Ikus-entzunezkoen Lege Proiektuari egindako zuzenketak, Espainiako Kongresuko Gai Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Batzordeak onartutakoak, «eskasak» dira, eta ez dute bermatzen «hizkuntza guztien berdintasuna». Hala salatu dute hizkuntza gutxituen eskubideen alde jarduten duten hainbat eragilek; tartean, Euskalgintzaren Kontseiluak. Haien arabera, legeak ez die «inolako aipamenik edo aitorpenik» egiten gaztelera ez beste hizkuntzei. «Hori dela eta, haurrei, gazteei eta, oro har, ikusleei galarazi die beren hizkuntza gozatzea telebista saioen, telesailen eta filmen eskaintza zabalaz».
Gogorarazi dutenez, eragileok proposamenak aurkeztu zizkien Espainiako Gobernuari zein alderdiei legea onartu aurreko fase guztietan, bai lege aurreproiektuari helegiteak egiteko prozesuan eta baita lege proiektuaren eztabaidan ere, «lege berriak hizkuntza aniztasuna oinarrizko printzipio gisa onar zezan». Ikus-entzunezkoen plataformetan TVE katearen emankizunetan nahiz finantzaketan hizkuntza guztientzat «gutxienekoak» ezartzen saiatu direla azaldu dute, eta, presio politikoa eta soziala «erabakigarria» izan dela. Alta, onartutako aldaketak «erabat eskasak eta testimonialak» direla salatu dute, «osotasunaren %0,35 eta %2,55 artean kokatzen baitira».
Eragileen arabera, testimonialak izango dira, halaber, «hizkuntza aniztasuna bermatzeko asmoz ezarriko diren kuotak», streaming plataformei jarritakoak. Lege proiektuaren arabera, streaming plataforma handiek estatuan lortutako diru sarreren %5 Europako ikus-entzunezko lanak sustatzeko erabili beharko dituzte, eta portzentaje horren %70 izango da estatubakoitzeko hizkuntzetan eginiko lanentzat. Hala ere, zenbateko horren barruan, legeak %15 baino ez die bermatuko euskarari, katalanari eta galegoari. Ehuneko hori erkidegoetako biztanle kopuruaren arabera desberdina izango da, eta gutxieneko kuota %10ekoa izango da hizkuntza bakoitzarentzat —EAJk eta Espainiako Gobernuak asteon adostu zuten puntu hori aste hasieran. EH Bilduk, ordea, kopurua ez du nahikotzat jo—.
Kuota horrek, gainera, ez die eragingo egoitza Espainiako Estatutik kanpoko duten enpresi; hala nola, Netflixi eta Disneyri. Lege proiektuaren arabera, enpresa horiek erantzukizun konpromiso bat zehaztu beharko dute, hizkuntza koofizialen presetzia bermatzeko. Legeak, baina, ez die horretarako derrigortasunik ezarriko, eta hori kritikatu dute hizkuntza gutxituen eskubideen aldeko eragileek.
Baina ez hori bakarrik. Salatu dutenez, enpresa horiek ez dira behartuta egongo azpitituluetan, audiodeskribapenetan eta interfazeetan erabiltzaileei hizkuntza hautatzeko aukera ematera. «Horrek, praktikan, galaraziko du gaztelania ez den beste edozein hizkuntzatan filmen eta serieen jatorrizko bertsio azpitituludunak ikustea», azaldu dute. Positibotzat jo dute, bestalde, katalogoen barruan geolokalizazio-irizpidea ezartzea, eta, hartara, lehentasuna ematea tokian tokiko ekoizpenei. Hala ere, deitoratu dute modu horretan hizkuntza guztien «gutxieneko presentzia» ez dela bermatuko: «Gaztelania ez den beste hizkuntza batzuetako edukiak gehitu beharko liratekeela adieraztera mugatzen da».
Horrez gain, salatu dute Espainiako Kongresuko osoko bilkuran eztabaidatuko duten proposamena «oldarkorra» dela ekoizle independenteekin, hain justu, «gaztelania ez den beste hizkuntza batzuetan eskuragarri egon den gutxieneko eskaintza bermatzen zuten» horiekin.
«Bazterkeria» handieneko eremuetako bat
Adierazpen bateratuaren sinatzaileen arabera, ikus-entzunezkoena da hizkuntza gutxituen «bazterkeria egoera» nabarmenena den eremuetako bat, eta duen garrantziaz ohartarazi dute. Azaldu dutenez, ikus-entzunezkok«gaitasun handia» dute «hizkuntzaren, kulturaren eta ekonomiaren garapenean laguntzeko».
Horregatik, Espainiako Gobernuari nahiz hura sostengatzen duten alderdiei eskatu diete «immobilismoa eta errezeloak» alde batera uzteko. Horrez gain, jakinarazi dute elkarretaratzea egingo dutela kongresuaren atarian heldu den ostegunean, osoko bilkuraren testuinguruan.