Ikerketa batean ondorioztatu dute industriak produktu kimiko batzuen kalteak ezkutatu dituela

Urtebetez aritu dira ikerketan, eta presio taldeen manipulazioak argitaratu dituzte. PFAS kimikoen kutsadura garbitzeko bi bilioi euro beharko direla kalkulatu dute.

Eltze eta zartagin fabrika bat, Txinan, 2006an. KEVIN LEUNG / EFE
Eltze eta zartagin fabrika bat, Txinan, 2006an. KEVIN LEUNG / EFE
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 14a
17:00
Entzun

Gaur egun ukaezina da tabakoak osasunari kalte egiten diola, baina garai batean tabako industria bera saiatu zen kalte horiek ezkutatzen.  Tabakismoak zekarren kaltea frogatzen zuten ikerketak argitaratzen hasiak ziren, eta tabako industriak bere ikerketa lerro propioa bultzatu zuen kalterik ez zela zabaltzeko eta beren produktuak saltzen jarraitzeko. Beste hainbeste egin izan dute beste zenbait industriak; esaterako, argindarraren sektoreak XX. mendearen hasieran egin zuen halakorik AEBetan. Bada, 46 kazetarik eta hemezortzi adituk Forever Lobbying Project-ek eginiko ikerketa batean parte hartu dute urtebetez, eta ondorioztatu dute PFAS izeneko produktu kimikoak ekoizten dituen industriak zenbait ikerketa finantzatu dituela bere produktuen kalteak ezkutatzeko eta produktu horien erabilera mugatzeko asmoa duten legeen kontra egiteko.

Industria mota askotan erabiltzen diren produktu sintetikoak dira PFASak —substantzia perfluoroalkilatu eta polifluoroalkilatuak—, oso iraunkorrak dira eta ezabatzeko zailak, eta kaltegarriak dira osasunarentzat. Hori dela eta, hainbat herrialde eta nazioarteko erakunde, Europako Batasuna esaterako, produktu kimiko horien erabilera mugatzen saiatzen ari dira.

Europako Batasunean, esaterako, 2024ko irailetik debekatuta dago PFHxA substantzia erabiltzea, PFAS talde handiko kimikoetako bat; pizzen kartoizko kutxetan, zenbait produktu kosmetikotan eta arropa batzuen geruza iragazgaitzetan erabili ohi da PFHxA. Hala ere, beste industria batzuetan erabili ahalko dute: mikrotxipen sektorean, esaterako. 2024ko martxoan, Europar Kontseilua eta Europako Parlamentua ados jarri ziren PFASak debekatzeko jakien erabilera bakarreko ontzietan; izan ere, halakoetan elikagaiekin kontaktuan daude.

PFAS taldeko hainbat substantzia jada debekatuta daude herrialde askotan, baina Europako herrialde batzuek, zuhur jokatu, eta talde horretako beste zenbait produkturen erabilera ere mugatu nahi dute. Ikertu asmo dute substantzia horiek zer-nolako eragina duten osasunean, eta hori ez zaio gustatu industriari. 2023ko urtarrilean, Europako zenbait herrialdek —Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek, Norvegiak eta Suediak— PFAS taldeko substantzia kimiko guztien erabilera mugatzeko proposatu zioten Produktu Kimikoen eta Substantzien Europako Agentziari. Baina, Forever Lobbying Project-en ikerketaren arabera, ez dira soilik sektoreko enpresak aritu PFASen ospe txarra garbitzeko lanetan, hainbat erakunde ere aritu dira horretan: Plastics Europe, esaterako .

Ikertzaileek uste dute substantzia kimikoen eta plastikoen industriako presio taldeek eztabaida publikoa «kutsatu» egin dutela, eta, 14.000 dokumentu baino gehiago aztertu ostean, ondorioztatu dute PFASak benetan osasunerako kaltegarriak direla, eta industriak informazio hori ezkutatu duela. «Engainagarriak, alarmistak, gehiegizkoak edo potentzialki zantarrak: gure ikerketak erakusten du [industriaren] argudio gehienak enpresa-desinformazioaren eskuliburutik zuzenean ateratakoak direla».

PFASen kalteak

Fluor eta karbono atomo arteko lotura asko dituzten molekulak dira PFASak. Karbonoaren eta fluorraren artekoa naturan dagoen lotura kimiko indartsu eta hauskaitzena da; hori dela eta, desintegratzeko oso zailak dira, eta denbora asko irauten dute naturan eta organismoetan. Horrexegatik deitzen zaie forever chemicals: betirako substantzia kimikoak. Gainera, biometagarriak dira, hau da, izaki bizidunen ehunei erantsi eta metatuz joaten dira, haien kontzentrazioa handituz. Era berean, PFASak dituzten elikagaiak jaten dituzten bizidunek hori bera metatzen dute.

2 bilioi euro

PFASen kutsadura garbitzeko Europan egin beharreko inbertsioa. 50 profesional baina gehiago aritu dira lantaldean, eta, industriaren presioa ikertu ez ezik, kalkulatu dute ere datozen 20 urteetan Europan 2 bilioi euroko inbertsioa beharko litzatekeela PFASen kutsadura garbitzeko; urtero 100.000 milioi euroko inbertsioa da hori.

Hormonen egitura kimikoaren antz handia dute PFAS substantziek, eta horregatik dira hain kaltegarriak osasunerako. Desoreka handiak eragiten dituzte kimiko horiek hormona sisteman, eta horrek dozenaka gaixotasun eragiten ditu: besteak beste, antzutasuna, endometriosia, abortua, tiroideko arazoak, gibelari eta giltzurrunei kaltea, autismoa, sistema immunitarioaren asaldura eta mota ezberdinetako minbiziak.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, 4.700 substantzia kimiko baino gehiago daude PFASen taldean, eta, 1940ko hamarkadatik hona, oso erabiliak izan dira, elikaduraren industrian bereziki, beren ezaugarri hidrofoboengatik. Egunerokoan eta etxean erabiltzen diren zenbait produktutan daude: esaterako, plastikozko ontzi batzuetan, arropa batzuen geruza iragazgaitzetan eta zartaginen geruza itsasgaitzetan erabiltzen dira. Horrez gainera, ongarri sintetikoetan ere erabiltzen dira, baita eraikinak isolatzeko materialetan eta aire giroturako produktuetan ere.

Baina halako materialak erruz ekoizteak eta haien kudeaketa kaskarrak bide eman diote mundu osoan zabalduta egoteari. Horrez gainera, substantzia kimiko horiek denboran hainbeste irauten dutenez, mendietan aurkitu dituzte, itsasoan, arrainetan eta edateko uretan. Beraz, erraza  da jendea horrelako substantziekin kontaktuan jartzea eta, horren ondorioz, osasunari kalte egitea. Gainera, arazo handia da substantzia kimiko horiek desegin gabe denboran hainbeste irautea, eta ikerketan kalkulatu dute haien kutsadura garbitzeko hogei urtean bi bilioi euroko inbertsioa egin beharko lukeela Europak: urtero 100.000 milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.