Memoria historikoa. Nafarroako datu basea. Emilio Majuelo. Memoria Berreskuratzen proiektuko burua

«Ikerketari segida emateko, proiektu bat prestatzen ari gara»

Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsak duela urtebete jarri zituen kontsultagai bere datuak. Datu bila eta bilatutakoa antolatzen segitu dute bertako historialariek, Majueloren gidaritzapean.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Adar asko ditu memoria historikoa berreskuratzeko bideak. Hilketa eta fronte guneen indusketena da bat; artxibategietako bilaketarena bestea; testigantza bilketarena hirugarrena; berreskuratutakoa gizarteratzekoa laugarrena. Hobiena ez beste adar guztiak lantzen ari da Emilio Majuelo (Tutera, 1953) buru duen Memoria Berreskuratzen ekinbidea. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Legebiltzarrak sinatutako ituna da proiektuaren abiapuntua.

Asteartean bete da urtebete Memoria Berreskuratzen datu basea kontsultagai jarri zenutela. Nola hartu du jendeak?

Oso ondo. Alde batetik, 100 bat pertsona gurekin harremanetan jarri dira zuzenean, datu jakin batzuen inguruko azalpenak emateko eta. Parte hartze aktiboa dago. Halako ñabardurak oso ondo datozkigu. Bestelako kontsultak askoz gehiago dira, noski.

Nondik abiatu zineten datu basea osatzerakoan?

Nafarroan aspaldidanik egin dira gauza asko memoria historikoaren arloan. Dena egina ez izan arren, 30 urte daramatzagu lan horietan. Nafarroan badira mugarri batzuk, eta mugarri horietatik abiatu ginen.

Mugarri bat, nabarmena, Altaffaylla kultur taldearen Navarra 1936. De la esperanza al terror (2003) izan zen. Han ere parte hartu zenuen.

Bai, jende askok parte hartu zuen han. Ez da ahaztu behar liburu hori Jose Maria Jimeno Jurioren lanetan oinarritu zela. 1970eko hamarkada bukaerakoak dira lan horiek. Gero etorri dira biktimen, asesinatuen senideen elkarteak. Horiek ere gauza on asko egin dituzte. Gauza asko egin dira sozialki. Akademikoki, ikerketa arloan ere bai, eta ez unibertsitatean bakarrik. Eta oso nabarmentzekoa da politikoki ere egin direla gauzak. Nafarroako Parlamentuan 2003an egin zitzaien lehen aitorpen publikoa, izan ere, 36ko gerraren biktimei, eta geroztik sortu dira hainbat gauza.

Zuen datu basea soka horretatik dator. Ez da ekimen bakarra, hala ere.

Ez. Batetik, Nafarroako Gobernuak Tracasa enpresari esleitu zion gerrako hilobien mapa egiteko lana, PSN eta UPN agintean zirela [2011 eta 2012 bitartean egin zuten lana]. Geure proiektua, berriz, 2009an zegoen onartuta, eta 2012ko ekainean jarri zen abian praktikan. Baina zerbait nabarmentzekotan, bereziki, Memoria Historikoaren Legea nabarmendu behar da Nafarroan [iazko azaroaren 14an onartu zuten; UPN abstenitu egin zen, eta PP aurka agertu]. Irakurri egin behar da. Oso aurrerakoia da, nire ustez.

Duela urtebete pasatxo gertatu zen hori. Zer egin da lege hori eskuan orain arte?

Legea gobernuak bete behar du, eta gobernuan dagoena dago. Gauza gutxi egin da.

Nafarroako Memoriaren Legea ona izanik ere, zenbait agiritegiren ateek itxita segitzen dute.

Bai. Eta kasurik larriena Guardia Zibilarena, Poliziarena eta kartzelarena da. Kartzeletako agiritegi gehienak dagozkien artxibategi historiko probintzialetan daude. Nafarroan, foralak garenez, hori atzeratu egin zen, eta dena prest eta azken sinaduraren zain zegoenean, PP sartu zen gobernuan eta bukatu zen. Guk eskatzen duguna da modu intentsiboan, lehendabiziko fitxatik azkenengora, begiratzeko aukera izatea. Ez digute hori onartzen. Ezin dira funts guztiak kontsultatu. Guardia Zibilaren eta Poliziaren kasuan, ezin da ezer begiratu.

Zuen datu basera bueltatuta, zein izan zenuten lehen lana?

Lehenengoa, Altaffayllako liburua hartu eta existitzen ziren asesinatuen zerrendak hustu. Haien inguruan milaka datu daude, eta berritzen ari gara informazio hori.

