LGTBI kolektiboaren kontrako hamasei gertaera jaso dituzte Ikusguneren 2022ko txostenean. Horietako hamarrek osagai homofoboa izan dute, bostek transfoboa, eta batek LGTBIfoboa. Ikusgunek nabarmendu nahi izan du transek jasan dituztela eraso homofoboetako batzuk; izan ere, «batzuetan, sexu orientazioaren eta genero identitatearen arteko aldea ez dute parekatzen erasotzen edo diskriminatzen dutenek». Lumagorri HATek eta Gasteizko Udalak lankidetzan egindako txostena da; helburua «LGTBIfobia zertan den salatzea eta kolektiboko pertsonen artean laguntza sareak sortzea» da.
Gertaera horietako gehienak, zazpi, toki publikoetan izan dira: lau kalean, bi aisialdi lekuetan, eta bat jai eremu batean. «Datuek erakusten espazio publikoa bereziki arrotza eta erasokorra dela LGTBI pertsonentzat», dio Ikusgunek. Eskola eremuan bi eraso gertatu ziren, eta «kezka» eragiten die horrek, «bereziki sentibera den kolektibo baten aurkako» erasoak direlako. Gainerako eremu guztietan eraso bana egon zen: telefono bidez, merkataritza guneetan, mediku zentroan, etxean, sare sozialetan, lanean eta aisialdian.
Erasoen tipologiari dagokionez, gorroto diskurtsoak –LGTBI kolektiboko kideen aurkako gaitzespena sustatu nahi dute– eta irainak –kolektiboko kide bakar bati mintzeko zuzendutako mezua da– izan dira ohikoenak: sei eta bost zenbatu dituzte, hurrenez hurren. Hala, gorroto diskurtsoen igoera «kezkagarria» dela diote, eta merezi duela berriz ere aztertzea, «interes berezia jarriz ikastetxeetan edo toki publikoetan gertatzen diren kasuetan». Gehitu dute eraso fisikoen kopurua 2021a baino lehenagoko adierazleetara itzuli dela, eta nabarmen murriztu.
Zenbatutako erasoetatik hamabi Gasteizen gertatu dira, txostena egiteko baliabide gehienak bertan daudelako. Urteko garaiari dagokionez, neguan gertatu dira eraso gehien. Aldi horretan gertatutakoak, baina, barnealdean edo sare sozialen bidez gertatu dira. Bi eraso fisikoak, berriz, udan izan ziren.
Orokorrean, Ikusgunek dio aurreko urteetan baino eraso gutxiago zenbatu dituztela. Horren arrazoia izan daiteke 2022an ez dutela jaso leku bakarrean zenbait eraso gertatu den kasurik. Hala ere, adierazi dute leku batean lau aldiz errepikatu zela erasoa: pertsona beraren kontra, eta erasotzaile berekin. Lau eraso moduan zenbatu beharrean, bakarra izan balitz bezala erregistratu dute.
Erasoetatik haratago
Zenbatutako erasoen xehetasunak emateaz gain, txostenaren bukaeran lau auziren inguruko hausnarketak egin dituzte zenbait egilek: Tximino baztanga, hedabidea eta estigma homofoboa; Lesbofobiari aurre egiteko identitateak; LGTBI migratzaile eta errefuxiatuei buruzko 2022 Txostena; eta Aktibismo afektiboak: estraktibismotik kopartaidetzara.
Horrez gain, Ikusgunek gomendio sorta bat ere zabaldu du: sexu eta genero aniztasunaren kontrako zurrumurrurik ez zabaltzea hedabideetan; kolektiboaren kontrako mezuak neutralizatzeko neurriak hartzea erakundeetan; sexu eta genero identitateari buruz hizkuntza arloan egin dituzten esku hartzeen inguruan hausnartzea; arlo horretan prestatzea enpresetako ordezkariak; ahalduntzeko estrategiak garatzea; Osakidetzako arreta protokoloetan eragile transen parte hartzea sustatzea; eta kolektiboko kideen eskubideak bermatzeko legea ahal bezain laster ezartzea.
Ikusgune Gasteizeko LGTBIfobiaren kontrako behatokia da. Kolektiboko pertsonak, LGTBIfobia jasan dutenak eta beren sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik diskriminatuta sentitu direnak animatu dituzte zer gertatzen zaien Ikusguneri jakinaraztera. «Garrantzitsua da LGTBIfobiaren irismena ezagutzea, indarkeria horri aurre egiteko eta eragindako pertsonei erreparazioa emateko proposamenak landu ahal izateko».