Ikurretatik eta keinuetatik haratago

Sahararrak errefuxiatuta dauden daira banarekin senidetu dira Euskal Herriko hiru udalerri: Ikaztegieta, Anoeta eta Belauntza. Euskal Fondoaren eskutik izan dira ordezkari politikoak Tindufen (Aljeria). 2019tik ez zen bidaia instituzionalik egiten.

Ikaztegieta eta Tifaritiren arteko senidetzearen ostean egindako ongietorri festa, Esmaran. Maimuna Said eta Alba Garmendia alkateak ageri dira argazkian. BERRIA
Ikaztegieta eta Tifaritiren arteko senidetzearen ostean egindako ongietorri festa, Esmaran. Maimuna Said eta Alba Garmendia alkateak ageri dira argazkian; ezkerretik hasita seigarrena eta zazpigarrena. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Tinduf
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Alba Garmendia eta Maimuna Said elkarren ondoan eseri dira. Une horretan bertan ezagutu dute elkar, baina begiradak eta irribarreak trukatzen ari dira etengabe. Euskal Herriko ordezkariak sahararrak errefuxiatuta dauden kanpalekuetara iritsi eta biharamunean bertan izan da ekitaldia. Tranpaldoan dauden emakume sahararrak tea egiten hasi dira, eta ekitaldia amaitu bitartean iraun du erritual luze horrek. Gipuzkoako Ikaztegieta, Anoeta eta Belauntzako alkateak bertako agintarien alboan daude. Tifariti (Esmara) eta Echraifia (Dakhla) dairekin senidetu dira lehenengo bi udalerriak. Belauntza, berriz, wilaya batekin, Bojadorrekin. Banderak, txapelak, plakak, eta gameluak dituzten marrazkiak trukatu dituzte, baina herrien arteko senidetzea ikur eta keinu trukaketa batetik haratago doa. 

Euskal Herriko udalerrien eta kanpalekuetako dairen arteko senidetze ekitaldia, Bojadorren.
Euskal Herriko udalerrien eta kanpalekuetako dairen arteko senidetze ekitaldia, Bojadorren. K.B.T.

«Senidetzea sinbolo bat da, baina guretzat esanahi politikoa dauka. Momentuz hazitxo bat baino ez da, baina espero dugu proiektu zehatzak gauzatzea». Alba Garmendia Ikaztegietako alkateak azaldu du nola herrian bizi den saharar baten bidez jaso zuen dairarekin senidetzeko proposamena: «Ikaztegietan sei-zazpi familia saharar bizi dira; herri txikia da, baina saharar komunitatea handia dauka, eta harreman estua daukagu. Othmane Dedah udalera etorri, eta berak proposatu zigun senidetzea, hemen bizi izan baitzen jaioterritik erbesteratu behar izan zuenean». 

Maimuna Said Tifaritiko alkatea adi-adi entzuten ari da bere homologoa haren hizkuntza ulertzen ez badu ere. Jarraian jasotako babesa eskertu du: «Oso urrunetik etorri zarete gurekin egoteko. Euskal gizartea beti egon da sahararrekin, urrun baina gertu. Gurekin edo aurkariarekin, hori baino ez dago, eta argi dago euskal gizartea norekin dagoen». Tifaritik duen sinbolismoaz ere mintzatu da: «Askatasunaren sinboloa da. Marokok Tifariti bonbardatu zuen napalma eta fosforo zuriarekin exodoaren unean. Gure Gernika da».

Egoitz Luisa eta Salama Yaya Echraifia dairako alkatea, bi herrien arteko senidetze ekitaldian, Bojadorren.
Egoitz Luisa Anoetako alkatea eta Salama Yaya Echraifia dairako alkatea, bi herrien arteko senidetze ekitaldian, Bojadorren. K.B.T.

Egoitz Luisa Anoetako alkateak argi dauka sahararrak arazo politiko baten ondorioz bizi direla erbestean: «Badagokigu arazo humanitariotik haratago laguntza ematea, eta bidaia honen helburua hori ere bada, politikoki nola lagundu ditzakegun ikustea». Euskal Herriarekin ere hainbat antzekotasun ikusten ditu agintariak: «Herri zapaldu eta ukatu bat, hizkuntza minorizatu batekin, gatazka politiko batekin, etorkizuna erabakitzeko tresnarik gabe... Hona etortzea gertu gaituztela esateko modu bat ere bada». 

Bost eguneko bidaia

Euskal Herriko ordezkariak bost egunez izan dira kanpalekuetan. Euskal Fondoaren eskutik izan dira han. Alderdi guztietako 28 ordezkari politikok hartu dute parte bidaian, tartean bost legebiltzarkide. Kanpalekuetako egoera bertatik bertara ezagutzea eta harreman instituzionalak sustatzea izan da helburua. Euskal erakundeek finantzaturiko proiektuak ere ezagutu dituzte.

Euskal Herriko ordezkariak Saharako Parlamentuan, Rabunin, Tinduf (Aljeria)
Euskal Herriko ordezkarien taldeko argazkia. Hama Salama Saharako Parlamentuko presidentea ageri da erdian, zuriz. K.B.T. 

2019. urteaz geroztik ez zen bidaia instituzionalik egiten; hortaz, bidaia honek esanahi berezia izan du. Itsaso Andueza Euskal Fondoko SKU Sahararako Koordinazio Unitatearen arduradunaren iritziz, oso emankorra eta positiboa izan da: «Euskal erakundeen saharar kausarekiko sostengu politikoa berresteko balio izan du, eta, bide batez, lankidetzan jarraitzeko eta sakontzeko konpromisoa hartzeko. Ikuspuntu sozialetik ere garrantzitsua izan da; izan ere, sahararren bizimodua ezagutu dute, euren etxeetan egon baitira bost egun hauetan».

Euskal Fondoa 1996an eratu zen udal gobernuek eta diputazioek lankidetzara bideratzen dituzten funtsen zati bat koordinatzeko. Juanma Balerdi zuzendariaren hitzetan, koordinazio eta laguntza tresna gisa eratu zen: «Gaur egun 121 bazkide ditugu, udalak eta hiru diputazioak. Eusko Jaurlaritzarekin eta Batzar Nagusiekin, berriz, hitzarmenak ditugu. SKU 2003an sortu zen saharar herriarekiko jarduera eta proiektu guztiak koordinatzeko helburuarekin. 2008tik aurrera, berriz, lan ildo berri bat ezarri genuen; laguntza humanitariotik haratago joan behar genuela ohartu ginen, eta ildoetako bat da giza eskubideen eta memoriaren alorrean ere ikerketak sustatzea».

Juanma Balerdi Euskal Fondoako presidentea eta Brahim Gali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea.
Juanma Balerdi Euskal Fondoa elkarteko zuzendaria eta Brahim Gali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea, Rabunin, Tinduf (Aljeria). K.B.T.

Euskal Fondoak, Eusko Jaurlaritzak eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak hogei milioi euro baino gehiago bideratu dituzte azken hamar urteotan Saharara (2014-2023). Balerdik zehaztu duenez, kanpalekuetako dairekin senidetuta dauden udalen zerrenda ere zabala da. «Euskal Autonomia Erkidegoko ia ehun udalerri senidetu dira saharar herriekin. Gasteiz izan zen lehenengoa. 1987an senidetu zen La Guerarekin. Orduz geroztik, 96 senidetze ditugu erregistratuak; dena den, horietako asko ez daude aktibo». Senidetzeak bi herrien arteko elkartasunaren sinbolo dira, ikur eta keinu trukaketa batetik haratago doazenak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.