«Legegintzaldiak aurrera doaz, baina LGTBIfobiak aurrera jarraitzen du», adierazi du Eugeni Rodriguez Homofobiaren Aurkako Kataluniako Behatokiko (OCH) presidenteak. Behatoki horrek eta Ikusgunek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, eta LGTBIfobiaren aurka elkarlanean jarraitzeko akordio bat sinatu dute. Dokumentu horren arabera, elkarri idatziz jakinaraziko dizkiete beren lurraldeetan arrazoi hauengatik gertatzen diren diskriminazioak: sexu orientazioagatik, genero identitateagatik eta genero adierazpenagatik. Gainera, bi-biek konpromisoa hartu dute LGTBI kolektiboko kideen eskubideei buruzko lanak egiteko.
Rodriguezen erranetan, behatokiak tresna egokiak dira «LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren zigorgabetasuna» hausteko, botere publikoei erakusten dizkietelako «konparaziozko zifrak». Azken horiek ahalmena dutelako «esku hartze eta politika publikoen bidez jasandako gorrotoa iraultzeko». Hala, ikusgarritasun lanarekin jarraitzeko, Ikusgunek eta OCHk elkarlanean LGTBIfobiaren aurkako Behatokien Nazioarteko II. Topaketak eginen dituzte ekainaren 2an, 3an eta 4an, Bartzelonan.
2018an hasi zen bi taldeen arteko aliantza. Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzailearen erranetan, lankidetza hori «beharrezkoa» da LGTBI kolektiboaren kontrako «indarkeriei aurre egiteko»; bai bi behatokien jarduera eremuetan gertatzen direnei eta baita hortik kanpokoei ere.
Ikusgune
LGTBIfobiaren aurkako behatokia da Ikusgune, Gasteizko Udalaren eta Lumagorri ZAT taldearen arteko proiektu bat. Taldeak eskaintzen dituen zerbitzuen artean hauek daude, adibidez: Gasteizko LGTBIfobiari buruzko datuak biltzea, eraso egin diotena ospitalera eramateko aukera eskaintzea –betiere, pertsona horrek hala nahi badu– eta erasoa gertatu den lekuko eragileekin ekintzak antolatzea.