Ikerkuntza: dirua, burua eta ezina

Ikerlari askok duten prekaritateak bizimodua mugatzen die eta buru osasunean arazoak sortzen dizkie. Besteak beste, gorabehera emozionalak, antsietatea, autoestimu falta, arazo kognitiboak eta gehiegizko nekea izan ohi dute.

Ikerlariek maiz pairatzen dute buru osasuneko gaitzen bat lan zamagatik eta prekaritatearengatik. BERRIA.
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Datuek gehienetan zenbaki itxura duten arren, batzuetan errealitatea gordinki islatzeko ere balio dute. Opik osasunaren gizarte baldintzatzaile eta aldaketa demografikoari buruzko ikerketa taldeak emandako datuen arabera, EHUko doktoregaien erdiek antsietatea dute, eta %38k, depresioa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, buru osasunaren adierazlea, MHI-5 indizea,74,9koa da (ehunetik). EHUko doktoregaietan 51,1 puntukoa da. Baina, zein da ikerlariek egun bizi duten errealitatearen kausa? Besteak beste, prekaritatea.

Beñat Garaio ikertzaile soziolinguistak Eusko Ikaskuntzako Laboral Kutxa Gazte Saria irabazi du. Saritutako proiektuak maoriera hizkuntza gutxituaren eta euskararen arteko zubi lana egitea du helburu. Hala ere, ikerlarien lan baldintzak hobetu bitartean, ikerkuntza alde batera utziko duela jakinarazi du. Garaiok hamar urte daramatza ikerketan, eta lan horretan jarduteak «gogobetetzen» du. Baina urte horietan lan karga «izugarria» izan du, lan baldintza «oso eskasetan» egin du lan, eta «nekea zein frustrazioa» pilatuz joan zaizkio.

«Ikerkuntzaren alorrak berekin dakarren bizi estiloa ez da bizitza bat aurrera eramateko modukoa», azaldu du. Doktoretza tesia egiten bost urtean jardun zuen lanean, eta ia lau «ondoezik» pasatu zituen. «Ondorioz, nire ongizate ekonomikoagatik, pertsonalagatik eta psikologikoagatik pauso hau eman behar izan dut». Hartutako erabakia dela eta, argi utzi du «milaka» adibideren artean bat dela berea.

Leire Castrillok, berriz, hiru urte daramatza bere doktore tesia egiten, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin. Egoera ezagututa, «pribilegiatua» dela dio. Lehenengo urtean, hilero, 900 euro kobratzen zituen; bigarrenean berriz, 900 pasatxo, eta orain, 1.000 eta gutxi. 30 urte ditu Castrillok, eta bere inguruko jendea bizitza proiektu bat eraikitzen hasi da, besteak beste, emantzipatuz. Doktoregaiak, berriz, ezin du alokairua berak bakarrik ordaindu, eta «nerabe eternal» baten gisan sentitzen da. Egunero hamar ordu egiten ditu lan, gutxi gorabehera, ordenagailuaren aurrean. Bere lagun guztiak oporretan daude, baina bera ez; batetik, lan zama oso handia duelako, eta,bestetik, ekonomikoki ezin dituelako besteek egiten dituzten planak egin. Prekaritatearen gai horretan, bada beste puntu bat: Jaurlaritzak ez du onartzen bere diru laguntza jaso duten doktoregaiek beste mota bateko diru iturriak izatea, nahiz eta lan gehigarri horiek tesiarekin zerikusia izan.

Prekaritatea eta ongizatea

Terapiara joatea «oso orokortua» dago Castrilloren inguruan: «Jendea oso gaizki bizi da estresaren eta antsietatearen ondorioz, eta, beraz, zerbait egin behar dute hori aldatzeko. Buru osasun txarra izateak zure lanean eragina du». Baina, aldi berean, ikerlariek badute beste arazo bat: «Ez dugu dirurik terapia ordaintzeko». Ondorioz, «zirkulu nahiko absurdo eta kaltegarri» batean sartzen dira. «Prekaritatearen eraginez doa ikerlaria terapiara; eta horrek, aldi berean, prekarioago egiten du. Beraz, terapiara joaten gara gure egoera prekarioa mantentzera». Hala ere, gaineratu du terapiara ez joateak zaildu egiten duela lana ongi egitea. Horregatik, Castrillok salatu egin du doktoregaiak gaur egun zer egoeratan bizi diren: «Doktoregaioi gure lana gustatzen zaigu, eta badakigu zortea dugula ikertzeko aukera dugulako. Gure lana ongi egin nahi dugu; baina horretaz aparte, ongi ere egon nahi dugu».

Osasun mentalean gerta daitezkeen desorekak ez dira buru barruan soilik islatzen. Castrilloren arabera, osasun mentala gorputzean somatizatzen da. «Prekaritatea azalean nabaritzen da: pisuan, insomnioan, loan, ilean... eta hau normalizatua egotea ez da normala».

Castrillok azaldu duenez, Jaurlaritzak eta EHUk ez dute berengain hartzen doktoregaiek prekaritatearekin eta buru osasunarekin duten arazoa. Ondorioz, oso garrantzitsua iruditzen zaio ingurukoen laguntza izatea: «Tesia egiten dugunok sostengatzen gaituen zerbait behar dugu; bai laguntza ekonomikoa eta bai afektiboa, emozionala. Bestela, ezingo genuke tesia egin. Beti izan behar dugu gure ingurukoen laguntza». Tesia egiten ari diren lankideengandik babesa jasotzearen garrantzia ere nabarmendu du; horiek ere egoera antzekoan bizi dira. Azken buruan, tesia «ekintza kolektibo» gisa definitu du.

Psikologiatik begiratuta

Leire Pinedo psikologoak identifikatuak ditu ikertzaileek izan ohi dituzten alarma seinaleak. «Prekaritateak segurtasunik eza dakar, eta horrek bizi proiektua mugatu, eta frustrazioa eragin dezake». Maila psikologikoan, berriz, ondoeza «antsietate eta depresio» sintomekin lotzen da gehienbat. «Horren ondorioz, botiken, alkoholaren edo beste droga batzuen kontsumoa eta suizidio arriskua areagotu daitezke. Ikerlariak, bere egunerokoan, loezina, nekea, etsipena edota buruko mina senti ditzake».

Pinedok identifikatu dituen alarma egoerei dagokionez, estres egoera puntualen aurrean, ohikoak eta moldagarriak dira sintoma horiek. Hala ere, denboran irauten dutenean, eguneroko bizitza mugatzen dute. Hauek dira Pinedok identifikatutako alarma seinale batzuk: luzaroan triste egotea, antsietatea izatea, kezkatuta edo hutsik sentitzea; gorabehera emozionalak edo umore aldaketa erradikalak izatea; energia falta edo gehiegizko nekea; loaren, janguraren edota sexu desiraren gabezia; autoestimu falta; suminkortasuna, edota arazo kognitiboak; drogen zein alkoholaren gehiegizko kontsumoa eta suizidio pentsamenduak.

Pinedoren arabera, alarma seinale horiek adierazten dute gorputzari eman dezakeen baino gehiago eskatzen ari zaizkiola. Egoera horri aurre egiteko, oreka berreskuratzeko, atsedena lehenetsi behar dela uste du. Horrez gain, norberak bere burua zaintzea funtsezkoa dela azpimarratu du: «Garrantzitsua da geure buruarekiko harremana zaintzea, gogor ez epaitzea, eta geure buruarekin atseginak izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.