Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen arteko akordio bati esker, bost urtean ehun ikerlari gazte kontratatzeko zazpi milioi euroko diru laguntza lortu du Ikerbasquek. Lehen deialdia, 25 lanpostukoa, atzo ireki zuen: ikerketan hiru eta hamar urte arteko esperientzia dutenek aurkeztu ahal izango dute proiektua, ekainaren 30 arte. Horrez gain, beste hamar ikertzaile senior kontratatzeko deialdia ere abiatu du. Deialdiotan lehia handia egongo dela uste du Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossiok.
Ehun ikerlari gazte kontratatuko dituzue bost urtean. Asko dira?
Uste dut kopuru egokia dela, kontuan hartuta gure zientziaren tamaina, eta ikerlari berri horiek sisteman txertatzeko daukagun ahalmena.
Aurten 25 posturako deialdia egin duzue. Zenbat ikerlari aurkeztuko direla aurreikusten duzue?
Litekeena da 300 eta 400 artean aurkeztea. Lehiakortasuna eta presioa oso handiak izango dira.
Kopuru horiek ikusirik, aztertuko al duzue postu gehiago sortzea?
Kasu honetan, irizpiderik garrantzitsuena ikerketaren kalitatea da. Guretzat oso garrantzitsua da beren arloan onenak direnak erakartzea. Hor Mateo efektua deitutakoa gertatzen da: ikerketa talde eta proiektu onenek ikerlari onenak erakartzeko ahalmen handiagoa dute; anplifikazioa dago.
Kanpora joandako euskal ikerlari gazteei itzultzeko aukera eman nahi diezue. Berariaz haiei egindako deialdia da?
Ez. Leioan dagoen alemaniar bat aurkez daiteke, edo Berlinen dagoen bilbotar bat. Asmoa da deialdia lehiakorra izatea. Hemen daukagun jendea egonkortzea interesatzen zaigu, sistemari ekarpena egin diezaion. Baina, horretaz gain, interesgarria da Londresko ikerlari bati hona etortzeko aukera ematea. Kontua da horrelako ikerlariak aurkitzea; non jaio den ez da hain garrantzitsua.
Kanpoan dauden euskal ikerlariak erakartzeko asmo hori talentuen ihesaldia orekatzeko neurria da?
Egia da talentuek alde egin dezaten saihestea komeni dela. Baina kontuan izan behar dugu ikerketa zientifikoa nazioarteko jarduera dela. Beraz, hemen dauden zientzialariak mantentzea oso garrantzitsua da; baina, horretaz gain, interesgarria ere bada jende berria sistemara erakartzea. Bien arteko oreka kokatu eta kudeatu behar dugu, eta ez da erraza.
Ikerketa oso garrantzitsu jotzen da, batik bat eredu ekonomiko berriaz hitz egitean, baina murrizketa handiak jasango ditu. Zergatik?
Ikerketa garestia da. Gero eta garestiagoa, gainera. Ikerlariek euren proiektuetarako duten aurrekontua ez dago bermatua: deialdietan onartu behar zaizkie. Horregatik da garrantzitsua onenak erakartzea, proiektu horiek lortzeko. Sistema iraunkorra izateko, oso zientzialari onak behar ditugu, deialdi lehiakorren bidez proiektu eta aurrekontu horiek harrapatzeko, Euskadira ekartzeko. Alde horretatik, ikerketaren egoera ahula da, beti dabilelako proiektuak lortu beharrean.
Eta proiektuotarako dirurik ez badago, gerta daiteke ikerketa sektorea desagertzen hastea?
Proiektu bakoitzak behar duena lortu behar du. Ez da erraza, baina orain arte Euskadin behintzat oro har aurrekontuak duinak izan dira. Horregatik, baikorra naiz. Modu batean ala bestean, lortu dugu daukagun sistema mantentzea eta handitzea, eta hala jarraitzea espero dut.
Espainiako Gobernuaren murrizketek Ikerbasquen eragingo dute?
Ez. Gure aurrekontuak bi iturri dauzka: Eusko Jaurlaritza eta Europako Batasuna. Madrildik datozen laguntza batzuk badauzkagu, baina oso txikiak dira.
Fernando Cossio. Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa
«Ikerketaren egoera ahula da, beti dabilelako proiektuak lortu beharrean»
Ikerketa garestia dela dio Cossiok, eta horregatik erakarri behar direla ikertzaile onenak: proiektuak ere ekartzeko. Bost urtean ehun ikerlari gazte kontratuko ditu Ikerbasquek, Europako diru laguntza bati esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu