Ikerbasquek 80 ikertzaile kontratatuko ditu 2028ra bitartean, gutxienez %40 emakumeak

Ongizate psikologikorako programak ezarriko dituzte Ikerbasqueko ikertzaileek lan egiten duten zentro guztietan.

Ikerbasquek emakume zientzialariei egindako omenaldia, iazko azaroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikerbasquek emakume zientzialariei egindako omenaldia, iazko azaroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko otsailaren 14a
15:00
Entzun

Nolakoa izango da Ikerbasque 2028an? 450 ikertzaile izango ditu, gaur egun baino 80 gehiago; 80 ikertzaile berri horietatik gutxienez %40 emakumeak izango dira; 2025-2028 bitartean, Ikerbasqueko ikertzaileek 200 milioi euro lortuko dituzte; 2.800 artikulu baino gehiago argitaratuko dituzte inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan; eta Ikerbasqueko ikertzaileek lan egiten duten zentro guztiek izango dute ongizate psikologikorako programa bat. Zientziarako Euskal Fundazioa da Ikerbasque.

Helburuak dira horiek guztiak. Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak gaur aurkeztu dituzte Ikerbasqueren 2025-2028 aldirako helburuak, BCAM matematika aplikatuen ikerketa zentroan, Bilbon. BERC ikerketa zentroen (Basque Excellence Research Center), CIC zentroen (Ikerketa Kooperatiboko Zentroak) eta osasun institutuen arduradunei aurkeztu dizkiete.

Perez Iglesiasek eta Cossiok esan diete Ikerbasquek erakundeei lagundu egin behar diela helburuak lortzen. Plan estrategikoaren funtsezko hiru eremuak gogoratu dituzte: ikerketa arloko talentua erakartzea eta profesionalki garatzea; Zientziaren Euskal Sistema indartzea; eta zientziak gizartean duen inpaktua areagotzea.

Euro bakoitzeko, bi lortu

Zehaztu dute Ikerbasquen inbertitutako euro bakoitzeko ikertzaileek ia bi lortzen dituztela ikerketa proiektuak finantzatzeko funtsetan. Zientzian eta ikerketan inbertitzeko dirua da. Aurreikuspenen arabera, 2028an 2.000 pertsonak lan egingo dute Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako ikerketa taldeetan.

Bi berritasun aipatu dituzte gaurko agerraldian: alde batetik, Ikerbasqueko ikertzaileek lan egiten duten zentro guztiek ongizate psikologikorako programa bat ezarriko dute 2028rako; bestetik, BERC eta CIC zentro guztiek herritarren artean zientzia sustatzeko estrategia bat izango dute.

Perez Iglesiasek arreta berezia jarri dio osasun mentalari. Haren esanetan, arazo psikologikoek beste sektore profesionaletakoei halako hiru edo lau eragiten diete ikerketaren sektorekoei, sektorearen presioagatik eta lehiakortasunagatik. Arazoa konpondu beharra dagoela uste du: «Norbaitek gustura lan egiten ez badu, oso zaila da lan ona egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.