Ikerbasquek 45 ikertzaile eta 47 milioi euro erakarri zituen iaz

Zientziarako fundazio horren arabera, iazkoa «urte sendoa» izan zen, eta «mugarri berria» ezarri zuen. AEBetako egoera «aukera» izan daiteke hango ikertzaileak erakartzeko edo han diharduten euskal ikertzaileak itzularazteko.

Ikerbasqueren arduradun eta ikertzaileak, 2024ko balantzearen aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ikerbasqueren arduradun eta ikertzaileak, 2024ko balantzearen aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko apirilaren 16a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte «sendoa» izan da 2024a Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioarentzat. 45 ikertzaile erakarri zituen, eta, horiei esker, 400 ikertzaileen langa gainditu du; zehazki, 402 profesional aritzen dira ikerkuntzan, aurreko urtean baino 29 gehiago. Ikertzaile horien proiektuek atzerrian lortutako diru baliabideei dagokienez ere «mugarria» ezarri zuen Ikerbasquek iaz: 47 milioi euro erakarri zituzten, aurreko urtean baino bi gehiago.

Iazko urteari dagokion balantzea aurkeztu du Ikerbasquek Bilbon, eta han agertzen dira aipatutako datu guztiak. Fundazioan diharduten 402 ikertzaile horietatik, 201 egonkortuak dira, hau da, eskarmentu handikoak eta ikerketa taldeak zuzentzen dituztenak; 112 gazteak dira, eta 89, berriz, research associate gisa sailkatuta daude, ikerketa taldeetan lan osagarriak egiten dituztenak. Talde horiek 1.553 artikulu argitaratu zituzten nazioarteko kualifikazio handiko argitalpenetan, aurreko urtean baino 23 gehiago.

Ikerketa talde horiek landutako 1.321 proiektuk kanpoko finantzaketa lortu zuten, eta horietatik 30ek ERC Europako Ikerketa Kontseiluaren diru baliabideak jaso zituzten. Ikerbasqueko buruek azaldu dutenez, asmo handiko ikerketa proiektuen sustapenean aritzen den Europako erakunderik ospetsuena da ERC. Iaz, 23 izan ziren erakunde horrek diruz sustatutako Ikerbasqueren proiektuak. Atzerritik iritsitako diru baliabide horiei esker, orotara 1.643 lagun aritu ziren lanean iaz.

Mundu osotik etorritako ikertzaileak aritzen dira lanean Ikerbasqueren babespean. Gehienak gizonezkoak dira, baina, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak esan duenez, «azkar» ari dira parekotasunera gerturatzen: 2023an, emakumeak %29 ziren, eta iaz, berriz, %32. Jakintza arloei dagokienez, %44 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira; %26, medikuntza zientzietakoak; %16, ingeniaritza arlokoak, eta %14, giza eta gizarte zientzietako adituak. Azken esparru horretan ekonomia, hizkuntzalaritza eta historia dira ikerketa lerro nagusiak.

AEBetako egoera

Donald Trumpek AEBetako presidentetza bigarrenez eskuratu zuenetik, asko okertu da egoera zientzialari eta ikertzaileentzat herrialde hartan. Jakintza arloetarako iragarritako murrizketez gain, zientziaren kontrako giroa hedatu da AEBetan, eta unibertsitate irakasle eta zientzialari zenbaitek atzerrirako bidea hartu dute, edo gogoeta egiten ari dira aukera horren inguruan. Cossiok esan du «hondamendia» dela AEBetan zientziaren arloan gertatzen ari dena: «Zientziaren eta ikerkuntzaren balio nagusiak kritikarako askatasuna, adierazpen askatasuna eta indarrean dauden teoriak zalantzan jartzeko ahalmena dira; AEBetan gertatzen ari dena balio horien kontra doa zuzen-zuzenean».

Gaur egun, AEBetan jaiotako zazpi ikertzaile daude Ikerbasquen, eta, orotara, AEBetako unibertsitate eta ikerketa zentroetatik iritsitakoak 43 dira, hau da, ikertzaile guztien %10 inguru. Cossiok uste du egoera berria dela-eta kopuru hori handitu daitekeela, eta %15era heldu.

Ikerbasquek 2025-2028 aldirako ezarritako plan estrategikoan badaude zenbait programa «atzerriko talentua erakarri, bertan dagoenari eutsi eta kanpoan dauden euskal ikertzaileen itzulera erraztea» xede dutenak. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Moraisek esan duenez, programa horiek «malguak» dira, eta aukera ematen dute egoera berrietara egokitzeko, «zientzia sustatzeko politiketan ezinbestekoa baita epe luzeko ikuspegia izatea». Hortaz, AEBetan sortutako egoera berria dela eta, horri erantzuteko ahalmena badutela pentsatzen dute.

