Ikerketa, aitorpena eta erreparazioa da bidea, Behatokiaren eta TATen arabera

Abokatuek salatu dute Estrasburgok asteartean kaleratutako ebazpenak agerian utzi duela Espainiaren «borondaterik eza»

Oihan Ataun, Behatokiko eta Torturaren Aurkako Taldeko abokatuekin, atzo Bilbon eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Argia eta argigarria da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak asteartean kaleratutako ebazpena. «Espainiako Estatuan ez dago tortura eragozteko mekanismorik». Eta, beraz, ezta hura ikertzeko, aitortzeko eta erreparatzeko modurik ere. «Zigorgabetasunari ateak zabalduz». Irakurketa hori egin dute TAT Torturaren Aurkako Taldeak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, Beatriz Etxebarria eta Oihan Ataunen tortura salaketak ez ikertzeagatik Espainiako Estatua zigortzeko Estrasburgok asteartean kaleratu zuen ebazpena baloratzeko eginiko agerraldian.

«Torturaren biktimek, errekonozimendua eta aitorpena jaso beharrean, bazter batean jarraitzen dute, gaizki tratatuak», esan du Iratxe Urizar abokatu eta Behatokiko kideak. Harekin batera, agerraldian izan dira Oihan Ataun eta Beatriz Etxebarriaren senideak —preso da Etxebarria— eta Lorea Bilbao abokatu eta TATeko kidea; haien kasuak Estrasburgora eraman ditu Bilbaok. Ataun «oso pozik» azaldu da auzitegiaren ebazpenarekin, baina azaldu du sentsazio «gazi-gozoa» geratu zaiola, «arazoaren muinari» ez zaiolako heldu; alegia, auzitegiak ezin izan dituelako frogatu berak salatu zituen tratu txarrak.

Behatokiko eta TATeko kideak bat datoz horrekin, eta azaldu dute aurrerapausoa litzatekeela hori aitortzea, baina onartu dute gaur-gaurkoz horretarako zailtasun handiak dituela Estrasburgok, Espainiak hainbat traba eta oztopo jartzen dizkiolako ondorio horretara irits ez dadin.

Horren harira, azpimarratu dute nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde ugarik —Human Rights Watchek eta Amnesty Internationalek, adibidez—, Europako Kontseiluak, Tortura Prebentziorako Batzordeak eta Giza Eskubideen Auzitegiak salatu dutela Espainiak hainbat neurri erabiltzen dituela «tortura ahalbidetzen» dutenak —poliziek aukera izatea atxilotuak inkomunikatzeko, bereziki—, eta, horrez gain, behin eta berriz ohartarazi dutela Espainiako Justiziak ez dituela ikertzen biktimen salaketak. Hori hala, Behatokiko eta TATeko kideek ondorioztatu dute «nabarmen» geratzen ari dela hori; nazioartean badakitela Espainiak ez duela hartzen «torturaren prebentziorako neurririk» eta horrek ahalbidetzen dituela halako «praktika lazgarriak» eta horiek bultzatu eta egiten dituztenen «zigorgabetasuna».

Behatokiko eta TATeko kideek gogoratu dute Espainiak giza eskubideak babesteko hainbat ituneta akordio izenpetu dituen arren oraindik ez duela sortu torturaren prebentziorako batzorderik, eta salatu dute prebentziorako dauden mekanismoak «erabat hutsalak» direla. Azpimarratu dute berriki ikerketa independente batek Istanbulgo protokoloa ezarrita egiazkotasuna eman diela 45 tortura salaketari eta Espainiak ez duela urratsik egin horiek aitortu eta erreparatzeko.

Abokatuek azaldu dutenez, euskal gatazkarekin loturiko beste lau tortura kasu ditu esku artean Estrasburgoko Auzitegiak.

Gazteen auzia, adibide

Segiko kide izatea leporatuta asteotan Madrilen epaitzen ari diren 28 gazteen kasua ere azpimarratu dute, eta «torturaren praktikaren eredutzat» jo dute auzia. «Auzitegiak ontzat ematen ditu autoinkulpazioak, eta horretan oinarritzen dira inputazioak eta zigorrak. Autoinkulpazio horiek nola egin diren kritikatzen ari dira, hain zuzen ere, nazioarteko erakunde eta auzitegiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.