Ikusgunek dio eraso LGTBIfobo gehienak toki publikoetan direla

Lumagorri HATek eta Gasteizko Udalak elkarlanean egin dute Ikusguneren 2022ko txostena

Ikusgunek antolatutako protesta bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
LGTBI kolektiboaren kontrako hamasei gertaera jaso dituzte Araban Ikusguneren 2022ko txostenean. Horietako hamar homofoboak izan dira, bost transfoboak, eta bat LGTBIfoboa. LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko Behatokiak nabarmendu du transek jasan dituztela eraso homofoboetako batzuk; «batzuetan, sexu orientazioaren eta genero identitatearen arteko aldea ez dute parekatzen erasotzen edo diskriminatzen dutenek». Lumagorri HAT elkarteak eta Gasteizko Udalak lankidetzan egin dute txostena, eta atzo aurkeztu zuten; haren helburuak dira «LGTBIfobia zertan den salatzea, eta kolektiboko pertsonen artean laguntza sareak sortzea». Hain justu, gaur da LGTBIfobiaren aurkako eguna.

Ikusi gehiago: Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak Villabonako erasoa gaitzetsi dute

Gertaera horietako gehienak, zazpi, toki publikoetan izan dira: lau kalean, bi aisialdi lekuetan, eta bat jai eremu batean. «Datuek erakusten dute espazio publikoa bereziki erasokorra dela LGTBI pertsonentzat», salatu du Ikusgunek. Eskola eremuan ere bi eraso gertatu ziren, eta «kezka» eragin die horrek, «bereziki sentibera den kolektibo baten aurkakoak» direlako. Gainerako eremuetan eraso bana izan zen: telefono bidez, merkataritza gunean, osasun zentroan, etxean, sare sozialetan, lanean eta aisialdian.

Eraso motari dagokionez, gorroto diskurtsoak —LGTBI kolektiboko kideen aurkako gaitzespena sustatzeko xedez— eta irainak —kolektiboko kide bakar bati eginak, mintzeko— izan dira ohikoenak: sei eta bost zenbatu dituzte, hurrenez hurren. Hala, gorroto diskurtsoen igoera «kezkagarria» dela diote, eta merezi duela berriz ere aztertzea, «interes berezia jarriz ikastetxeetan edo toki publikoetan gertatzen diren kasuetan». Erantsi dute eraso fisikoen kopurua nabarmen murriztu dela, eta 2021en aurreko adierazleetara itzuli.

Gasteizen hamabi eraso zenbatu dituzte, txostena egiteko baliabide gehienak bertan daudelako. Urteko garaiari dagokionez, neguan izan da eraso gehien, baina barnealdean edo sare sozialen bidez gertatu dira; bi eraso fisikoak, berriz, udan izan ziren.

Erasoez gain

Zenbatutako erasoen xehetasunak emateaz gain, indarkeria horren aurkako prebentzioan jarduteko gomendio sorta bat ere zabaldu du Ikusgunek. Bertzeak bertze: sexu eta genero aniztasunaren kontrako zurrumurrurik ez zabaltzea hedabideetan; kolektiboaren kontrako mezuak neutralizatzeko neurriak hartzea erakundeetan; Osakidetzako arreta protokoloetan eragile transen parte hartzea sustatzea; edota kolektiboko kideen eskubideak bermatzeko legea azkar ezartzea.

Gainera, txostenaren bukaeran lau auziren inguruko hausnarketak ere egin dituzte zenbait egilek. Tximino baztangarekin lotuta hedabideetan zabaldutako «estigma homobofoa» edota LGTBI migratzaile eta errefuxiatuei buruzko datuak aztertu dituzte, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.