dimisioak erakusten du Osasun Departamentuko arduradunek huts egin dutela. Porrota nabarmena da giza baliabideen eta taldeen kudeaketan».

«Oraingo egoera, gainera, ez da nolanahikoa; ospitaleetako zerbitzuak batzeko prozesua martxan da, eta horrek eskatzen du ahalik eta talderik onenak izatea egin beharreko urratsak zuzentzen. Gertatzen denak, gainera, herritarrengan badu eragina. Hori da okerrena. Gobernuak dio bertze hainbat erkidegotan baino hobea dela zerbitzua gurean, baina nik uste dut bidea ez dela okerrago daudenekin alderatzea; egoera hobean daudenekin alderatu beharko genuke, hobetzen jarraitu ahal izateko».

«Hamaika aldiz eskatu dugu Berak dimisioa eman dezala. Legegintzaldia amaitzeko gutxi falta da, eta, egia erran, ez dakit orain jada zer izanen litzatekeen hobea herritarrentzat, alde egitea edo gelditzea. Hauteskundeak egin eta gero, gobernu talde berriak gauzak hobeki egin ditzala, behintzat».

BAKARTXO RUIZ Bilduko parlamentaria

«Rubioren dimisioak erakusten du kudeaketa negargarria dela»

«Rubioren dimisioak erakusten du Osasun kontseilariaren kudeaketa negargarria dela. Eskandaluzkoa da Osasunbidean gertatzen ari dena. Eta izan diren dimisio eta kargugabetze guztiak egoera horren adierazgarri dira. Okerrena ez da hori, hala ere; okerrena da Osasun Departamentuan ez dagoela bidea markatuko duen talderik».

«Autoritarismoaren bidetik ari da Bera, inposatuz bere jarrera. Aulkiari eutsi nahi dio, nola edo hala, eta entzungor egiten dio gehiengo politikoak eta sozialak esaten dutenari, bai eta profesionalek esaten dutenari ere. Larriena da egoerak zerbitzuari eragiten diola, eta hori denon kalterako da».

JOSE MIGUEL NUIN Ezkerrako parlamentaria

«Barcina eta Bera dira gertatzen ari denaren erantzule»

«Azken egunotako gertaerak kudeaketa ezin txarrago baten azken adibidea izan dira. Murrizketak ezarri dituzte; aurrekontuak ez dira nahikoak; eta, horretaz gain, zerbitzua pribatizatzeko urratsak egin nahi dituzte. Horrek zerbitzuari eragin dio, eta osasunaz ari garenean, hori hagitz larria da».

«Rubioren dimisioak erakutsi du, gainera, antolaketan kaosa dela nagusi. Eta egoera horrek baditu erantzuleak: Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcina eta Marta Bera kontseilaria. Gobernuak pribatizazioaren alde egin nahi du; hori da haren ideologia, eta ideologia horren ordezkari dago Bera Osasun Departamentuan. Hagitz kezkatuta gaude. Alde egin beharko lukete».

ASUN F. GARAIALDE Aralar-NaBaiko parlamentaria

«Aldaketa gauzatzea izanen da Bera kargutik kentzeko modua»

«Rubioren dimisioarekin gainezka egin du Osasunbideko arazoak. Legegintzaldi osoa daramagu proiekturik eta kontrolik gabe. Beraren plan bakarra da murrizketak egitea, eta osasun arloa kudeatzea ekonomiaren ikuspuntutik. Eta hori ezinezkoa da osasunaren arloan. Kontseilariak beti erraten du hitz egin beharra dagoela, baina ikusten ari gara ez dakiela profesionalekin, sindikatuekin edo alderdiekin hitz egiten».

«Parlamentuan behin baino gehiagotan eskatu dugu dimisioa eman dezala. Ez hori bakarrik. Legeak onartu ditugu, eta kontseilariak legeen gainetik jartzen du bere burua. Okerrena ez da egungoa; okerrena da egungoak etorkizunean izanen duen eragina; nola itzuliko gara lehengo egoerara? Argi dago Berak ez duela alde egiteko asmorik. Aldaketa politikoa gauzatzea izanen da kargutik kentzeko modua».

PATXI LEUZA Geroa Baiko parlamentaria

«Duintasun apur bat balu, dimisioa eman beharko luke Berak»

«Osasun Departamentua da gobernuko okerrena, zalantzarik gabe. Egoera hagitz txarra da, eta hamaika arazo daude: sukaldeak, laborategiak... Gobernuak aurrera egin nahi izan du, nola edo hala, legegintzaldia amaitu arte, eta egungo egoera da ondorioa».

«Parlamentuak eskatu du Marta Berak dimisioa eman dezala, eta, duintasun apur bat balu, hori egin beharko luke. Huts egin duela onartu du, baina ez du kargua utzi nahi. Osasun kontuetan batere esperientziarik ez duen pertsona da Bera. Aspaldi alde egin behar zuen».

EVA MARIA GORRI PPko parlamentaria

«Bera parlamentuan entzun nahi dugu, ardura hartzeko eskatu aurretik»

«Egoera kezkagarria da. Osasun zerbitzuak erabiltzen dituzten herritarrentzat, bai eta guretzat ere. Rubiok dimisioa eman du, eta jendaurrean azaldu ditu kargua uzteko bere arrazoiak. Kontseilariak errateko duena entzun nahi dugu parlamentuan, ardurak har ditzala eskatzen hasi baino lehen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.