Ikerbasqueko ikertzaileek 45 miloi euro lortu zituzten iaz ikerketarako

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikerketa zientifikoak bideratzen dituen fundazioak iazko balantzea aurkeztu du. Urte amaieran 373 ikertzaile zituen.

Ikerbasqueko buruek 2023. urtearen balantzea aurkeztu dute gaur, Bilbon. IKERBASQUE
Ikerbasqueko buruek 2023. urtearen balantzea aurkeztu dute gaur, Bilbon. IKERBASQUE
marcos tedin
Bilbo
2024ko maiatzaren 9a
17:00
Entzun

Zientzia dirua ere bada. Ikerketa dirua ere bada. Eta zientzia eta ikerketa dirutan ere neurtzen dira, ikerketentzat dirua lortzeko gaitasunak baldintzatzen baitu, neurri handi batean, haien bideragarritasuna. Diru horrekin kontratatzen dituzte ikertzaileak, erosten dituzte azpiegiturak eta, oso garrantzitsua, lortzen dute ikertzeko denbora. Horregatik, Ikerbasqueko arduradunek gaur Bilbon egin duten balantzean, diru kopuru bat nabarmendu dute: Ikerbasqueko ikertzaileek 45.437.886 euro lortu zituzten iaz, 2022an baino bost milioi euro gehiago. Horietatik 28 milioi euro Europako Batasunetik lortu zituzten. 2007an Ikerbasque sortu zutenetik, 380 milioi euro lortu dituzte ikerketarako. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Zientziarako Euskal Fundazioa da Ikerbasque. Goi mailako ikertzaileen inguruan antolatu ditu ikerketa taldeak. Iazko urte amaieran 373 ikertzaile zituen, hiru kategoriatan banatuta: 191 ikertzaile egonkortu, hau da, ibilbide luzekoak eta ikerketa taldeen liderrak; 106 ikertzaile gazte, «ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen laguntzeko», eta 76 Associate Research. Iazko urte amaieran, 1.639 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

Ikertzaile horiek guztiek 1.222 proiektu garatu zituzten, 2022an baino 164 gehiago. Ikerbasquek nabarmendu du 23k jaso dutela ERC Europako Ikerketa Kontseiluaren dirua: «Hori da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa proiektuen sustapenari dagokionez».

Ikerbasque ez da salbuespena: ikertzaile gehienak gizonak dira. Zehazki, 373tik 265. Hau da, hamarretik zazpi. Helburuetako bat nazioarteko ikertzaileak erakartzea izan da, eta hala erakusten du ikertzaileen jatorriak: 35 herrialdetakoak dira, besteak beste Australia, Hego Korea, Argentina eta Kubakoak. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak ziurtatu duenez, Ikerbasqueko ikertzaileak munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira: MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck.

Ikerketa arloei dagokienez, aniztasun handia dago ikertzaileen artean: %46 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira; %25, medikuntza zientzietakoak; %15, ingeniaritza arlokoak; eta %14, giza eta gizarte zientzietako adituak.

datuak

45

miloi euro inguru lortu zituzten Ikerbasqueko ikertzaileek.

373

ikerlari zituen Ikerbasque fundazioak 2023. urtearen amaieran.

1.530

artikulu plazaratu zituzten Ikerbasqueko ikertzaileek 2023an, nazioarteko kualifikazio handiko argitalpenetan: 2022an baino %6 gehiago.

Aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikuluak dira ikertzaileen lanaren neurgailuetako bat, sistema horrek hainbat hutsune baditu ere. Ikerbasqueko ikertzaileek 1.530 artikulu argitaratu zituzten iaz, 2022an baino %6 gehiago. 

Urte honi begira, hamabi helburu jarri ditu Ikerbasquek. Haien artean: 9.000 ikerketa plazaratzea; ehun ikertzaile berri kontratatzea; Euskal Herriko 30 ikertzaile kontratatzea; kontratatutako hamar langiletik lau emakumeak izatea; eta Ikerbasqueko ikertzaileek 1.500 pertsona zuzentzea euren ikerketetan. 

Azpimarratutako ikerketak

Ikerbasqueko ikertzaileek 2023an egindako lau ikerketa azpimarratu ditu Cossio zuzendariak. Lehenengoak frogatu du hiriek ez dutela aprobetxatzen naturan oinarritutako soluzioek eskaintzen duten potentzial osoa. Ikerketa horretan BC3 Zentroko Marta Olazabal eta Unai Pascual ikertzaileek hartu zuten parte, eta Nature Sustainability aldizkarian argitaratu zen.

Nabarmendu duen bigarren ikerketa alzheimer gaixotasunari buruzkoa da. Achucarro zentroko Amaia Arranz Ikerbasqueko ikertzaileak hartu zuen parte nazioarteko lan horretan. Neuronen heriotza mekanismoa ikertu zuten, eta lortutako emaitzak ateak irekiko dizkio terapia edo sendagai berrien garapenari, Cossiok azaldu duenez.

Hirugarrena Balkanetako antzinako genomen inguruko ikerketa bat zen. EHUko Iñigo Olaldek zuzendu zuen, Biologia Ebolutiboko Institutuarekin eta Harvardeko Unibertsitatearekin batera. Balkanetako penintsularen lehen milurtekoko historia genomikoa lehen aldiz berreraiki zuten. Lana Cell aldizkarian argitaratu zuten.

Aipatutako azken ikerketa ateroskleriosiaren diagnostikoa hobetzeko lan bat izan zen. CIC Biomaguneko Jesus Jimenez Cabello eta Susana Carregal ikertzaileek kaltzio karbonatozko nanopartikula ultratxikiak diseinatu eta alderatu zituzten aterosklerosiko plakaren garapen faseari buruzko informazioa lortzeko. Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, lortutako emaitza lagungarria izan daiteke minbiziari aurre egiteko estrategia terapeutiko berriak garatzeko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.