"Identitatea aitzakia" hartuta, Iruñeko udal gobernu berria konfrontazioa bultzatzen ari dela ondorioztatuta, kalejira antolatu dute hainbat eragilek datorren larunbaterako Nafarroako hiriburuan. Sanferminak hasten diren eguna aukeratu dute antolatzaileek ikurrinaren eta bestelako ikurren aldeko martxa egiteko, ahaztu gabe Enrique Maia alkatearen lehenengoetariko neurria izan dela "bandera eta oihal handiak" debekatzea.
Sanferminei hasiera ematen dien txupinazoa baino ordubete lehenago abiatuko da kalejira Txapiteletatik. Hurrengo sanferminetan, "nortasunaren eta identitatearen defentsan lan egiteko konpromisoa" berrestea da antolatzaileen asmoa. "Ez dugu onartuko gure identitatea aitzakia harturik, gurekin konfrontazioa eragiteko jazarpen eta istiluak itzultzea. Ezta Iruñeko herritar asko eta asko bigarren mailako biztanle gisa tratatzea ere".
Deitzaileek gogora ekarri dute aldaketaren aurreko urteetan herritarrek bizi izan zituzten "euskal identitatearen aurkako jarrerak", eta ohartarazi ez daudela prest halakorik gehiago onartzeko. "Iruñearen zati handi bat ezkutatzen saiatu ziren urte luzez, milaka eta milaka iruindarroi mespretxu eginez, jazarriz. Horregatik, aurten ere, ate joka ditugun Sanferminetan arduraz eta Iruindar guztion mesedetan jardungo duen giroaren alde egitea dugu xede".