Ikerketaren eta beken transferentzia negoziatzeari ekin diote Espainiako eta Nafarroako gobernuek

Maria Txibitek Geroa Baiko Pablo Azkonari erantzun dio legealdiko lau urteak dituztela akordioa lortzeko. «Lehenago» lortuz gero, ez dio uko egin «eskumen gehiago lortzeari».

Pablo Azkona, Geroa Baiko parlamentaria
Pablo Azkona, Geroa Baiko parlamentaria. MIGUEL OSES / NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 25a
12:30
Entzun

Nafarroak bere gain hartu nahi ditu Ikerketa eta Garapenaren eta beken eskumenak, eta, gainera, AP-68 autobideak Nafarroan egiten duen zatiaren titulartasuna eskuratu nahi du. Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, Pablo Azkona Geroa Baiko parlamentariak galdetu dio Nafarroako Gobernuko lehendakariari zer urrats egin dituen hori lortzeko. Maria Txibite lehendakariak ihardetsi dio Nafarroako eta Espainiako gobernuetako teknikariek jada ekin diotela negoziazioari, eta akordioa «legealdian» lortu nahiko luketela.

Iragan astean bildu zen Txibite, Madrilen, Angel Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroarekin, eta bi agintariek transferentziaren negoziazioari ekiteko borondatea adierazi zuten. Astebete geroago, Txibiteren arabera, ministroak agindua emana du lan teknikoa hasteko: «Transferentziak bultzatzeko tramite formalei ekin genien aurreko astean. Eszenifikazioaz harago, gauza teknikoak lantzen ari gara. Hori da ohiko dinamika», zehaztu du.

1982an onartutako Foru Hobekuntzan jasoak diren eskumenen artean daude Ikerketa eta Garapena, bai eta bekak ere, baina, beste hainbatekin gertatu bezala, ez dira bete 41 urtetan. Hogei urteko etenaldiaren ostean, iragan legealdian Nafarroako Gobernuak beste bi transferentzia hitzartu zituen azkenik: Iruñeko espetxeko presoei osasun zerbitzua ematea eta errepide zaintza osorik Foruzaingoaren eskuetan egotea. Trafikoaren negoziazioa asko atzeratu zen. Izan ere, 2018an Uxue Barkos orduko lehendakariak hitzartutako konpromiso bat zuen abiapuntu, eta, azkenik, 2022ko azaroan  EH Bilduk Kongresuan lortutako akordio baten ondotik burutu zen.

Legealdi honi begira, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartutako akordio programatikoan jasota dator Nafarroak oraindik eskualdatu gabeko eskumenei bultzada ematea. Horregatik, aurreko asteko albisteaz harago, Azkonak gogoratu du trafiko eskumenaren transferentzia «trantsizioan» dagoela eta oraindik ere «gauzatzeko» dagoela, nahiz eta ofizialki uztailaren 1ean sartu zen indarrean.

Azkonaren arabera, etorkizunean Nafarroako Gobernuak unibertsitateko bekak kudeatzeko aukera edukiz gero, hezkuntzan «aukera berdintasuna» bultzatzeko erreminta garrantzitsua edukiko luke gobernuak. Ikerketa eta Garapenari dagokionez, «partaidetza publiko-pribatuaren bidez erronka sozioekonomikoari aurre egiteko funtsezkoa da», haren ustez.

Bilbotik Zaragozara doan 300 kilometroko AP-68 autobidea 1970eko hamarkada amaieran eraiki zen. 2000ko hamarkadan Abertis konpainiaren kontzesionario bati luzatu zion hura kudeatzeko kontratua Jose Maria Aznarren gobernuak. Alta, 2019an, Bizkaiko eta Arabako tarteen gestioa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea onartu zuen Pedro Sanchezen gobernuak, eta Jaurlaritzak, berriz, Arabako eta Bizkaiko diputazioen esku utzi du. Nafarroako zatia motza da, Tutera ingurutik barna hego-ekialdea zeharkatzen du, eta Nafarroako Gobernuak haren ardura hartzeko urratsei ekin die, beraz.

Miguel Torres Espainiako Gobernuako Lurralde Politikako ministroak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragan astean Madrilen izandako bilera. BORJA SANCHEZ / EFE
Miguel Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak bilera izan zuten Madrilen iragan astean. BORJA SANCHEZ / EFE

Aurrera begirako erronka

Halaber, falta diren beste eskumenen inguruan zer egiteko prest dagoen galdegin du Azkonak. Txibitek adierazi du helburu gisa jarri dutela legealdiak irauten duen lau urteetan lortzea ikerketa eta beken eskumenak eta AP-68ko Nafarroako zatiko ardura. «Anbizioa dugu. Hiru eskumen horiek akordio programatikoan markatuak ditugu, eta, hori lortu ahal izateko, legealdi osoko epea dugu, baina gure desioa da lehenago lortuz gero transferentzia gehiagorekin aurrera jarraitzea. Dena den, lehenik aurre egin diezaiogun orain dugun helburu honi, lanak hasi baino ez baitira egin. Lortuko bagenu, gehiagoren bila joango ginateke».

«Gure desioa da lehenago lortuz gero transferentzia gehiagorekin aurrera jarraitzea. Dena den, lehenik aurre egin diezaiogun orain dugun helburu honi, lanak hasi baino ez baitira egin».

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Txibitek ohartarazi du aurreko legealdian bezala «diskrezioz eta leialtasunez» negoziatuko dutela, baina bi gobernuen borondate politikoa da autogobernua garatzea. «Diskrezioak fruitu onak ekarri dizkigu. Emaitzak ikusi besterik ez dago. Egingo ditugun aurrerapausoan berri emango dugu, baina diskrezioz aritzea garrantzitsua da, kontsentsuak lortzen eta desadostasunak gainditzen laguntzen duelako». Alderdien babesa eskertu du, eta, eskuinak trafikoaren transferentziaren aurka egindako kritiken inguruan, UPNri gogorarazi dio benetan Nafarroaren interesen alde egin nahi badu, erakuts dezala ekintzekin, «eta ez hitzekin».

Guardia zibilen aukera

Eskuineko alderdiek kritikatu zuten, trafiko eskumena bere gain hartuta, Guardia Zibilak Nafarroatik kanporatu nahi zituela eta EH Bilduren esanetara zegoela Nafarroako Gobernua. Alta, 2019an onartutako Polizien Legean UPNk eta PSNk bultzatutako xedapen batek jaso zuenez, eskumena gauzatuz gero, guardia zibilak foruzain egiteko aukera egongo zen —alderdi horiek ez ezik, PPk eta Ahal Dugu-ko kritikoek eta Orain Bai taldekoek ere babestu zuten—, eta azken akordioak hori jaso zuen.

Gaur bertan, Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak aurreratu du lehen hiruhilekoan jakinaraziko zaiela guardia zibilei zer baldintzatan egingo den aldaketa. Baldintzen dokumentua «aurreratuta» dutela adierazi du. Baldintza horiek ezagututa, orain arte trafikoan aritu diren guardia zibilek aukera izango dute, hala nahi izanez gero, foruzain egin eta errepide zaintzan jarraitzeko.

Etxeberriari ere galdetu zaio hiru eskumenen transferentziaz, eta onartu du «lehen hartu-emana» izan dutela bi gobernuek. «Oraindik ez da epeez hitz egin».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.