Ikerketa Batzordeak UPNri eta Enrique Goñiri egozten die CAN hondoratu izana

Hori ondorioztatu dute etzi Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko duten txostenean. Zenbait erabakik enpresa «galbidera» eraman zuten

gotzon hermosilla
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuan CAN Nafarroako Kutxaren auzia ikertzen duen batzordeak prest du txostena, eta etzi eztabaidatuko dute horren inguruan, baina jadanik ezagunak dira ondorio nagusiak: Kutxak bazuen aurrera jarraitzea, eta UPNren gobernuak hartutako erabakiek eta gobernu hark izendatutako Enrique Goñi zuzendari nagusiaren kudeaketak ekarri zuten CAN desagertzea.

Txostenak 157 orrialde ditu, eta, informazio batzuk ezin izan zituztela eskuratu salatu duten arren, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra bat datoz han agertzen diren ondorio nagusietan. Txostenaren arabera, 2001. urtean CAN «sektoreko entitaterik sendoenetako bat» zen, errentagarritasun arazo batzuk zituen arren, eta «zerbitzu publikoan» lan garrantzitsua egiten zuen. Baina gauzak aldatu egin ziren Goñi zuzendari nagusi izendatu zutenean.

Izendapena ere aztertu du Ikerketa Batzordeak txostenean, eta ondorioa da UPNk «denbora luzean» prestatu zuela Goñi CANera iristeko modua, eta hura izan zela Nafarroako Kutxan eskarmenturik izan gabe zuzendari izan zen lehenengoa. «CANen moduko enpresa edo finantza erakunde baten goi mailako zuzendaritzan ere ez zuen inolako esperientziarik», zehazten da txostenean.

Hurrengo urteetan, zenbait erabaki hartu zituen CANen zuzendaritzak, zalantzan jartzeko modukoak direnak, txostenaren arabera: esaterako, enpresa hedatzea eta bulegoak ugaltzea «higiezinen burbuila maila gorenera iritsi zen urteetan, horrek higiezinen prezioan izan zuen eraginarekin», edo langile ugari erretiroa aldez aurretik hartzera bultzatzea, «eraginkortasun irizpideen arabera nekez justifika daitekeen neurria», txostenaren arabera.

2008ko krisia

Txostenean ondorioztatzen denez, operazio horiek guztiek nabarmen ahuldu zuten CANen egoera, eta 2008an galerak izan zituen bere ohiko jardueran lehenengo aldiz. Horregatik, urte hartako krisiak eztanda egin zuenean, zailtasun handiak izan zituen horri aurre egiteko. CANen zuzendaritzak hainbat erabaki estrategiko hartu zituen; esaterako, Caja Canarias, Caja Burgos eta Cajasolekin batera Banca Civica sortzea, eta 2011ko uztailean Banca Civica burtsan kotizatzen hastea, baina horrek are ondorio larriagoak ekarri zituen.

Enrique Goñiren kudeaketa Nafarroako Kutxa hondoratzen ari zen bitartean, Nafarroako Gobernuak ez zuen kontrolik ezarri haren jardueraren gainean, txostenaren arabera. Gainera, eta Kutxaren egoera ekonomikoa gero eta kaskarragoa zen arren, Goñik jasotzen zuen soldata etengabe handitu zen, eta zuzendari lanetan hasitakoan kobratzen zuena baino hamar aldiz handiagoa ere izan zen. Ez hori bakarrik: dirua jasotzeko mekanismoak ere gero eta korapilatsuagoak ziren, eta horrek oztopatzen zuen hori kontrolatu ahal izatea.

Ondarearen galera

Txostenean, Enrique Goñi eta UPNren gobernuak egiten dituzte gertatutakoaren erantzule: «Enrique Goñiren taldeak hartutako erabaki estrategikoek ez zuten foru erakundeen ikuskaritzarik izan, eta larriagotu egin zituzten krisiaren ondorioak. Horrek ekarri zuen enpresaren ondarearen %80 galtzea, inguruko beste elkarte batzuek galdutakoa baino askoz gehiago, eta, azken finean, enpresa galbidera eraman zuen». Ogasunean ere galerak ekarri zituen horrek.

Hala ere, bazegoen gauzak beste era batera egiterik, txostenean ondorioztatzen denez: «Zenbait erabaki estrategiko hartu izan ez balituzte, Nafarroako Kutxak egun izango lukeen ondarea, molde juridikoa edozein izanik ere, askoz handiagoa litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.