Espainiako Gobernuak diru poltsa bat sortuko du ikus-entzunezkoen plataformek ordaindutako zergekin, eta diru hori erabiliko da euskaraz, galizieraz eta katalanez edukiak sortzeko. Beste funts bat izango da pelikulak hizkuntza horietan bikoiztu eta azpititulatzeko. Hori da ERCk eta Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezkoen Legearen inguruan egin duten akordioa. ERCren ustez, akordio horrek ikus-entzunezko edukietan katalana egotea «bermatzen» du, eta «Espainiako aurrekontuak onartzea erraztu», era berean, «negoziazio prozesuari bultzada emateko».
Ikus-entzunezkoen Legea gai garrantzitsua izan da ERC eta Espainiako Gobernua aurrekontuen inguruan egin ari diren negoziazioan. ERCk kuota bat ezarri nahi zuen, nazioarteko plataformek Espainiaren menpeko nazioetako hizkuntzetan eman beharreko edukiena; %6, alegia. Azken orduan, baina, arazoak sortu ziren, Espainiako Gobernuak argudiatu baitzuen Europako Batasunaren legediak ez zuela onartzen horrelako kuotak ezartzerik egoitza Espainiatik kanpo duten plataformentzat.
Azkenean, eta atakatik ateratzeko, beste bide bat hobetsi dute bi aldeek. ERCko bozeramaile Marta Vilaltak esan duenez, plataforma guztiek funts bat diruz hornitu beharko dute, zergen bidez, estaturik gabeko nazioetako hizkuntzetan ekoitzitako ikus-entzunezko produktuei laguntzeko. Plataformek bildutako diruaren %5 eman beharko dute ikus-entzunezko lanak sortzeko, eta diru horren %15 euskarazko, galizierazko eta katalanezko produktuak sustatzeko erabiliko da. ERCk kalkulatzen du hamabost milioi euro inguru izango direla.
Katalunian, CAC Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bermatuko du araua betetzen dela, eta ebatzi egingo du instituzioen eta plataformen arteko gatazkaren bat baldin badago. Euskal Herrian eta Galizian, aldiz, ez dago funtzio hori bete dezakeen horrelako kontseilurik.
Aldi berean, hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren elkarteek bilera egin dute Madrilen estaturik gabeko nazioetako alderdiek Espainiako Kongresuan dituzten ordezkariekin. Elkarte horien artean, Euskalgintzaren Kontseilua ere egon da, Paul Bilbao idazkari nagusiak ordezkaturik. Ikus-entzunezkoen Lege berrian sartu beharreko gutxieneko hizkuntza eskaerak eta akordioak helarazteaz gain, euskararen, galizieraren eta katalanaren aldeko «fronte komuna» egitea proposatu diete alderdiei.
«Araudi argia» eskatu dute
Hizkuntza gutxituen aldeko elkarteek EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Compromis, CUP, En Comu Podem eta Mes per Mallorca taldeei eskatu diete legeak «zehapen araudi argia eta zehatza» izan dezala, eta berma dadila plataforma bakoitzaren katalogoan edukien %6 euskaraz, galizieraz eta katalanez egotea, «egoitza [Espainiako] estatutik kanpo dutenetan ere».
Besteak beste, eskaera hauek egin dizkiete alderdietako ordezkariei: katalogoetan euskaraz, galizieraz eta katalanez bikoiztuta dauden produktu guztiak eskuragarri egotea; pizgarriak ezartzea hizkuntza horietan telesailak sortzeko, eta Espainiako Irrati eta Telebista Korporazioak ere betebeharra edukitzea bere eduki guztiak euskarara, galizierara eta katalanera bikoiztutako aukerarekin zabaltzeko.
Ikus-entzunezkoetan hizkuntza gutxituak sustatzeko ituna egin dute
ERCk eta Espainiako Gobernuak egin dute akordioa. Plataformek funts bat diruztatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu