Ikergazte

Ikergazte kongresuaren V. aldia amaitu da, sari banaketarekin

Irabazleek 300 euro jasoko dituzte, aldizkari zientifiko batean idazteko aukera izanen dute, eta horietako harpidetza ere emanen diete

Ikergazte kongresuko V. edizioaren irabazleak. IKERGAZTE
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 19a
16:08
Entzun

Ikergazte kongresuaren V. aldia amaitu da gaur, sariak banatzeko ekitaldiarekin. Bost alorretako lan hoberenak hautatu dituzte; bakoitzak 300 euro jasoko ditu, aldizkari zientifiko batean idazteko aukera izanen dute, eta bertako harpidetza jasoko dute. Donostiako Udalak babestu ditu lan horiek. Udaleko ordezkari lanetan aritu da gaur Jon Insausti Euskara eta Kultura zinegotzia.

Ikusi gehiago:Hasi da V. Ikergazte, euskal ikerlari gazteen plaza eta topalekua

Giza zientzien alorrean, Mikel Perez Gonzalezek irabazi du, Kode alternantziaren erabilera euskara-gaztelania gazte elebidunengan lanarekin; gizarte zientzietakoa Sara Arruti Benitok jaso du, Genero ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz: bere integrazioa antolakuntza judizialean eta jurisdikzio funtzioan lanarekin; zientzia esparruan, Jone Amuategi Aulestiarte izan da garaile, Mintzeko kolesterola: bakterio-toxinen aspaldiko laguna ikerketarekin; osasun zientzietan, Naia Rosa Lopezek irabazi du, Kognitiboki hauskorrak diren pentsonengan narriadura kognitiboa eta dementzia prebenitzeko esku hartze kognitibo eta sozio emozional baten proposamena lanarekin; azkenik, ingeniaritzaren esparruan, Eneko Sotomayor Pego izan da garaile, Aerosorgailu flotagarrien kontrol tekniken garapena energia eolikoaren ekoizpena optimizatzeko izena duen lanarekin.

Udalbitza saria, berriz, Alaitz Uriarte Goikoetxeak irabazi du, Zaintzaren inguruko iruditegiak Zestoako Zaintza Ekosisteman ikerketa lanarengatik. 300 euroko saria jasoko du. Mikroaurkezpen onenen sariak, berriz, Irati Mendia Garciak eta Xabier Arraztoa Lazkanotegik jaso dituzte.

Ikusi gehiago:«Clariah-eus pertsonen, baliabideen eta tresnen sare bat izango da»

Aurtengoan 200 ikertzaile bildu direla adierazi dute antolatzaileek, eta horietatik 155ek beren lanak aurkeztu dituztela. Horiek guztiak argitaratu dira, «euskarazko produkzio zientifikoari bultzada adierazgarria emanez». Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak adierazi du kongresua «arrakastatsua» izan dela: «Edukiak benetan kalitate onekoak izan dira, eta aurkezpenak ere maila berekoak izan dira. Zorionak eman nahi dizkiet ikertzaile gazteei, beraiek izan direlako protagonista. Zaku bete esperientziarekin bueltatzea espero dugu: harreman eta proiektu berriekin». Hala, bi urte barru bertze aldi bat eginen dutela adierazi du: «UEUn ikerketa eta euskara aintzat hartuak izan daitezen lanean jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.