Eta fusilatuen zerrendak hartuta, Galiziako memoria berreskuratzeko proiektuan zerabilten datu basea gurera moldatu genuen. NUPeko talde informatikoa ere horretan aritu da gurekin, eta emaitza ederra izan da.

Zenbat informazio erakusten du zuen datu baseak?

Ikusten ez dena izugarri da. Pertsona bakoitzarekin, basearen tripetan, balizko 50en bat erregistro daude betetzeko. Funtzio soziala da datu basearen lehen helburua, baina ikerkuntzarako aukera asko ematen du, informazioa sistematizatuta eta behar bezala jasota gordez gero. Horregatik, datu basea oso zehatza da, eta oso zorrotz jokatzen dugu. Gure ondoren ere material hau erabilgarri izatea nahi badugu, hala behar du.

Altaffayllako zerrendak bukatutakoan, zeri ekin zenioten?

Beste iturri berri batetik aurkitu ditugun datuak sartzen joan gara. Jakina denez, altxamendu osteko hilketa haietako biktima asko eta asko ez zituzten heriotza liburuetan eta erroldetan jaso. Gerora, haien senideek, hildakoak hilak zeudela frogatu ahal izateko, epez kanpoko izen-ematea deitzen zitzaion formula bat erabili zuten. Iaz aurkitu genituen izen-emate haiek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.

Ez da ahaztu behar Nafarroan gehienak altxamendua gertatu eta lau hilabeteko epean hil zituztela. Haien inguruan ez dago epaiketarik, eta ez dira inon agertzen. Horregatik da hain garrantzitsua epez kanpoko izen-emateen agiritegia aurkitu izana.

Hildako gehiago aurkitzeko balio izan al dizue horrek?

Hildako askoz gehiago ez dira aterako han. Zerrenden handi-aurkia egina dago.

Eta hildakoen kokapena zehazten lagunduko dizue?

Hori bai, hori gerta liteke. Orain, berriena beste jazarpen klase batzuetako zerrendak dira. Eta ahal badugu, urteetan aurrera egingo dugu jazarpen klase horiek aztertzen.

Artxibategietako bilaketa lana bukatu al duzue?

Ez. Artxibategi militarrak arakatzen ari gara oraindik. Bartzelonatik heldu berri naiz, esaterako, aste osoa han eman ondoren. Iruñean, Ferrolen [Galizia], Segovian [Espainia] egon gara. Poliki-poliki, baina bagoaz.

Luzerako lana dela, alegia.

Bai. Aurten, gainera, parlamentuak egindako eskaera bati eta gobernuak egindako beste bati erantzun behar izan diegu, eta irailera arte lan asko eman digute. Aurten datuak eta datuak sartu ditugu basean, kaskamotz utzitako emakumeenak-eta asko, baina askoz gehiago ezin izan dugu erakutsi. Halere, 80.000 agiri digitalizatuak ditugu dagoeneko, gutxienez. Eta horiek denak irakurri eta prestatu egin behar dira. Eta langile batailoietan aritu ziren 7.000 pertsona ere datu basean sartu behar dira. Eta ez ditut ahaztu nahi beren lanak utzi dizkiguten ikerlariak. Lan horiek ere irakurri eta hustu egin behar dira. Bete-betean ari gara, baina lau lagun gara lanean. Berez, datorren urtean bukatuko da gure proiektua.

Eta nola emango diozue segida lanari?

Datorren urtean artxibategi militarrekin segituko dugu. Baseko tripetan dauzkagun milaka datu kudeatuko ditugu. Eta parlamentuaren 2009ko ebazpenak dio Nafarroan gerra zibilean eta frankismoan izandako jazarpena hartzen duela funts honek. Gure tarte kronologikoa 1975ean bukatu behar litzatekeela berez, alegia. Horregatik, beste proiektu bat ari gara prestatzen, ikerketari segida emateko. Ea 2015ean parlamentuak horren alde egiten duen eta gure taldea zabal dezakegun lan horri ekiteko. Datu baseaz gain gauza asko egin behar delako. Badira artxibategi bereziak edonon. Ea. Orain arte ez dugu arazorik izan sartzeko. Baina ahozko historia egin behar da bereziki, eta horrek denbora asko eskatzen du. Dena den, orain arteko lanaren nire balorazioa oso ona da. Hau izango da erreferentziazko ikerketa. Ez digute historia egitea agindu. Artxibozain lana ari gara egiten: informazioa hustu eta jendearentzako erabilgarri jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.