427

milioi euro inguru erakarri du Ikerbasquek orotara hemezortzi urteko ibilbidean. 2007an sortu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek Zientziarako Euskal Fundazioa.

Zehazki, ikertzaile gazteak erakartzeko deialdia egina du Ikerbasquek, eta, horren harira, maiatzean bilera telematikoak antolatuko dituzte AEBetan diharduten zenbait ikertzailerekin. Bestalde, Basque Fellows izeneko programa bat ere badute, atzerrian dauden euskal ikertzaileak Euskal Herrira itzul daitezela errazteko. Moraisek esan duenez, duela gutxi New Yorken egon ziren, eta han harremanetan izan ziren AEBetan lanean ari diren dozena bat euskal ikertzailerekin; horietatik hiruk Euskal Herrira itzultzeko interesa agertu zuten.

Teknologia kuantikoa

Zientzia eta teknologia kuantikoen nazioarteko urtea da 2025a, eta hori nabaria da Ikerbasqueren jardunean ere. Aurrera begirako egitasmoen artean, zientzia kuantikoa garatzeko programek garrantzi handia izango dute, eta bereziki nabarmendu dute Donostian ezarri nahi duten ordenagailu kuantikoa, «jakintza arlo horri sekulako bultzada emango diona», Cossioren esanetan.

Reyes Calvo ikerlaria duela bederatzi hilabete hasi zen Ikerbasqueren abaroan lanean, eta material kuantikoekin aritzen da. Material horietatik oso lodiera txikiko xaflak ateratzen dituzte, eta, xafla horiek beste batzuen gainean jarriz, material horien ezaugarriak aldatzea lortzen dute: «Informazio gehiago biltzeko, sentsore eraginkorragoak lortzeko eta beste zenbait arlotarako erabil daitezke material horien ikerketan egiten ditugun aurrerakuntzak».

«adimen artifizialari esker, esperimentazioa bizkorragoa da»

June Ereño Orbea (Bilbo, 1985) CIC Biogune ikerketa zentroko ikertzailea da, eta biomedikuntzan aritzen da. 2019an hasi zen Ikerbasquen, doktoratu osteko ikertzaile gisa, eta iaz, ebaluazio bat pasatu ostean, research associate izendatu eta ikerketa talde baten buru jarri zuten.

Zein da zuen ikerketa arloa?
Maila molekularrean aztertzen dugu nola gure sistema immunologikoak detektatzen dituen minbizi zelulak, eta nola egiten duen haien aurka. Sistema immunologikoak erasoetatik babesten gaitu, minbizi zeluletatik adibidez, baina batzuetan hori ez da gertatzen, eta minbizi zelulek modua bilatzen dute babes horretatik ihes egiteko. Aztertu nahi dugu zergatik izaten den hori, eta molekula batzuk diseinatu babes hori berreskuratzeko.

Hortaz, zuen ikerkuntzek ekarpena egin dezakete minbiziaren kontrako borrokan?
Gure asmoa da aztertzea oraingo terapiek nola funtzionatzen duten maila molekularrean, horiek hobetzeko; baina, aldi berean, molekula berriak ere diseinatu nahi ditugu. Orain, adimen artifizialari esker, esperimentazioaren alde bat askoz bizkorrago egin dezakegu, eta teknika biokimikoak ere askoz azkarragoak dira. Asmoa da molekula batzuk aztertzea eta identifikatzea. Sendabide bat lortu arte beste fase batzuk daude; horiek alor klinikoan jorratu behar dira, eta Biogunen ezin ditugu egin, baina gure asmoa da patenteen bidez edo kolaborazioen bitartez horretara iristea.

Pentsatzekoa da molekulak aztertzeko oso tresneria sofistikatua erabiliko duzuela. Baduzue eskura teknologia aurreratu hori?
Bai. Gure zentroan baditugu inkubagailuak, RMN edo erresonantzia magnetiko nuklearra egiteko iman bereziak, X izpien bitartez molekulak aztertzeko tresneria, mikroskopio elektronikoak eta, oro har, biofisikan erabiltzen diren teknikak, biokimikan ere erabil daitezkeenak. Horretaz gainera, lankidetza hitzarmenak ditugu erietxeekin eta unibertsitateetako biofisika arloarekin. Oso harreman estua daukagu haiekin, eta, horri esker, CIC Biogunen ez dauzkagun tresnak han erabili ditzakegu. Falta duguna lankidetzaren bitartez lortu ahal dugu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.