Ikasturtea errepikatzea irakasleen esku utzi nahi du Frantziako Gobernuak

PISA txostenaren emaitzekin larrituta, hainbat neurri iragarri ditu Gabriel Attal Frantziako Hezkuntza ministroak. Frantsesean eta matematikan ikasleak mailaren arabera banatu nahi dituzte, ikasturte berean egon arren.

GABRIEL ATTAL
Gabriel Attal Frantziako Hezkuntza ministroa, artxiboko irudi batean. OLIVIER HOSLET / EFE
2023ko abenduaren 5a
19:15
Entzun

Frantzian ere PISA txostenaren emaitzak ez dira onak izan —Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago—; bereziki, matematiketan. Gabriel Attal Hezkuntza ministroak «historikotzat» jo du ikasgai horretako jaitsiera, eta, emaitzek larrituta, hainbat neurri iragarri ditu. Horietako batzuek, gainera, zeresana emango dute. Izan ere, ikasturtea errepikatzearen «tabua» eraitsi nahi du ministroak, eta horretarako, iragarri du 2024ko lehen hiruhilekoan dekretu bidez ezarriko duela irakasleek erabaki ahal izatea ikasle batek maila errepikatzen duen ala ez; orain arte gurasoek izan dute azken hitza.

Horrez gain, frantseseko eta matematikako ikasgaietan, ikasleak mailaren arabera sailkatuko dituzte, ikasturte berean egon arren. Kolegioko 5. eta 6. mailetan hiru talde osatu nahi dituzte, eta 2025etik aurrera 3. eta 4. mailetan ere aplikatuko dute neurria. Zailtasun gehien duten ikasleentzat «eskolatze egokitu» bat proposatuko dute: ikastordu gehiago egingo dituzte gai horietan, eta gutxiago besteetan. Matematika irakasteko, gainera, metodo pedagogiko berri bat abiatu nahi dute: Singapur metodoa.

Edonola ere, hezkuntza sistema osorik berraztertu nahi du Attalek: ama eskolako eta lehen mailako programak ere berritu nahi ditu. Horretarako, lantalde bat osatu du, «egiazko aurrerabiderako helburuak» zehazteko eta irakasleei horri lotutako «exijentziak» helarazteko, besteak beste. Era berean, eskola liburuak «labelizatuko» dituzte, adierazteko zeintzuek betetzen dituzten gobernuaren irizpideak.

Azkenik, brebeta erreformatzeko asmoa ere agertu du ministroak. Batetik, azterketa horrek pisu handiagoa hartuko du: notaren %50 da egun, eta %60 izatea nahi du Attalek; ebaluazio jarraitua, gainera, «nota errealetan» oinarrituko da, eta ez gaitasunen sisteman. Bestetik, brebeta gainditzea ezinbestekoa izanen da kolegiotik lizeora pasatzeko; lortu ezean, lizeorako prestatzeko eskola batera joan beharko dute ikasleek, ministroak aldaketa horiek gauzatuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.