Ikertzen ari dira Donostian emazteari eraso egin dion ertzainak ea lehendik ematen ote zizkion tratu txarrak

Erasotzaileak sexua aldatu zuen azaroan erregistroan —emakumea da orain—, eta hori prozesu judiziala baldintzatzen ari da: ezin diote indarkeria matxista egotzi. Lege iruzurra egin ote duen ikertzen ari dira.

Ertzaintzaren auto bat Donostiako epaitegira sartzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Ertzaintzaren auto bat Donostiako epaitegira sartzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko abuztuaren 20a
09:40
Entzun

Donostian emazteari eraso egin zion ertzainaren kasuan xehetasunak azaleratzen ari dira egunak pasatu ahala. EITBk eta El Diario Vasco-k plazaratu dutenez, larunbat goizaldean gertatutakoa ez zen salbuespena izan, emakumeak deklaratu baitzuen lehendik jasaten zituela tratu txarrak.

Ertzaina larunbat arratsaldean igaro zen epailearen aurretik; epaileak mehatxu larriak egitea egotzi zion, biktimak senideak izatearen larrigarriarekin, eta urruntze agindua ezartzea erabaki zuen. Delitu horregatik, sei hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Dena den, epaileak ez zuen ebatzi kasu hori indarkeria matxista denik, ezin duelako. Larunbat arratsaldean bertan geratu zen aske akusatua, zenbait kargu leporatuta.

Trans legea baliatuta, erasotzaileak azaroan aldatu zuen sexua Erregistro Zibilean, eta orain, legez, emakumea da. Sexu aldaketak baldintzatu egin du prozesu judiziala; izan ere, ezingo litzateke indarkeria matxista gisa hartu. Gipuzkoako Fiskaltza, ordea, lanean ari da gertatutakoa indarkeria matxista den ebazteko, baina esku artean izan duten gisa horretako lehen kasua da, eta sakon aztertu beharko dute. Oraingoz, gertatutakoa etxeko indarkeriaren arloan ari dira ikertzen, baina fiskaltzak nahi du emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegi batek har dezala.

Iruzur posiblea

Trans legea iazko martxoan sartu zen indarrean, eta, hari esker, legez sexua aldatzeko, nahikoa da Erregistro Zibilean horretarako nahia adieraztea. Ez da derrigorrezkoa izena aldatzea, ezta itxura fisikoa ere. Lehen, tratamendu bat hasita izatea exijitzen zuten, baita medikuen txostenak aurkeztea ere. Dena den, sexu aldaketa egiten duen pertsonak horretarako «benetako nahia» erakutsi behar du, eta ezin du aldaketa baliatu legeari iruzur egiteko. Erasotzaileak hori egin ote duen ikertzen ari da fiskaltza. Aldaketa bertan behera uztea eskatuko dute, «helburu bidegabearekin» egin zuela frogatuz gero. 

Badago beste kontu bat ere: legearen arabera, sexua legez aldatzeak ez du baldintzatzen aurrez egindako delituak epaitzeko modua. Hau da, azaroaren aurretik egindako delituetan gizon gisa epaitu behar da ertzaina. Horrelakoren bat ba ote den ikertzen ari dira, larunbatean egindako deklarazioan emazteak kontatu baitzuen ez zela mehatxuak jasaten zituen lehen aldia. Horregatik, fiskaltzak uste du badela kasu hori indarkeria matxista modura epaitzeko adina oinarri. Erakusten badute ertzain horrek legeari iruzur egiteko aldatu zuela sexua erregistroan, bertan behera geratuko da aldaketa.

Oraingoz, kasuaren ebazpenak luze joko duela dirudi. Bitartean, urruntze agindua mantenduko diote aitari, eta behin-behinean aske jarraituko du.

Erasoa

Larunbat goizaldean gertatu zen. Erasotzaileak bi alaba adingabeen aurrean eraso zion emazteari, sukaldeko labana handi batekin. Emakumeak, negar gasa erabilita, etxetik ihes egin eta laguntza eskatzea lortu zuen, alaba txikienarekin batera. Martuteneko kartzela zaintzen duten poliziengana jo zuten. Goizaldeko laurak ziren.

Ertzaintza emakumearen etxera joan zenean, tentsio uneak izan ziren, aita alabetako zaharrenarekin itxi zelako barruan. Azkenean, lortu zuten hura atxilotzea. Lehen hipotesien arabera, eztabaida baten ondorioz haserretu zen bikotekidea, eta emaztea zenbait alditan mehatxatu ostean hartu zuen labana.

Atxilotuak Donostia aldeko polizia etxe batean egiten du lan, baina gaur egun ez da lanean ari, gaixo baimenarekin dagoelako.

Erasoak harrabotsa sortu du, eta erreakzioak eragin. Izar Hernando Donostiako EH Bilduko zinegotziaren esanetan, erasoa «indarkeria matxista larria» izan da. Halaber, salatu du trans legeari iruzur egin nahi izan diola ustez, «indarkeria matxistaren kontrako legeari izkin egiten saiatzeko». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari neurriak hartzeko ere eskatu dio, erasotzailea ertzaina denez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.