Icance kantzerologia institutua osatu berri dute Baionako Ospitaleak, eta Donapaleukoak eta Izpurakoak (Nafarroa Beherea). Thomas Grellety kantzerologia zerbitzuko buruak espero du artatzeak hobeki koordinatzen lagunduko diela, bai eta material eta teknika berrien erabiltzen ere, formakuntzaren bidez.
Ikuspegi medikoaz beste, ikuspegi soziala ere landu nahi izan dute: Kalaka espazioa sortu dute, pazienteen elkarteek eta osasun laguntzaile batek kudeatuko dutena; pazienteentzako informazio gune bat da.
Orain arte kantzerologia instituturik gabe funtzionatu duzue. Zer beharri erantzuten dio, beraz?
Elkarrekin hobeki lan egiteko beharrari, pazienteen zerbitzuko.
Proiektu horren sortzeko prozesuan, pentsatu genuen minbiziaren alorrean lanean ari diren profesional guztien biltzeko egitura baten beharra genuela. Hastetik buru, hasierako zaintza, diagnostikoa eta tratamendua barne harturik; gero, batzuetan, bizitzaren amaierako laguntza ere bai, edo minbizia sendatzen zaien paziente anitzentzako laguntza, ondoko urratsen egiteko.
Zer egiteko bidea emanen dizue profesionalak institutu horren inguruan biltzeak?
Profesionalak anitz dira, baina sekuentziatan funtzionatzen dute; horren ondorioz, prozesua zatitua izaten da pazienteentzat, eta, beraz, helburua prozesu horren erraztea da.
Arreta kanal errazak eta diziplina anitzekoak ezarri nahi izan ditugu. Beharrezkoa da pazientearen inguruan gisa anitzetako profesionalak inplikatzea, aldi berean edo oso denbora tarte hurbilean, eta ber unitate geografikoan.
Ideia da arretaren erraztea, gaixotasunaren hasieran batez ere, garairik kritikoena baita usu. Ahalik eta fiteen jokatu behar dugu.
Giza baliabideez beste, zer ekarriko dizue institutuak?
Ikerketa klinikorako eta berrikuntzarako sarbidea. Ez gara unibertsitate ospitale bat, ez gara hiri handietan ikusten diren minbizia tratatzeko zentroak bezalakoak, baina, hala ere, uste dugu gure pazienteek ez dutela horietara joaterik hango baliabideak eskura ukaiteko: asistentziari dagokionez berria den guztia, diagnostiko modalitate berrietarako sarbidea, kirurgia, erradiologia, kimioa, terapia modalitate berriak...
Lehen mailako arreta eskaintzen dugu, baina hemen gara bikaintasuna eskaintzeko ere. Ondorioak zuzenak dira pazienteentzat: tratamendua eskuratzeko, ez dute orduak eta orduak gidatu beharko; anitzek ezin dute.
«Profesionalak anitz dira, baina sekuentziatan funtzionatzen dute; horren ondorioz, prozesua zatitua izaten da pazienteentzat, eta, beraz, prozesu horren erraztea da helburua»
Material eta teknika berrien erabiltzeko, seguru aski, trebatu behar duzue.
Institutuaren hirugarren ardatza da hori: irakaskuntza, zentzu zabalean. Medikuntza ikasleei harrera egiten diegu zentroan, eta horretan jarraitu nahi dugu, ikasleen aniztasuna eta minbiziaren arlo osora egokitutako ikastaroak eta irakaskuntzak uztartuz.
Bestalde, hiriko profesionalentzako eta barneko profesionalentzako formakuntza ziklo bat jarri dugu martxan. Denak ezin dira denaren jakinean izan, hori nahiko normala da; ni ere ez naiz kardiologian gertatzen diren berrikuntza guztien jakitun, onkologoa bainaiz. Etengabeko prestakuntza medikoa da arrakastaren gakoetako bat, gauzak oso azkar aldatzen baitira, eta zer gertatzen den jakin behar duzu denetan espezializatu gabe ere, jakina.
Irakaskuntza garrantzitsua da herrietako medikuekin lotura egiteko ere. Hein bat konplexuak eta diziplina anitzekoak izan daitezkeen tratamenduak abiarazten ditugunean, beharbada medikuek ez dituzte ezagutzen; halere, guk baino anitzez ere hobeki ezagutzen dituzte pazienteak. Orduan, baliteke egiten ari garenaz ez nahikoa jabetzea. Espero dugu irakaskuntzaren bidezko komunikazioa garatzen ahalko dugula herrien eta ospitalearen artean.
