Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ikerketa bat hasi du gaur, Gipuzkoako ikastetxe batzuetan intoxikazio kasuak izan ote diren argitzeko. Emandako informazioaren arabera, histaminak eragiten dituen sintomen baliokideak azaldu dira herrialdeko zenbait zentrotan. Alegia, hainbat haurrek eztarriko mina edo aznahia dutela adierazi dute eguerdiko otorduaren ondotik. Edonola ere, sintomak arinak direla nabarmendu du Osasun Sailak.
Kasuak aztertuko dituela azaldu du Jaurlaritzak. Halere, orain arteko hipotesi nagusiak dio haurrek eguerdian jandako atunak eragin duela ustezko intoxikazioa. Hala, ikerketaren helburua da zehaztea zehazki zein den intoxikazioaren sorburua. Baieztatuko balute intoxikazioa atunak eragina dela, produktua izan duten zentro guztiekin jarriko litzateke harremanetan Osasun Saila.
Elikagaiak manipulatzean garbitasunez ez aritzean agertzen da histamina; arrainari dagokionez, modu desegokian kontserbatzeagatik azaldu ohi da, denbora luzean tenperatura altuan gordeta edukitzeagatik, besteak beste. Gainera, produktua kozinatuta ere ez da desagertzen histamina.