Batu Elkarlaguntza Sareak eta Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak deituta, 40 bat lagun sartu dira Santander bankuak Bilbon duen egoitzan, eta han protesta egin dute, Galdakaon eta Basaurin (Bizkaia) bi familia etxegabetu nahi dituztela salatzeko. Zoruan eseri dira, espekulazioaren eta etxegabetzeen kontrako aldarriak egin dituzte, agiri bat irakurri dute, eta ikatza ere bota dute han. Ertzaintza iritsi denean kanpora atera dira.
Protesta egiten zutenen asmoa zen bankuaren ordezkari nagusiarekin hitz egitea eta harekin bilera bat egitea, Galdakaon eta Basaurin kaleratu behar dituzten familien egoeraren berri eman eta irtenbide bat negoziatzeko. Bankuaren ordezkariek ez dute bilera egiteko konpromisorik hartu, baina hara bildutakoek lortu dute egoitzako arduradunari idazki bat ematea.
Elkarlaguntza sarekoek eta sindikatukoek adierazi dutenez, Basaurin bikote bat eta haien 12 eta 16 urteko bi seme kaleratu nahi dituzte. Galdakaon, berriz, emakume bat eta 4 eta 8 urte bitarteko hiru seme-alaba daude etxetik kanporatuak izateko arriskuan. Santander bankua egiten dute egoeraren errudun: «Etxegabetzeak Global Pantelaria sozietatearen izenean bultzatzen ari dira. Global Pantelariaren aktiboen %20 Santander bankuarenak dira, eta %80, Cerberusenak. Horrexegatik, Santanderrek inplikazio zuzena du Global Pantelariaren izenean gauzatzen diren kaleratzeetan».
Haien iritziz, «ez da normala familia zaurgarriak kalean bizi behar izatea, bankuek eta putre funtsek milaka eta milaka etxe huts euren negozioetarako mantentzen dituzten bitartean».