Hiru urte ere ez du iraun. Aurreko legealdian, Nafarroako Gobernuak bultzatuta, gobernuaren jarduna arautzen duen 14/2004 legea aldatu egin zuen Parlamentuak, aho batez. Aldaketa hark goi karguen etika eta gardentasun printzipioak zehazten zituen. Besteak beste, 68 artikuluak ezarri zuen kargudun publiko batek «karguan segitzea bateraezina» dela herritarrek emandako konfiantzarekin, baldin eta «ikertuaren egoera prozesalean edo egoera parekidean» badago Zigor Kodean ustelkeriari lotutako delituen auzibide batean.
Hain zuzen ere, aldaketa horretan oinarrituta, Manu Aierdik Garapen Ekonomikoko kontseilariak dimisioa eman zuen ostiralean, nahiz eta juridikoki ulertu bere aurka ireki den auzibidean ez dagoela oraindik ikertuaren egoera prozesalean. Argudiatu zuen urrats hori presio politiko eta mediatikoaren ondorioz aurreratu zuela.
«Berehalako erreforma»
Uxue Barkos zen aldaketa hura bultzatu zueneko gobernuko lehendakari, baina orain bestela ikusten du egoera. Ostiralean, artikulu hartaz baliatzea eta justizia politika egiteko erabiltzea leporatu zion Geroa Baik UPNri eta Navarra Sumari. Barkosek gaur esan du lege horrek «berehalako erreforma» eskatzen duela. Irizpide aldaketaren azalpena eman du Barkosek: «Denborak esan digu artikulu hori berridatzi egin behar dela, haren helburuak bat egin dezan bermeekin eta halakorik berriro gerta ez dadin». Barkosek gogora ekarri du duela hiru urte beste hainbat aldaketa ere egin zirela, eta denborak beharrak egokitzen dituela.
Gorenak auzia irekitzea erabaki zuenetik, Javier Esparzak presioa egin du, Txibiteren gobernuari AIerdi kargugabetzea exijituz. Balizko aldaketa bati buruz galdetuta, zehaztu du proposatzen denean argituko duela euren posizioa. «Orain ez dugu iritzirik». Esparzaren arabera, argi geratu da Aierdik dimisioa eman duela «Barkosek hala erabaki duenean», eta Txibitek ez duela lidergo gaitasunik. Navarra Sumako eledunaren arabera, iraganean UPNk «sorgin ehiza» jasan du, eta kritikatu du jazarpen politikoa «orain gobernatzen dutenek» bultzatu dutela: «Gai izan dira Kontuz-en moduko elkarteak sortzeko». «UPNren goi kargu zehatzak plaza publikoan erreak izan dira, salaketarik onartuta izan gabe», gaineratu du.
«Akatsa da»
PSNko Ramon Alzorrizek egokitzat ikusi du 68 artikulua aldatzea. «Akatsa da hainbeste interpretazio eragin ditzakeen artikulu bat egotea». Erredakzioa argiago izan beharko lukeela deritzo. Gogorarazi du legea onartu zuenean, ustelkeria gaiekin alarma sozial handia zegoela. Bere ustez, alderdiek 68 artikuluan jasotako edukia euren kode etikoan sartu beharko lukete: «Ezin dena egin da errugabetasun printzipioa auzitan jarri».
EH Bilduko Bakartxo Ruizek gogorarazi du koalizioak «konbentzimendu osoz» bultzatu zuela aldaketa, eta gaineratu du konbentzimendu berarekin daudela oraindik ere. «Agian, edukiak anbiguotasuna du, eta zehatzago izan beharko luke». Bere ustez, gai hauetan kargu publikoak eredugarri izateko betebeharra auzibide orok eskatzen dituen berme prozesalekin bateratu beharko litzateke. Gaineratu du EH Bilduk ez duela proposamenik aurkeztuko, eta beste talderen batek edo gobernuak eginez gero, edukia aztertuko dutela.
Atea irekita gobernua eraisteko
Ahal Dugu-ko Mikel Builek beste gogoeta bat egin du. Batetik, gogoratu du Maria Jose Beaumont Justizia kontseilariak bultzatutako lege proiektua izan zela hura, eta 68 artikuluak izan zitzakeen ondorio eta erabilerak «oharkabean» pasa zitzaizkiela taldeei. «Artikulu horrekin edozein abokatu taldek gobernu bat eraisteko aukerari ateak irekitzen zaizkio», nabarmendu du. «Eskuinak salaketa jarri digun bakoitzean dimisioa eman izan balute, Podemoseko kideek erakundeetatik kanporatuko lukete gure alderdia».
Ezkerrako Marisa de Simonek defenditu du 68 artikulua aldatu egin beharko litzatekeela. «Pertsona errugabeek pairatu behar ez luketena pairatzera eraman ditzake».