Ikerketan ari dira ehun langiletik bi

Egindako lanaren berri emateko txostena atera dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek. Iazko uzta: 7.846 lan argitaratuta

Ikerketan ari dira ehun langiletik bi.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Ekoizpen zientifikoak gora egin du azken urteotan: iaz, 7.818 ikerketa kaleratu zituzten. 2021ean, 22.000 pertsonak baino gehiagok egiten zuten lan ikerketaren arloan; hau da, ehun langiletik bik. Eta ikerketan egindako inbertsioa 1.800 milioi eurokoa izan zen. Hori da, gaur-gaurkoz, zientziaren argazkia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala jakinarazi zuen atzo Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Zientzia Txostena 2023 lanaren aurkezpenean. «Azken urteotan, zientzia eta ikerketa sustatzeko ahalegina handituz joan da», adierazi zuen.

Bildarratzekin batera, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa izan ziren aurkezpenean. Azken horrek zehaztu zuenez, duela bi urte ia bostehun pertsonak defendatu zuten doktorego tesia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru unibertsitateetan: «Lanegunak ez direnak kenduta, egunean bi tesi defendatu direla esan nahi du horrek». Kopurua «garrantzitsua» da, Cossioren ustez; izan ere, aurrerantzean pertsona gehiago izango dira ikertzeko gai. Argitalpenak ere ugaritu egin dira. Ekoizpen zientifikoaren erdia baino gehiago EHUk sortu zuen. Hain zuzen, kopuru osoaren %56. Cossiok azaldu zuenez, argitalpen kopurua 8.000 argitalpenetan egonkortu da. Izan ere, 7.846 argitalpen sortu zituzten 2021ean. Are, pandemia aurreko produkzioarekin alderatuta, %14ko hazkundea izan da. Eta gorakada horrek etenik ez izatea espero du Cossiok: «Urtea amaitu gabe, 8.000 argitalpen inguru egin ditugu jada aurten; goranzko joera hori sendotzea espero dugu».

Hainbat arlo indartsu

Arlo hauek ikertu izan dira gehien: medikuntza, materialen zientzia, fisika eta kimika. Halaber, Cossiok nabarmendu zuen «interesgarria» dela azken hamarkadan gizarte zientzietan eta giza zientzietan produktibitateak izan duen «hazkunde nabarmena». Kopuruan ez ezik, lan horien kalitatean ere egin zuen azpimarra Bildarratzek: «Ospe handienekotzat jotzen diren aldizkarietan orain arte argitaratutako ekoizpen zientifikoa halako bi argitaratu da azken hamarkadan». Iaz, ekoizpenen %60 aldizkari horietan agertu ziren.

Ikerketa eta garapeneko I+G jardueretan egindako inbertsioa 1.800 milioi eurokoa izan zen iaz. «Hazkunde izugarria izan da: urte batean %9,1 handitu da», zehaztu zuen Bildarratzek. Zehazki, BPGaren %2,3 baino gehiago inbertitu zuten ikerketan.

Horizon Europe programa ere izan zuten hizpide. Izan ere, 2021ean eta 2022an 240 milioi euro lortu zituzten ikerketarako programa horretatik. Are, azken hogei urteotan 1.648 milioi euro eskuratu dituzte ikerketarako. Programa horrek ikertzaileak laguntzea xede duten ERC laguntzak eskaintzen ditu. «Bikaintasunaren adierazle dira zientziaren arloan», azaldu zuen Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak. Orain, hemeretzi ERC proiektu daude abian, inoiz baino gehiago.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako ikerketa lanak elkarlanaren ondorio izan dira. Izan ere, erdiak baino gehiago nazioarteko lankidetzan oinarrituta sortu dituzte. Besteak beste, AEBekin, Erresuma Batuarekin, Alemaniarekin edota Frantziarekin egin dute lan. «Euskal zientzia sistema oso dibertsifikatua dago», zehaztu zuen Cossiok.

Txosteneko datuek erakusten duen «sinesgarritasuna» nabarmendu zuen Moraisek: «Txostenak sinesgarritasuna ematen dio gure zientzia sistemari, baita ikerketa sistemari ere». Lankidetzari esker lortutako lana dela esan zuen, eta zera gehitu: «Epe luzerako ikuspuntu bat ematen digu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.