Pastor

Ikurrinik ez gabarran

2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Bost urte falta dira oraindik Franco hiltzeko. Mutil batek Bilboko Aurrezki Kutxan lan egiteko oposizioen probak pasatu ditu. Azken saioa du orain. Ahozkoa. Aztertzaileetako bat Pedro Kareaga Basabe dugu, Cadaguako bigarren kondea. Gazteak azterketa guztiak bikain gainditu eta lanpostua lortuko du. 1970eko ekaina da.

Pedro Kareagaren arreba zen Pilar Kareaga, orduan Bilboko alkate frankista (1969-1975). Haien haurridea genuen Concepcion Kareaga Basabe, doña Concha. Kutxan sartu berria zen mutilaren lankide batek administratzaile lanak egiten zituen alkatearen ahizparentzat. Eta gazteari esaten zion kareagatarrek-eta bizkaitarrak deitzen zietela EAJkoei. Los bizkaitarras.

Pilar Kareaga baino lehen Javier Ibarra izan zen Bizkaiko hiriburuko alkatea (1963-1969). FET y de las JONS alderdiko kidea zen Ibarra. Falangista. ETAk hura bahitu eta hil zuen 1977an. Bereziek. Ibarra El Correo Español-El Pueblo Vasco eta El Diario Vasco egunkarien presidentea izan zen –Bilboko egunkariak El Correo izena hartu zuen gero, iragan frankista ezkutatzeko edo. Inoiz aitortuko ditu diktaduran jokatutako rola eta egindako mina?–.

Kareagak, Ibarrak eta Neguriko oligarkiak ez zuten bereziki maite ikurrina, samur esanda. Bizkaitar horien buruak sortutako zapitzat izango zuten. Mende erdi baino gehiago igaro arren, badirudi haien ondorengo batzuek oraindik ez dutela oso gustukoa ezaugarri hori. Ikusi besterik ez dago El Correo egunkariak larunbatean argitaratutako azala. Bertan, marrazki handi batean ageri da gabarra. Ontzia bandera zuri gorriz eta Athleticen ezkutuz betea dago, jendez lepo. Lehoi bat ere azaltzen da. Eta dantzari bat. Ikurrin bat bera ez.

«Futbol munduan hizkuntza jakin barik kontratatzea edonon gertatzen da. Bilbon eta Parisen. Akaso eskatu zioten Messiri frantsesez jakitea PSGn jokatzeko?»

Hedabidearen irudiak ikonografia frankista folklorikoa gogorarazten du. Ikurrina debekatua zen diktaduran. Ikurrinak, Euskal Herriko banderak, EAEko ikur ofizialak, ez du lekurik El Correo-ren gabarran. Errazago ikusiko duzu marrazki horretan dantzari bat hanka airean, olatuen astinduei aurre egiten, ikurrin bat baino. Mundua buruz behera ipini nahi izan digu egunkariak. Beste errealitate bat saldu. Ezer maitatzea bezain librea da zerbait gorrotatzea edo hari estimu gutxi izatea, bai. Beste kontu bat da horretaz itsutu eta errealitatea ikusi nahi ez izatea. Ostegunean benetako gabarra eta benetako errealitatea ikusi genituen Bilbon. Athletic ontzian ikurrina zegoen. Eta dantzaririk ez, orekari eutsi nahian.

Hilabete eman du El Correo-k Athletic gora eta Athletic behera, bilbotartasuna hauspotzen eta, zeharka, bilbotarkeria harrotzen. Bizkaitartasun autonomista eta folklorismo erregionalista bultzatzen. Gu, bizkaitarrok eta athleticzaleok, zeruetara eramaten. Eta bai, Athleticen garaipenak herriaren poza piztu du. Hauteskunde kanpainan abertzaletasuna goratzeko modua izan zitekeela adierazi dute zenbait lagunek, maltzur. Hara non garaipena unionistek aprobetxatu nahi izan duten. Javier de Andres sinpatikoak txapela bekainetaraino jantzi du eta ahokada bota: jokalariei euskara eskatzen ez dietelako irabazten dute Athletic, Reala eta Baskonia taldeek.

Ea, ba: futbol munduan hizkuntza jakin gabe kontratatzea edonon gertatzen da. Bilbon eta Parisen. Akaso eskatu zioten Messiri frantsesez jakitea PSG-n jokatzeko? Eta Luis Enriqueri talde hori entrenatzeko? Grezierazko B2 titulua ateratzeko esan dio Olympiakos-ek Mendilibarri? Ez. Baina Messi, Luis Enrique eta Mendilibar ez zituzten funtzio publikoan onartuko hizkuntza ofizial horietaz dotore mintzatu gabe. Eta, euskaldunek ez bezala, edozein frantses eta greziarrek argi baino argiago du administrazio publikoak kudeatutako edozein lekutara joan eta haren hizkuntzaz mintzatzeko eskubidea izango duela.

Concepcion Kareaga Basabe Neguriko txalet batean bizi zen. Alde batean bera, eta beste aldean senarra. Inoiz ez omen zuten elkar ikusten. Hilean behin ohitura bitxia zuen Doña Conchak. Erritual bat: zakurra Parisera bidaltzen zuen, garbitu eta orraztera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.