INGURUMENA

Ikerketapean jarri dituzte Zubietako erraustegiarekin lotutako lau pertsona, maiatzeko isuriarengatik

Donostiako Fiskaltzak abiatu du ikerketa, auzipetuek «ingurumenaren aurkako delituak» egin ote zituzten argitzeko

Maiatzeko isuriaren ondorioz Arkaitzerrekan hildako arrainetako batzuk. EAM
Ion Orzaiz.
2020ko irailaren 17a
11:10
Entzun

Iragan maiatzaren 9an, arrain ugari hilik agertu ziren Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) azpiko Arkaitzerreka errekastoan gertatutako amoniako isuri baten ondorioz. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak azaldu zuenez, erraustegitik kanpoko kamioi bat deskarga bat egiten ari zela gertatu zen isurketa. Gertatutakoa ikertzen ari dira orain Guardia Zibila eta Europol, Donostiako fiskaltzaren Ingurumen alorrak hala aginduta. Zehazki, erraustegiko lau arduradun jarri dituzte ikerketapean, «ingurumenaren aurkako delituengatik». Donostiako 5. Instrukzio epaitegiaren esku gelditu da auzia.

Guardia Zibilaren esanetan, amoniako zisterna bat deskargatzean gertatu zen isuria, azpiegiturak ez zuelako behar bezala funtzionatu. «Operazioa zaintzen ari ziren teknikariek ez zioten garrantzirik eman isuriari, eta horrek erraustegiaren prozedura urratu zuen». Gainera, ikerlarien ustez, «ez ziren aktibatu uraren pH maila neurtzeko segurtasun neurriak». Egun hartan, amoniakoz kutsatutako 2.200.000 litro ur isuri ziren errekara.

Maiatzean, GHK-k espedientea ireki zion erraustegia kudeatzeaz arduratzen den Ekondakin enpresari, eta, uztailaren 29an, 45.000 euroko isuna jarri zion. Zigor espedientean, hiru arau hauste antzeman zituen GHK-k: amoniako isuriaren berri eman ez izana (25.000 euro), askaren diseinuan egindako aldaketa ez jakinaraztea (10.000 euro), eta pH-metroa matxuratuta zegoela ez egiaztatzea (10.000 euro).

Guardia Zibilak zabaldutako oharraren harira, balorazioa egin du GHK-k ere. Partzuergo horren ustez, Poliziaren ikerketak «berretsi egin ditu» maiatzeko espedientean jasotako datuak, eta prest azaldu da informazio guztia «ikerketan parte hartzen duten administrazioen eskura» jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.