Zientzia da arrotzen edo zailen egiten den ezagutza. Espainian, inkesta batean, jendeari eskatu zioten esateko zientzialari baten izena; %60k ez zekiten bat ere. Hemen ez dira oso ezberdinak izango datuak». Juan Ignacio Perez Iglesiasek (Salamanca, Espainia, 1960) orain lau urte BERRIA egunkariari emandako elkarrizketa batean egindakoa da adierazpena; esanguraz —eta arranguraz— betea haren hitzetan. Izan ere, ikertzailea da bera; fisiologiaren arloko ikerketetan ari da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean 1985. urtetik, katedraduna da 1999tik,eta aparteko ahaleginetan ari da zientziaren hedapenaren alde ere: besteak beste, EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria da. Atzo jakin zen berak jasoko duela aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria.
EHUko Euskara errektoreorde izan zen 1997ko ekainetik 2000ko otsailera; errektorea, 2004ko maiatzetik 2009ko urtarrilera. Izen funtsezkoa da Perez Iglesias unibertsitatearen historia hurbilean. Urte haietan hark egindako ekarpena hartu dute aintzat, beste hainbat zioren artean, saria emateko. «Bere ekarpenetako bat izan da unibertsitatean euskararen erabilera sustatzea», nabarmendu zuten atzo sariaren berri emateko prentsa oharrean.
Epaimahaiak goraipatu egin du, halaber, «zorroztasun akademikotik» euskal gizartean kultura zientifikoa sustatzeko Perez Iglesiasek egindako hautu irmoa: «Euskal unibertsitatea gizartera gerturatu du, ezagutza maila areagotuz eta begirada kritikoa garatuz». Komunikabideetan eta baliabide digitaletan ere xede horrexekin egiten duen «ekarpena» txalotu dute. 1995ean hasi ziren sari hau banatzen; Julio Caro Barojari eman zioten. Iaz, Teresa del Valle antropologoak jaso zuen. Gazte bat ere laudatzen dute urtero sariotan, atzo eman zuten saridun horren berri ere: Aizpea de Atxa artista hautatu dute.
SOSLAIA. Juan Ignacio Perez Iglesias
Ikertzailea eta hedatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu