Orain dela 50 bat urte gertatu omen zen: Algortako zinemetan, bi gizonezkok elkarri musu eman, eta oihuka eta irainka hasi zitzaizkien ingurukoak. Duela gutxi izan du jazoeraren berri Julen Nafarrate kazetariak, bere lagun bati esker, haren aita lekuko izan zelako. Baina ez dira ugariak kontakizun horiek: LGTBI adinekoak “bazterrean” daude, Nafarrateren irudiko, eta, hortaz, isilduta geratu dira aspaldiko kontu asko, inork ez zituelako kontatu gazte garaian, eta inork ez dituelako kontatzen orain, orobat.
Ezkutuko horren arrastoan jarri dira Nafarrate eta Ines Bermejo artista. Gu ere bagara proiektua abiatu dute Getxoko Udaleko sormen bekaren laguntzarekin, 65 urtetik gorako bertoko LGTBI pertsonei “ikusgaitasuna” emateko asmoz, kazetariaren hitzetan. Hausnarketa bat izan du akuilu egitasmoak: Algortako Portu Zaharrean bizi dira biak, eta konturatu ziren ez zutela ezagutzen adineko LGTBIrik beren inguruan. “Ez dakigu zelan elkartzen ziren, non bizi ziren, zer kode erabiltzen zuten jendea ezagutzeko… Istorio horiek gal daitezke, ez daudelako inon jasota”.
Getxotik haragoko egoerari ere erreparatu dio kazetariak, ikusezintasuna orokorra baita gizarte osoan, dioenez. Batetik, LGTBI pertsonekin lotutako estereotipoak direla-eta: “Beti identifikatzen dira pertsona gazteekin, edo estetika jakin batekin”. Bestetik, adinarekin lotutako usteengatik: “Esango nuke gizartean, orokorrean, ez dela asko hitz egiten pertsona nagusien arazoez eta abarrez, are gutxiago haien sexualitateaz, eta askoz gutxiago LGTBI nagusien sexualitateaz”.
Istoriook ezagutzeko, horiek bizi izan zituztenengana jotzea dute helburu, eta askotariko esperientziak bildu nahi dituzte. “Emakumeak eta gizonak, noski; queer-ak egongo balira, zoragarri; jatorri, klase sozial eta auzo ezberdinetakoak…”.
“Erronka handia”
Zehaztuta dituzte helburuak, gutxi-asko, eta bilaketari ekin diote dagoeneko, baina jabetuta daude bidea ez dela samurra izango. Hain justu, “erronka handia” da, Nafarrateren iritziz. “Landu beharra dago, baina zaila da. Hutsetik hasi gara”. Oraindik ez dute lekukorik lortu, baina bidali dizkiete kontaktu posible batzuk. Denak gizonezkoenak, ordea. “Zerbait bitxia gertatu da: hasieran, uste nuen emakume gehiago izango genituela. Egia da lesbianek oraindik ikusgaitasun txikiagoa dutela, eta hor ere indar handiagoa egingo dugu jasotzeko ez soilik gizonezkoen istorioak”.
Getxok 78.000 biztanle ditu, eta, adinari dagokionez, udalerri “zaharra” da, kazetariak gogoetatu duenez. Beraz, “non daude?”. Badu azalpenik oztopoentzako: “Baliteke pertsona batzuentzat gogorra izatea beren egoera kontatzea eta aurpegia ematea. Hasieran, baliteke jende bati lotsa ematea, edo, agian, ez dago prest jendaurrean agertzeko”.
Adibide batzuk bota ditu: lagun horietako batzuk egoitzetan egongo balira, horrek zailduko luke miaketa? “Askotan esaten da pertsona askok, egoitzetan sartzen direnean, berriz ere ezkutatu behar izaten dutela beren sexualitatea, ez direlako eremu askeak normaltasunez erakusteko”. Gerta liteke, orobat, dagoeneko hilda egotea lekukoetako batzuk. Hori ere jazo zaie ikerketan: “Jende askok pertsona posible batzuk adierazi dizkigute, baina hilda daude jada, horietako batzuk hiesak jota”.
Eta, dena den, baikor azaldu da Nafarrate. Besteak beste, uste duelako proiektua “zor” dietela. “Gaur egun, aukera baldin badago gure sexualitatea normaltasun handiagorekin bizitzeko, nahiz eta ez erabateko normaltasunez, izan da beste batzuek aurretik bidea egin zutelako, haiei esker”. Bidegile horietako batzuk topatzeko itxaropena du kazetariak, oztopoak oztopo, baina patxadaz, betiere. “Proiektuak zerbait ona izan behar du, ez du haientzat deserosoa izan behar; parte hartuko duen jendeak gustura egin dezala nahi dugu”.
Jaso eta gero, erakutsi
Pertsonak topatzeko fasean daude orain, eta horretarako garrantzitsu jo ditu Nafarratek bai komunikabideen bidezko oihartzuna bai ahoz ahokoa. Aurkitzen dituztenean, haiekin elkartuko dira, eta orainaz eta iraganaz galdetuko diete. Halaber, argazki zaharrak eta egungoak biltzeko xedea ere badute, eta horiek ere lekukoengandik lortzeko asmoa dute. Horretan ibiliko dira maiatzean eta ekainean, aurreikusi dutenez.
Ondoren, jasotako informazioarekin eta argazkiekin erakusketa bat taxutuko dute, non garaiak nahasiko diren, collage formatuan: molde hori lantzen du Bermejok, eta hura hautatu dute testigantzak helarazteko ere. Ondo bidean, udazkenean inauguratuko dute. Halaber, hitzaldiren bat antolatzea dute jopuntuan, lekukoek eurek ezagutarazi ditzaten beren esperientziak.