«Hamaika arrazoi daude Euskal Herri mailan sexu askapenaren alde lan egiten duten pertsona, proiektu, ekimen edota kolektiboak saritzeko». Hala ere, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Sexu Askapenerako Mugimenduak horietatik guztietatik bat aukeratu behar izaten du urtero. Hogei urte daramatza aukeraketa hori egiten eta kolektibo batzuei Euskal Herriko LGTBI borrokari egindako ekarpenagatik Urrezko Hirukia banatzen. Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren behatokia izan da aurten saritua, hain zuzen.
Taldeak adierazi du proiektua eta berau bultzatu dutenak saritu nahi izan dituztela: «Sari honekin, ikuspegi lokaletik eta herri mugimenduetatik datorren Ikusgune proiektuaren lana eta eredua goraipatzeaz gain, proiektuaren sorreran eta egungo proiektuaren egitekoan jo eta su ari diren pertsonak ere saritu nahi ditugu». Hain zuzen, Sejo Carrascosa Ikusguneko koordinatzaileak izan du saria jasotzeko ardura.
«Trapuzko espartina»
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bueltan eman dute sari hori, baina, egindako lana goraipatzeaz gain, LGBTI pertsonek beren eskubideak osotasunean bizitzeko «oztopoak jartzen dituzten jarrera, diskurtso, politika publiko edota taldeak» seinalatzeko ardura ere hartu dute. Hain zuzen, «trapuzko espartina» jaurtitzen die EHGAMek horiei urtero, eta, aurten, ikastetxeetan sexu aniztasuna lantzearen aurkako jarrerei bota die: «Jarrera horiek giza sexualitatearen aniztasuna ukatzen dutelako, ikastetxeak espazio arrotz eta ez-seguruak izatera bultzatzen dituztelako, genero rol eta estereotipoak ikuspegi esentzialistatik birsortu eta indartzen dituztelako, eta, azken batean, errealitatea bera ukatzen dutelako».
Hala ere, jarrera horiek erreproduzitzen dituzten zenbait norbanakori eta eragileri bota diete saria: «Nazioartean, Hungariako Erdogan bezalako faxistak, Errusiar Estatuaren LGBTfobia, pin parentala aldarrikatzen duen Espainiako VOX alderdi antifeminista eta LGBTfoboa, Ayuso bezalako neoliberal ultraeskuindarra, Castellongo epaile homofoboa edota Abokatu Kristauen Elkartea». Zehaztu dute, hala ere, Euskal Herrian ere badirela halako jarrerak bultzatzen dituzten eragileak: «Euskal Herriko Feminista Erradikalak auto izendatutako taldea, zeinak eskoletara idatzi bat bidali duen, non sexu aniztasuna lantzen duten eragile ezberdinak kriminalizatzen dituzten».
Gorroto delituen gorakada
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay Trans Bisexual eta Intersexualen elkarteak ere salatu du sexu orientazioarekin edo genero identitatearekin lotutako gorroto delituak % 46 areagotu direla. Gehituren arabera, erakundeek erantzukizun zuzena daukate horretan: «Zuzenbide Estatua huts egiten ari da LGBTI pertsonen oinarrizko eskubideak babesteko garaian. Izan ere, pertsona horien bizitzeko eskubidea, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea eta askatasunerako eskubidea ez daude bermatuta, ezta benetako berdintasunean bizitzeko eskubidea ere». Gaineratu dute urraketa hori areagotu egiten dela trans pertsonen eta «genero identitate edo adierazpen ez normatiboa» dutenen kasuan.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «benetako berdintasun legearen proiektua» onartzeko, eta erakundeei, administrazio publikoei eta Fiskaltzari ere eskatu diete LGTBI komunitatearen aurkako gorroto delituei erantzuteko dauden tresnak hobetzeko. Azkenik, erakunde eta administrazio publiko guztiei dei egin diete ekainaren 28an «LGBTI pertsonen oinarrizko eskubideak defendatzearen aldeko konpromisoa adieraz dezaten».
LAB sindikatuak ere dei egin du egun horretan LGTBI kolektiboek antolatutako manifestazioetan parte hartzera, eta lanaren esparrutik begiratu dio auziari: «Lan mundua armairu handi bat da». Azaldu du egun dauden plan edo lege proposamenek bultzatu nahi duten genero eta identitate aniztasuna ez dela lan mundura iritsiko: «Urteak daramatzagu enpresetan sexu eta genero identitateen aldeko proposamenak eta lanketa garatzen, baina oso argi dugu diskriminazioa bukatzeak enpresen esku jarraitzen badu eskubide formalen aitortzak formalismo hutsa izaten jarraituko duela».