Hobekuntza horiek guztiak nola gauzatuko dira zehazki?
Adibidez, hasierako sarbidea errazagoa izan dadin, harremanetarako telefono zenbaki bat eta Interneteko orri bat ezarri ditugu espresuki: trebatutako norbaitek jasotzen ditu eskaerak, eta dagokien profesionalei helarazten; hura arduratu daiteke dena artikulatzeaz.
Beste adibide bat: denak elkartu eta prestaketa prozesu komun bat idatzi genuen, prehabilitazioa deitzen duguna. Minbizia ebakuntzen bidez tratatzen da askotan, baina minbiziarekin lotutako ebakuntzak astunak eta biziki ahulgarriak izan daitezke. Prehabilitazioak kontuan hartzen du hori: ebakuntza eginen dioten pazienteak hamabost kilo galdu baldin baditu hasierako fasean, arrisku handia izan daiteke ebakuntzaren ondotik konplikazioak izateko; beraz, bizpahiru aste behar ditu prestatzeko, ongi jateko, jarduera fisiko egokia egiteko... Hori dugu xedea.
Geografikoki lortzen duzue halako antolaketaren aitzina eramaten?
Minbiziaren tratatzeko, Eskualdeko Osasun Agentziaren baimena behar da, eta baimen horiek egoitza bakoitzari lotuak dira; baimen gehienak Baionako ospitaleak ditu, ebakuntzak egitekoa, adibidez. Mementokotz ez da baitezpada kirurgia Donapaleu edo Izpuran garatu behar, baina tratamendu medikoak bai; jadanik hasiak gara, eta jarraituko dugu. Erraterako, Donapaleun kimioterapia egiten dugu: gaixoek ez dute eguna kanpoan pasatzerik ordubeteko tratamendua hartzeko.
Bestalde, bada minbiziaren tratamenduaren ondorengo zaintza. Helburua da kontsultak Baionako profesional berberekin egin ahal izatea, baina etxetik gertuago. Aitzinago, agian, Donapaleuko kimioterapia bolumenak emendatzen ahalko dira, eta egunen batean, agian, Izpuran ere garatu.
«Mementokotz ez da baitezpada kirurgia Donapaleu edo Izpuran garatu behar; tratamendu medikoak, bai. Erraterako, Donapaleun kimioterapia egiten dugu: gaixoek ez dute eguna kanpoan pasatzerik ordubeteko tratamendua hartzeko»
Etorkizunari begira, nola espero duzue eraldatuko dela institutua?
Kantzerologia institutua epe luzerako proiektu bat izatea da xedea. Donapaleuko ospitalerako pentsatzen hasiak gara: heineko eguneko ospitale bat eraiki beharko dugu, bolumen handiagoa errezibitzeko gai litzatekeena, egokitzeko aukera gehiago emanen lituzkeena.
Gure lurraldeko populazioa zahartzen ari da, eta, aldi berean, biztanleria etengabe emendatuz doa. Bi faktore horiek geroz eta beharrezkoagoa bilakatuko dute minbiziaren arta.
Hain zuzen ere, minbizia duen jende geroz eta gehiago dago.
Lehenik eta behin, minbizia giza izaerari berezkoa zaion patologia bat da. Gero, segur da gehiago badirela, hainbat arrazoirengatik: biztanleria zahartzen ari da, eta zenbat eta zaharrago bizi, orduan eta denbora gehiago badu gorputzak anomalia ttipiak sortzeko, egun batez minbizi bilakatuko direnak; mekanikoki gehiago dira.
Bigarren puntua: gazteetan minbizi gehiago ikusten dugu. Hori, segur aski, gaur egun oraino gutxiegi kontrolatzen ditugun zenbait faktorerekin lotua da, besteak beste gure inguru sozial modernoarekin.
Zerbait positibo atxikitzeko —garrantzitsua baita—: minbizia izateak ez du erran nahi ezinbestean hilko zarenik, urrundik ere. Baina, zoritxarrez, igoera hori bada; horregatik da lan hori guztia beharrezkoa.