Ikerketa batzordearen ondorioak aldatu nahi ditu UPNk. Otsailaren 28an gehiengoak batzorde horretan ondorioztatu zuen Lourdes Goikoetxeak eta Yolanda Barcinak dimisioa aurkeztu behar zutela. UPNren arabera, «ondorio nagusiak are gehiago indargabetzen dituzten gertaera berriak agertu dira». Idoia Nievesek Antsoaingo epaitegian agiri bat aurkeztu du, eta bertan dio inoiz ez zuela esan Goikoetxeak bere interesen alde egin zuela. «Ez dut inoiz adierazi legez kanpoko ezer egingo zuela. Bestela fiskalarengana joko nukeen». Horren aurrean, UPNk uste du ikerketa batzordeak hartutako ondorioak baliogabetuta daudela «erabat».
Gaur parlamentuko osoko bilkuran ikerketa batzordearen ondorio horiek bozkatuko dira, eta hori horrela, UPNk eskatzen du berrikusteko. Ondorio horietan, parlamentuak egiaztatutzat jotzen du otsailaren 11n Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak egindako salaketak eta administrazioaren baliabideak norbere probetxurako baliatu zituztela.
Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak ere ikerketa batzordeak hartutako ondorioak kritikatu ditu. «Esan genuen ikerketa batzordea hasi baino lehen aurretik hartutako ondorioak zituztela, eta han gertatu behar zuenari ez ziotela erreparatuko», kritikatu du. Zorroztasunik balute, ondorioak berrikusi beharko lirateke», gaineratu du.
Juan Luis Sanchez Muniain Nafarroako Gobernuko eledunak azpimarratu du Barcinak ez duela hauteskundeak aurreratzeko asmorik, eta legealdia amaitu arte «irmo» lan egiteko agindua eman diela kontseilariei.
Ikerketa batzordea berrikusi nahi du UPNk
Yolanda Barcinak ez du hauteskundeak aurreratzeko asmorik, eta gobernuari «irmo» lan egiteko agindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu