Iker Olabarrieta euskal presoa aske geratu da gaur, zigor osoa bete ostean; horrela jakinarazi du Etxeratek ohar baten bidez. Olabarrieta bilbotarrak 20 urte egin ditu zenbait espetxetan, 2005eko martxoan atxilotu zutenetik. Gaur egun 47 urte ditu. 2023ko abenduan hirugarren gradua eman zioten, eta urtebete zeraman baldintzapeko askatasunean; hala agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren mendeko Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpen batek. Gaur, berriz, erabateko askatasuna berreskuratu du.
2022an, Logroñoko espetxetik Euskal Herriratu egin zuten Olabarrieta. Aurretik, 2021eko maiatzera arte, etxetik ia mila kilometrora egon zen preso, Sevillan, «oso baldintza gogorretan», Etxeratek azaldu duenez. Olabarrieta Donostiako Antigua auzoko etxebizitza batean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, 2005eko martxoan, Karmelo Lauzirika eta Igor Gonzalez Solarekin batera, ETAren «Donostia komandoko» kide izatea egotzita. Gonzalez Sola 2020ko irailean hilik aurkitu zuten Martuteneko bere ziegan.