Ikerketa batek dio segurtasuna ez dagoela «bermaturik» Esan

Urtegiaren eskuin hegalak «ez du egonkortasunik», Ingeotyceko geologoen ustez, Espainiako Gobernuaren txosten bati jarraikiz. «Ur maila ez aldatzeko» aholkatu dute

Esako urtegiaren ateak, Nafarroan. JESUS DIGES / EFE.
xabier martin
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Esako urtegiaren eskuin hegalaren egonkortasuna ez dago bermaturik, eta, ondorioz, urtegiaren segurtasuna ere ez, ezta lurrikararik gabeko agertoki batean ere». Ingeotyc enpresako Valentin Ibarra Lozano eta Tomas Morales Juberias geologoen txosten zabal baten ondorio nagusia da hori. Zangozako Udalak (Nafarroa) eskatuta egin dute azterketa luze-sakona, betiere Espainiako Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak 2021eko apirilean emandako irizpena oinarri hartuta. Geologo horiek urtegiaren arlo guztiak aintzat hartuta eman dute azpiegitura hori urez ez betetzeko gomendioa: geologia, klimatologia, lurrikarak, geoteknika, geomorfologia, auskultazio teknologiak...

Esako eskuin hegalean dauden mugimenduak aztertzeko eta urtegia egonkortzeko lanen emaitzen inguruko txostena 2021eko apirilean plazaratu zuen Espainiako Gobernuak, eta, bertan jasotako informazioari jarraikiz, Lozano eta Morales geologoek garbi esan dute ez dela «egokia» urtegiaren «ur kantitatea aldatzea», eta, ondorioz, gomendatu dute Esako urtegiaren «handitze eremua betetzen ez hastea». Horretarako, eskuin hegalean dauden «mugimenduei» erreparatu diete, baita urtegiaren egoeraren «auskultazio sistemaren mugei» ere. Txostenean jasotakoaren arabera, «ziurgabetasun handiak daude hegalaren dinamikaren inguruan, eta baita lurrikaren edota beste aurkako gertaera batzuen ondorioei aurre egiteko segurtasun tarteen inguruan» ere.

Esako urtegia eraiki zutenetik (1928-1933) eta hura bete eta hustu zutenetik (1960an inauguratu zuten), egonkortasun arazoak egon dira, batez ere azpiegituraren eskuin hegalean. 2013ko otsailean eurite handiak izan ziren, eta horiek bi luizi handi eragin zituzten hegal horren eremuan. Gertaera hark ez zuen gerarazi Esako urtegia handitzeko proiektua, nahiz eta aditu ugarik alarma piztu duten, urtegian balizko hondamendi batek ondorio izugarriak izango lituzkeelako Zangozako eremuan.

446,86 hektometro kubikoko gaitasuna dauka Esak, baina hura zabaltzeak 1.525 hektometro kubikora eramango luke. 4.084 hektareako eremu bat hartuko luke urak, betiere Bardeako eremuko landaketak ureztatu ahal izateko. Aragoiko (Espainia) Cinco Villas eremuan ere ura jasoko lukete, Aragoi ibaia baliatuz betetzen den urtegiaren zabaltzeari esker.

Esa-Bardeako ubidea baliatzen du bere landaketak ureztatzeko Bardeako erabiltzaileen komunitateak. Baina Aragoik ere interes handia dauka urtegia handitzeko, hari esker lortzen baitituzte hango nekazari askok ura; kalkulatu dute 81.000 hektarea ureztatzen dituztela 50 udalerritan. Izan ere, Esaren ur gehiena Aragoirentzat da, eta ez Nafarroarentzat.

Egoera aldekoena, orain

Ibarra eta Morales geologoen txostenak, orain, modu argian adierazi du Esako handitze eremua ez litzatekeela bete behar segurtasun arrazoiak tarteko. Geologoek diote egungo egoera dela hemendik aurrera urtegiak izango duen egoerarik «aldekoena». Aurreikusi dute etorkizunean «ziurgabetasun handia» izango dela, betiere aintzat hartuta eskuin hegalak nola erantzuten dien aurkako gertaerei. Eta halakoak zerrendatu dituzte Ibarrak eta Moralesek: «Urtegia bete eta husteko prozesuak, eurite handiko sasoiak eta lurrikaren sekuentzia bat».

Espainiako Gobernuaren irizpen teknikoa aintzat hartuta, geologoen txostenak islatzen du Esako eskuin hegalak «mugitzen» jarraitzen duela, 2021. urteko erregistroek islatzen dutenez. Horiek dira administrazioak argitaratutako azkenak. Geologoek gogoratu dute 2012-2013an izaniko hegalaren «haustura orokortua», eta hura egonkortzeko «egindako lanetatik harago», ziurtatu dute mugimenduek aurrera egin dutela «bai goialdean, bai urtegiaren eremuan».

Mugitzeko joera hori ez dela «gutxietsi» behar azpimarratu dute Ingeotyc enpresako geologoek, eta esan dute erregistro gaurkotuekin «kontrastatu» behar direla, mugimenduak «handiagoak» baitira 1999 eta 2011 bitarteko zikloan baino.

Horiek horrela, nabarmendu dute eskuin hegala mugitzen ari dela «gertaera berezirik ez duen sasoi batean» ere; alegia,euriterik gabe eta lurrikararik gabe. Horrek erakusten du, haien arabera, hegala oraindik ere «egoera ahul batean» dagoela, nahiz eta zenbait obra egin diren. Azaldu dute urtegiaren handitze eremua urez betetzea eta hustea «egonkortasun falta» areagotzen duten prozesuak direla, «baita lurrikararik gabeko egoera batean ere». Adierazi dute Esako eremu berria betetzeak, jakina, ur maila handituko lukeela, eta horrek urtegia «ezegonkortu» egingo lukeela.

Hori guztia kontuan hartuta, ur maila ez aldatzeko gomendioa egin dute txostenean, eta, beraz, Esako urtegiko handitze eremua ez betetzea aholkatu dute, segurtasuna ez dagoelako bermaturik era horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.