Ikurrina aldarrikatu du EAJk, «elkartasun eta errespetu» sinbolo gisa

Euskal bandera hori lehen aldiz altxatu zen egunaren 130. urteurrena ospatu dute jeltzaleek, Bilbon. BBBko presidente Itxaso Atutxak esan du ikurrina dela «etengabe eraikitzen ari den herri baten ikurra».

EAJko kideak ikurrina altxatzen, gaur, Bilbon. EAJ
EAJko kideak ikurrina altxatzen, gaur, Bilbon. EAJ
xabier martin
2024ko uztailaren 13a
15:00
Entzun

«Ikurrina da batzen gaituen sinboloa. Emakume eta gizon berdin eta askeek osatzen duten eta errespetuan oinarritutako idealak partekatzen dituen komunitatea barne hartzen duen sinboloa». Horrela azaldu du EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak zer sinbolizatzen duen euskal bandera horrek.

Ikurrina lehen aldiz altxatu zen egunaren 130. urteurrena ospatzeko ekitaldi politikoa egin dute jeltzaleek gaur, Bilboko Arriaga Plazan. 1894ko uztailaren 14an izan zen, Zazpikaleen bihotzean, Bilboko Posta kalean zegoen Euzkeldun Batzokijan. Bizkaiko jeltzaleen buruak nabarmendu du EAJrentzat ikurrina dela «martxan dagoen herriaren sinboloa, etengabe eraikitzen den herriarena, etengabe aurrera eginez». Lan hori hartu ei dute EAJko kideek, «erantzukizunez, ilusioz eta konpromisoari eutsiz». Atutxak erantsi du eginbehar hori «beti errespetuz eta inposiziorik gabe» egiten dutela, «egikaritzen eta aldi berean exijitzen dugun errespetuarekin».

«Herri bat ez da eraikitzen mastan bandera bat edo beste jartzeagatik; errespetuz eta konpromisoz, giza kolektibitatea eratu behar da»

ITXASO ATUTXAEAJren BBBko presidentea

Atutxak azpimarra egin du EAJren lan politikoa eta errespetua lotzen dituen mezuan, «herri bat ez delako eraikitzen mastan bandera bat edo beste jartzeagatik». Aitzitik, jeltzaleek herria eraikitzeko duten formula azaldu du: «Errespetua, konpromisoa eta giza kolektibitatea eratzea, emakume eta gizon prestatuek zuzendutako erakundeekin identifikatuta eta ordezkatuta sentituko dena». Atutxa «kontzientzian eta borondatean haziko den proiektu» bati buruz aritu da, nazioari erreparatu dionean. «Demokrazian eta erabakitzeko eskubidean aurrera» egiteko beharra ere aipatu du. «Komunitatea eraikiz, euskal herritar gehiago barnean hartuz, ikurrinaren gorri, berde eta zuriaren balioak bereganatuz», bukatu du BBBko presidenteak.

Erreibindikazioa eta jaia

Ehunka pertsona izan dira gaur EAJren ekitaldian. Ikurrin ugari ikusi dira bertan, eta ekitaldiak jai izaera izan du. «Euskal bandera nazionalari gorazarre egiteko» aurresku batekin abiarazi dute ikurrinaren omenaldia, EAJk jakinarazi duenez, Bilbo Zaharreko Uri Erakundeko alderdikideak ikurrina altxatzen zuten bitartean. Han egon dira, besteak beste, BBBren burukideak, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Espainiako Kongresuko EAJko bozeramaile Aitor Esteban eta Oihane Agirregoitia europarlamentari jeltzalea.

Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek sortu zuten ikurrina, 1894ko uztailaren 14a baino egun batzuk lehenago. Egun hartan, uztailaren 14an, arratsaldeko seietan, Euzkeldun Batzokijan altxatu zuten estreinakoz, Bilboko Posta kaleko 24. zenbakian zegoen etxeko bigarren solairuko lokalak inauguratzeko. Lehen ikurrina hura artilezkoa zen. Hurrengo urtean, irailaren 12an, konfiskatu egin zuten Espainiako agintariek, Euzkeldun Batzokija itxi zutenean. 1936ko urriaren 19ra arte ez zuen Euzkadiko Gobernuak ikurrinaren ofizialtasuna ezarri, «Euzkadiko» bandera gisa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.